Ia 200 enpresa izango dira aste honetan I+G-ko eta energia eraginkortasuneko proiektuak finantzatzeko tresnari buruzko informazio saioetan
Bizkaiko 100 enpresak, Gipuzkoako 52k eta Arabako 42k hartuko dute parte lurraldearen lehiakortasuna hobetuko duten produktu eta zerbitzu berriak bilatzearen alde Eusko Jaurlaritzak egin duen apustua sendotzen duen tresna berri honen helburu eta prozeduren berri enpresei eta eragileei emateko jardunaldi horietan
Lehenengo saioa Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean egingo da datorren asteazkenean, hilaren 25ean, eta bertan izango dira Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapia eta Ogasun eta Ekonomiako sailburu Pedro Azpiazu. Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Teknologia eta Estrategiako Zuzendaritzako programen arduraduna den Luis Manuel Cañizaresek eta Finantzen Euskal Institutuko zuzendari Josu Garayk azalduko dituzte tresnaren xedeak, prozedura eta finantzaketaren baldintzak.
Bigarren saioa Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean egingo da ostegunean, hilaren 26an, eta ostiralean, berriz, Arabakoan egingo da saioa, biak goizeko 9:00etan izango dira.