Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkera helduko da nordic walking-a
Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkeak Miramongo Nordic Walking zirkuitua ezagutzera emango du, ekainaren 21ean egingo den inaugurazioan.
Laster jarriko da martxan Nordic Walking Gunea Donostia-Miramonen. Ekimen aitzindaria da, hiri handi bateko –hala nola Donostia– eraztun berdean kokatzen delako.
Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkeak denbora zeraman proiektuan murgiltzeko asmotan, Parkearen aisia-eskaintza zabaldu ahal izateko. Horrenbestez, modu ludikoan erabiliko dira jada dauden instalazioak, eta Parkea donostiarrengandik hurbilago egongo da. Donostia Miramongo Nordic Walking Gunearen seinaleztapen-azpiegiturak ingurua balioesten du, eta Teknologia Parkean lan egitearen alderik onena erakusten.
Hiru eragilek egindako lanari esker jaio da proiektua. Batetik, Teknologia Parkean egoitza duen Pernod Ricard nazioarteko enpresaren erantzukizun sozialaren bidez; bestetik, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkearen babesarekin, proiektuaren kudeatzaile aktibo baita, eta, azkenik, Donostiako Udalak emandako oniritziarekin, Miramon sustatu beharreko ingurua dela ulertu duelako.
Donostia Miramon Nordic Walking Gunea hiriko hegoaldeko ibarbidean dago. Parke zabala izaki, flora- eta fauna-espezie anitz ditu. Bide-sare handia du, harrizko harmailadun anfiteatroa eta atsedenguneak mahaiekin; garai batean sagardotegi izandako Katxola baserri eraberritua ere bertan dago. Parkearen hegaletan, gainera, baso-masa handia dago, errekastoen ondoan landaretza hazten da eta haranaren behealdean hezeguneak daude.
Informazio-gunea eta makilak maileguan hartzeko sistema egongo dira Gipuzkoako Parkeko eraikin nagusian, eta beste informazio-gune bi Anoetako eta Etxadiko polikiroldegietan, Kirol Udal Patronatuaren kudeaketan laguntzen duten erakundeak dira eta. Leku horietan, gainera, ibilbideen mapa xehatuak hartu ahalko dira.
Parkeko Nordic Walking zirkuituak zailtasun ezberdineko hainbat ibilbide ditu, jende guztiarentzat pentsatuak. Ibilbideok informazio-panel batean daude ikusgai. Informazio guztia Nordic Walking Guneen Sareko webgunean aurki daiteke: www.nordicwalkinggunea.net.
Ekimena abiarazi eta donostiarrei hurbilarazte aldera, nordic walkingaren hastapenei buruzko jarduera herrikoia antolatu da datorren iganderako (ekainak 21). Modu ludikoan taldekideei teknika erakusteaz gain, 4 km-ko ibilbidea egingo da, ikasitakoa praktikan jartzeko. Edonork parte har dezake ekintzan, ez dago saioi berezian egon beharrik. Hortaz, antolakuntzak kirol-modalitate berri, osasuntsu eta ikasteko zein praktikatzeko erraza ezagutzera animatzen ditu pertsona guztiak.
Doako jarduera izango da eta, gehienez, 200 lagunek parte hartu ahalko dute. Aldez aurretik eman behar da izena www.nordicwalkinggunea.net webgunean, nwgunea@nordicwalkinggunea.net helbidera idatziz, edo 945010948 telefonora deituz.
Nordic walking edo martxa nordikoak herrialde nordikoetan du jatorria eta iraupen-eskian oinarritzen da. Adin guztietako pertsonentzat egokia da, osasuna hobetu edo sasoian egon nahi dutenentzat, eta gastua minimoa da: makil bi eta arropa erosoa.
Nordic Walking Guneen Sarea 2012an abiarazi zenetik, 18 Udal eta Arabako Teknologia Parkea jada sareko kide dira.
Gure lurraldean, Arabako Parkea izan zen aurrendaria –Nordic Walking Gunea, Arabako Teknologi Parkea– eta Bizkaian lanean dihardute ekimena Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkera eramateko. Horrela, Euskadiko Parke Teknologikoen Sare osoraino hedatuko da.
Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkeren eraikin nagusian izango da topaketa (Mikeletegi pasealekua, 53). Bertara autoz edo autobusez joan daiteke, hirigunea Parkearekin lotzen duten lau lineetako bat hartuz.
Era berean, zenbait erakundeekiko lankidetzari esker, parte-hartzaileen artean opariak zozketatuko dira.
Informazioa eta izena ematea
https://sites.google.com/a/nordicwalkinggunea.net/web/eventos/evento-ptg