Hilario Murua AZTIko ikertzailea Indiako Ozeanoko Tunidoen Batzordearen (IOTC) Komite Zientifikoko lehendakari izendatu dute

Bizkaia

IOTCk Indiako Ozeanoko atunaren arrantza-tokiak kudeatzen ditu, batzorde horren Komite Zientifikoko aholkularitzarekin

Tunidoen eta antzeko espezieen populazioen azterlanen burua izango da euskal ikertzailea

Izendapen honek ere erakusten du AZTI munduko erreferentea dela tunidoen ikerketan

Hilario MuruaAZTI itsasoaren eta elikagaien berrikuntzan aditua den zentro teknologikoaren ikertzaileek nazioarteko aintzatespena jaso dute berriz ere, Indiako Ozeanoko Tunidoen Batzordearen Komite Zientifikoko (IOTC, ingelesezko sigla) lehendakari izendatu baitute Hilario Murua. Izendapen honekin, zentro teknologikoak beste urrats bat egin du tunidoen ikerketan munduko erreferente gisa duen posizionamenduan. Hilario Murua, gaur egun, AZTIren Baliabide Tunidoen Kudeaketa Arloko kidea da, eta doktorea zientzia biologikoetan.

Euskal zientzialariak Tsutomu “Tom” Nishida japoniarra ordezkatuko du karguan, eta IOTCren zientziari buruzko aholkularitza-organoaren burua izango da. Batzorde horrek Indiako Ozeanoko atunen arrantza-tokiak kudeatzen ditu. IOTCko kide diren herrialdeetako zientzialariek osatzen dute Komite Zientifikoa, eta tunidoen eta antzeko espezieen populazioen egoerari buruz aholku ematen diete, bai eta arrantza-toki bakoitzak populazio horietan duen eraginaren inguruan ere.

Hilario Murua izango dute buru IOCTko kide diren 30 herrialderen baino gehiagoren artean egiten duten ikerketa kooperatiboko ekintzek. Muruak gidatzen duen komite zientifikoaren helburu nagusietako bat da Indiako Ozeanoko tunidoen kontserbazioari, arrantza-antolamenduari eta baliabideen kudeaketari buruzko gomendioak proposatzea, oinarri zientifikoak abiapuntu izanik.

IOTCren Komite Zientifikoak espezie hauek aztertzen ditu: tunido tropikalak (atun hegal-horia, atuntxikia eta atun moja), ur epeletakoak (hegaluzea), atun neritikoak edo kostaldekoak, ezpata-arraina eta marlinak, eta 16 marrazo-espezie. Nazioarteko batzordea arduratzen da espezie horiek babesteaz eta zaintzeaz, eta harrapaketak arintzeaz. IOTCk bildutako datuen arabera, atunketari izoztaileen flotak harrapatzen dituen baliabideen artean, osasun-egoera onean daude atuntxiki eta atun mojen populazioak; atun hegal-horiaren (yellowfin) azken ebaluazioak erakutsi du, aldiz, populazio hori neurriz kanpo ustiatzen dela, eta, beraz, kudeaketa-neurriak hartu behar dira egoera bere onera ekartzeko. Bestalde, kostaldeko baliabideak, zeinak itsasertzeko herrialdeetako arrantza-toki tradizionaletan edo erdiindustrialetan ustiatzen baitira, neurriz kanpo ustiatzen dira, oro har.

Partekatu

Beste berri batzuk