Hiru euskal ikerketa-zentrok Severo Ochoa – María de Maeztu bikaintasun-egiaztapena jaso dute

Albisteak, Bizkaia, Gipuzkoa

Klima Aldaketa Ikerketa Zentroak (BC3) eta Biomaterialen Ikerketa Zentroak (CIC biomaGUNE) Estatuko Ikerketa Agentziaren egiaztapena jaso dute, María de Maeztu Bikaintasun Unitate gisa. Bestalde, Matematika Aplikatuko Euskal Zentroak (BCAM) Severo Ochoa Bikaintasun Zentro gisa aitortu dute

Egiaztapen horien bidez, beren arloan munduan onenen artean daudenak aitortzen dira; egiaztapenak nazioarteko zientzia-batzorde batek eginiko ebaluazio-prozesu zorrotz baten ondoren eman dira

Sariak banatzeko ekitaldia Madrilen izan da, eta, bertan, Pedro Duque Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitateetako jarduneko ministroa izan da

María José Sanz, Luis Liz Marzán eta José Antonio Lozano BC3, CIC biomaGUNE eta BCAM zentroetako zientzia-zuzendariek, hurrenez hurren, ekitaldian parte hartu dute, zentroen ordezkari gisa

Hiru zentroak Eusko Jaurlaritzak eta Ikerbasquek sustatzen dituzte

 

Klima Aldaketa Ikerketa Zentroko (BC3), Biomaterialen Ikerketa Zentroko (CIC biomaGUNE) eta Matematika Aplikatuko Euskal Zentroko (BCAM) arduradunak, atzo, Estatuko Ikerketa Agentziak ematen dituen Severo Ochoa eta María de Maeztu egiaztapenak banatzeko ekitaldian izan ziren. Ekitaldia Madrilen izan zen eta, bertan, Pedro Duque Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitateetako jarduneko ministroak, Ángeles Heras Unibertsitate, Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzako estatuko idazkariak eta Enrique Playán Estatuko Ikerketa Agentziako zuzendariak parte hartu zuten.

BC3 eta CiC biomaGUNE María de Maeztu Bikaintasun Unitate gisa aitortu dituzte; horren ondorioz, 2 milioi euroko finantzaketa izango dute datozen 4 urteotan. Bestalde, BCAMk Severo Ochoa Bikaintasun Zentroaren egiaztapena jaso du, eta 4 milioi euroko laguntza izango du, aldi bererako. Bi bereizgarri horien bidez, beren arloan munduan onenen artean dauden zentro gisa aitortzen dira, eta, ebaluazio horretan, nazioartean entzutetsuak diren nazioarteko ehun zientzialarik baino gehiagok parte hartzen dute.

“Deialdi honetan egiaztapena jaso duten 12 zentro eta unibertsitateen bereizgarria maila goreneko zientzia-ekoizpena da, eta herritarren hazkuntza ekonomikoari eta ongizatearen eta bizi-kalitatearen hobekuntzari ekarpen eredugarria egiten diete”, esan du Enrique Playán Estatuko Ikerketa Agentziako zuzendariak, ekitaldiaren irekieran. Bestalde, Pedro Duque ministroak deialdi honetan aitorpena jaso duten zentroen “nazioarteko lehiakortasuna” nabarmendu du, eta zorionak eman dizkie zentroei beren zientzia-lanagatik, bereziki egiaztapena bigarren aldiz lortu dutenei,

Saria jasotzean, María José Sanz BC3ko zientzia-zuzendariak zentroko ekipo osoak proposamena prestatzeko lanetan egin duen ekarpena nabarmendu du, eta esan du bereizgarri horri esker “transdiziplinarietatera jauzia eman eta gizartearekin eta gizartearentzako zientzia sor dezaketela”. Beste alde batetik, Luis Liz Marzán CIC biomaGUNEko zientzia-zuzendariak honako hau nabarmendu du: “saria kalitateko zigilua da, eta bikaintasun-maila jakina eskatzen du, bai ikerketan, bai kudeaketan, bai Zentroaren plan estrategikoaren zehaztapenean”. Azkenik, José Antonio Lozanok eskerrak eman ditu BCAMeko taldearen berotasunagatik eta proaktibotasunagatik, eta bigarren egiaztapen horren bidez zentroa “nazioarteko eremuan haratago” egotea nahi lukeela esan du.

BC3, CIC biomaGUNE eta BCAM zentroekin batera, deialdi honen hautaketan honako hauek ere badaude: Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiaren (CSIC) Instituto de Astrofísica de Andalucía (IAA), Instituto de Neurociencias de Alicante (IN), Centro Nacional de Biotecnología (CNB), Instituto Catalán de Nanociencias y Nanotecnología (ICN2), Balear Uharteetako Unibertsitateko Instituto de Física Interdisciplinar y Sistema Complejos (IFISC), Bartzelonako Unibertsitateko Instituto de Química Teórica y Computacional (IQTC), CSICen Instituto de Física de Cantabria (IFCA), CSICen eta Instituto Nacional de Técnica Aeroespacialen (INTA) Centro de Astrobiología (CAB) eta Bartzelonako Unibertsitateko Instituto de Neurociencias (UBNEURO).

Partekatu

Beste berri batzuk