Guillermo Dorronsoro arituko da Ibermática-n, enpresak Euskadin duen estrategia indartzen

  • Konpainia teknologikoak iparraldeko eremuan duen ordezkaritzako zuzendaria izango da, Deusto Business School-eko dekano kargua amaitu ondoren
  • Euskadiko Parke Teknologikoen Sarea osatzen duten Parkeetan egoitza du Ibermática-k


untitledDatorren uztailetik aurrera, Guillermo Dorronsoro izango da Ibermática-k iparraldeko eremuan duen ordezkaritzako zuzendaria, Deusto Business School-eko dekano aritu ondoren. Sinatutako akordioaren arabera, batetik, enpresa teknologikoak Euskadin duen estrategia garatu beharko du Dorronsorok, Zuzendaritza Nagusiarekin batera; eta, bestetik, enpresaren merkataritza-jarduerari babesa eman beharko dio.

Guillermo Dorronsoro (1965) Ingeniaritza Industrialeko doktorea da Mekanika espezialitatean, Bilboko Industria Ingeniaritza eta Telekomunikazio Goi Eskola Teknikoaren eskutik. Horrez gain, Lurralde Antolamendu eta Hirigintzako masterra eskuratu zuen Valentziako Unibertsitate Politeknikoan. 2012etik orain arte, Deusto Business School-eko dekano aritu da, eta Deustuko Unibertsitatearekin lotura izaten jarraituko du. Izan ere, ekonomiarekin eta berrikuntzaren kudeaketarekin loturiko eskolak emango baititu bertan.

Gaur egun, presidente kargua du UNESCO Etxean, eta erakunde hauetako batzordekidea ere bada: Bilboko Burtsako Administrazio Kontseilua, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordea, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Ekintza, Lehiakortasunerako Euskal Institutua eta International Association of Jesuit Business School. Era berean, ALBOAN (GKE) patronatuko kidea eta MET Community-ko (Emakumea, Enpresa eta Teknologia) Nazioarteko Aholku Batzordeko kidea da.

Ibermática-n, bertako Zuzendaritza Nagusiarekin elkarlanean jardungo da Euskadin gauzatuko duten estrategia diseinatzen, bai eta merkataritza-garapenean ere, eragiketa estrategikoei babesa emanez. Erakundearen ordezkaria izango da lurraldeko inguru instituzional, akademiko eta enpresa-inguruetan; eta, gainera, Ibermática-k euskal merkatuko eragile gisa duen posizionamendua hobetzeko ekimenak bideratu eta koordinatuko ditu.

Lan-ibilbidea

Deusto Business School-eko dekanoa izan aurretik, enpresa pribatuan jardun zen Dorronsoro. Hasieran, teknologia berrien arloko aholkularitza estrategikoan aritu zen (Socintec/Indra, Accenture). Ondoren, zuzendaritza-karguak bete zituen energiaren (Iberdrola, Naturgas) eta teknologia berrien (IDE, Informática de Euskadi; Kutxabank-en eta Accenture-n arteko joint venturea) sektoreko enpresetan zein Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean (IK4 Research Alliance, Innobasque). Ekimen berrien sustapenarekin eta oinarri teknologikoko enpresen sorrerarekin loturik egon da beti.

Teknologia Energetikoen Garapenerako Euskal Fundazioko presidente (Enerlan) eta zerbitzu aurreratuetako hainbat sozietatetako administrari eta kontseilari ez ezik (Pridesa, Kristina Internet Business Solutions, Aesol, Cromion, Matikanet…), elkarlan publiko-pribatuko erakunde batzuetako gobernu-organoetako kidea ere izan da (Gaia, Bizkaiko Industria Ingeniarien Elkargoa…).