Gipuzkoako Parke Zientifiko eta Teknologikoan egingo da 2017an “APTE elkartearen Nazioarteko Konferentzia”
Gipuzkoako parkeak jaso du “lekukoa” datorren urtean topaketa hori Donostian egiteko; Estatuko parke teknologiko guztietako ordezkariak elkartuko dira, baita tokiko erakundeetako, erakunde autonomikoetako zein Espainia eta Europa mailako erakundeetako eta enpresa eta unibertsitateetako ordezkariak eta berrikuntza-sistemako eragileak ere.
Gipuzkoako Parke Zientifiko eta Teknologikoan izango da 2017an “APTE elkartearen Nazioarteko Konferentziaren” XV. edizioaren egoitza. Granadako Osasun-zientzien Parke Teknologikoko arduradunen eskutik hartu dute konferentzia Donostian egiteko lekukoa, hiri horretan egin baita aste honetan bertan amaitu den aurtengo edizioa.
Espainiako Parke Zientifiko eta Teknologikoen Elkartea (APTE) irabazi asmorik gabeko elkartea da, eta bere helburu nagusia da, parke zientifiko eta teknologikoak indartu eta ezagutarazita, jarduera produktiboa, aurrerapen teknologikoa eta garapen ekonomikoa berritzen eta dibertsifikatzen laguntzea.
Bi egunez egiten da nazioarteko konferentzia, eta helburu nagusiak dira APTE elkarteko kideek, Espainiako I+G ekimenen eragile aktiboenak diren aldetik, duten garrantzia ezagutaraztea, gure eredu ekonomikoan aldaketa berriak egitea, eta IKT eta BIOIKT sektoreko balio erantsi handiko enpresa txiki eta ertainak lokalizatzea. Halaber, beste helburu bat da aliantza instituzionalak sortzea, ikusgarritasuna lortzeko eta “ahots” aktiboa edukitzeko, eraldaketa ekonomikoan funtsezkoak diren eragile batzuen beharra helarazi ahal izateko. Estatu zein nazioarte mailako parkeen arteko lankidetzarako espazio berriak ere bilatu nahi dira, espazio komun lehiakorragoak bilatzeko zereginean.
Gipuzkoako Parke Zientifiko eta Teknologikoa dagoeneko hasita dago lanean datorren urtean nazioarteko konferentzia antolatzeko eta 2017an Gipuzkoako hiriburua zientziaren eta teknologiaren nazioarteko gune bilakatzeko.