Gipuzkoako Parkeak Miramongo pasabide berria eman dio Donostiako Udalari

Donostiako alkate Eneko Goia eta Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasuneko sailburu Arantxa Tapia izan dira ekitaldiaren buru

200 metroko pasabide berriak Batzar Nagusien gunea Mikeletegi pasealekuarekin lotzen du, 12 metroko malda gainditzeko

Imagen pasarelaGaur goizean ofizialki inauguratu da Miramongo pasabidea, hiriko alkate Eneko Goiak, Arantxa Tapia sailburuak eta Euskal Parkeetako presidente José Miguel Corresek parte hartu duten ekitaldian.

Hala, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkeak azpiegitura berria “eman” dio Donostiako hiriari, 2003an erakunde biek sinatutako akordioaren esparruan. Parkeak konpromisoa hartu zuen Miramongo inguruetan hainbat urbanizazio-obra eta jarduera gauzatzeko, horiek guztiak 11.482.061 eurogatik.

Era berean, Parkeak eta Udalak –erakunde teknologikoaren bazkidea ere bada– izenpetutako hitzarmenari esker, Miramongo basoa egokitzeko lanak finantzatu ahal izan dira. Berriki ekin zaie obrei.

Hitzarmenaren oinarria, zeinaren arabera obrak gauzatu baitira, Udalak Parkeari 8 lurzati besterentzea zen. Horretarako, 10.000 m2 baino gehiagoko eraikigarritasun erantsia eskuratu zen zenbait lurzatitan.

Corten altzairuzko eta hormigoizko taulaz betetako arimadun habe bik osatzen dute pasabidearen egitura, eta zutabeek osaketa berbera dute. Gidalerro kurbatuak tarte longitudinal zuzenaren perspektiba eta aridotasuna leuntzen ditu; alboen opakutasunak, bestalde, segurtasuna eta babesa eskaintzen ditu haizearen aurrean. Albo batean, eskudelaren azpian, LED argiztapen-tira dago. Aipatzekoa da kontsumo baxuko eta mantentze-lan minimoko elementua lortzeko egindako ahalegina.

Pasabideak 200 metroko luzera eta 3 metroko zabalera librea duenez, oinezkoentzako zein bizikletentzako egokia da eta 12 metroko gehieneko malda gainditzen du, jabetza pribatuko hiri-parke batean. Bertako zuhaitzez gain, hala nola pagoak, haritzak eta gaztainondoak, eite handiko insignis pinuak ere badaude.

Eraikitze-lanak 2015eko azken hiruhilekoan hasi ziren eta lehiaketa publiko bidez esleitu zitzaizkion Miguel Imaz-Goros ABEEari, 555.000 euroren truke. Proiektu arkitektonikoa eta obra-zuzendaritza Hoz y Fontán Arquitectos enpresari esleitu zitzaizkien 39.000 eurogatik. Enpresak egindako memorian adierazten denez, “pasabideari esker Parkeak ibiltoki oroitarazlea du, orain arte ezagutzen ez zen begiratokia”, “ingurumen-balio eta balio paisajistiko handiko inguruan dago kokatuta, alegia, natura sakonak berezkoa duen inguru batean”.

Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkeak hiriari pasabidea lagatzearen ikur, metakrilatoz egindako erreplika eman dio Tapia sailburuak Eneko Goia alkateari.