Histocell bio-farmazia enpresak Euskadin fabrikatzearen aldeko apustua egin du, produkzio gunea inauguratuz
Lantegia, medikuntza birsortzailerako osasun produktuak egitera egongo da zuzenduta, eta Derion dagoen Bizkaiko Teknologia eta Zientzia Parkeko instalazioetan jadanik egiten dituen ikerketa eta garapen jarduerak osatuko ditu
Lantegi berrian egingo diren produktuek 6 milioi euroko salmentak eragingo dituzte 2021ean
Inaugurazio ekitaldian Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailburua, Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburua eta Iñigo Gaztelu Larrabetzuko alkatea egon dira, eta Histocell‐eko eta NorayBio Taldeko arduradunekin bisitatu dituzte instalazioak
NorayBio Taldearen barruan dagoen Histocell euskal biofarmazia enpresak, medikuntza birsortzailerako osasun produktuak egitera zuzenduta egongo den produkzio gunea inauguratu du gaur goizean Larrabetzun. 1,6 milioi euroko inbertsioa eskatu duen lantegiak 10 lanpostu sortuko ditu hasiera batean, eta 30 inguru hurrengo urteetan, eta argi eta garbi erakusten du enpresak bere ikerketa eta produkzio jarduerak Euskadin gauzatzeko egin duen apustua. Inaugurazio ekitaldian alderdi hori azpimarratu dute Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailburuak eta Iñigo Gaztelu Larrabetzuko alkateak. Agintari horiek Julio Font eta Marta Acilu Histocell‐eko Zuzendari Nagusiarekin eta Zuzendariordearekin bisitatu dituzte instalazioak. Denak bat etorri dira “ziklo osoa, laborategietako ikerketatik bere produktuak merkaturatzera, produkziotik igaroz, egiten duen enpresaren izaera berritzailea” azpimarratzeko orduan. “Horretarako hau bezalako lantegiak altxatzen ditu. Eta dena Euskaditik egiten du, hemen garatutako bere teknologia eta patenteak erabiliz”.
Produkziorako lantegi berriak, Derion dagoen Bizkaiko Teknologia eta Zientzia Parkeko instalazioetan enpresak aurretik duen eta Agencia Española del Medicamento izenekoaren akreditazioa duen areto zuriari gehituko zaio. Azken horretan, Histocell‐ek, ama zelulatan oinarritutako terapia zelularreko botikak ekoizten jarraituko du. Botika horiek fase klinikoan daude gaur egun Espainiako hainbat ospitaletan, eta lehenengo pazienteekin egindako tratamenduek itxaropenez betetako emaitzak eman dituzte.
Larrabetzun, sendatzeko zailak diren zaurien tratamendurako Reoxcare linean eta Wharton Gel Complex eta Histoessence produktu dermo‐kosmetikoetan zentratuko da produkzioa. Zenbait banaketa akordioren bitartez dagoeneko Europan, Ameriketan, Asian eta Ekialdean komertzializatzen den Reoxcareren bezeroen artean Osakidetza dago. Nazioarte mailan parekorik ez duen apositu berritzailea da, jatorri naturaleko osagaiekin egindakoa, eta beste tratamendu konbentzional batzuek porrot egin duten lekuan, zauri konplexuen sendaketan, bere balio diferentziala argi eta garbi erakutsi du. Histocell‐en aurreikuspenen arabera, 100.000 apositu unitate ekoiztuko ditu Larrabetzuko lantegi berrian, eta Wharton Gel Complex osagai kosmetikoaren 400 kilogramo eta Histoessence 200.000 bial inguru egitea aurreikusten da. Guztira, konpainiak aurreikusten duenez, instalazio berrietan egindako produktuek 6 milioi euroko salmentak eragingo dituzte 2021ean.
Kapital handitzea, Japoniako inbertsio funts batekin
Inaugurazioa ez da bio‐farmazia enpresak aurten izan duen gertakari garrantzitsu bakarra. Konpainiak kapital handitze garrantzitsua ere egin du, medikuntza birsortzailean eta terapia zelularrean espezializatutako Japoniako Cell Innovation Partners inbertsio funtsaren sarrerarekin. Funts horren bazkide nagusiak Japoniako Reprocell enpresa eta Shinsei bankua dira. Funts horrek Estatu osoko bio‐farmazia enpresa batean egiten duen lehenengo inbertsioa da. Inbertsio txanda horretan Histocell‐en egungo bazkide nagusiek ere hartu dute parte.
Histocell‐ek bere Larrabetzuko produkzio zentro berria martxan jartzeko beharrezkoa den inbertsioari ekin dio, Bizkaiko Foru Aldundiak berrikuntzari, nazioartekotzeari eta inbertsioari laguntza integrala emateko 3i programaren, eta oinarri teknologikoa duten enpresa txiki eta ertain berritzaileen sorkuntza eta garapena bultzatzera zuzendutako Eusko Jaurlaritzaren Gauzatu programaren laguntzarekin.
Histocell‐i buruz
Histocell, medikuntza birsortzailerako eta terapia zelularrerako botiken eta osasun produktuen garapenean zentratutako bio‐farmazia enpresa da. Oso espezializazio maila altua duten 25 langile eta terapia zelularreko botikak egiteko Agencia Española del Medicamento izenekoak baimendutako instalazioak ditu.
Bere programa nagusien artean hauek azpimarratu behar dira:
– HC016 plataforma zelular jabean oinarritutako terapia zelularreko botiken garapena, estres oxidatiboaren bitarteko gaixotasunen (muin lesio akutua, birika gaixotasun akutua edo beheko gorputz‐adarretako iskemia kritikoa) tratamendurako, eta Bonecure, hezurraren birsorkuntzarako. Bi botikek hasi dituzte jadanik pazienteekin egiten diren I/II. faseko entsegu klinikoak.
– Patente bitartez babestutako osasun produktuen garapena, zenbait gaixotasun tratatzeko, ultzera kronikoak, hezurren eta kartilagoen akatsak, ahoko mukosako lesioak…
– Aurpegiko eta ileko kosmetikarako osagaiak eta osasun produktuak.
– Terapia zelularreko produktuen GMP produkzioa beste batzuentzat.
NorayBio Taldeari buruz
NorayBio enpresa taldea 2006an sortu zen, bere egiturapean nazioarteko bokazio argia zuten euskal enpresa bioteknologiko berritzaileak elkartzeko xedez. Julio Font eta Marta Acilu ekintzaileek sortutako taldeak Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean dauden bio‐zientzien alorreko hiru enpresa barne hartzen ditu: Noray Bioinformatics, Histocell eta ArtinVet.