Ibermáticak asmo handiko proiektu batean parte hartu du Peruko landa-eremuetan Interneta jartzeko

Bizkaia

  • Telefónicarekin batera gauzatu dira Limatik Latinoamerika osorako banda zabaleko konektibitatea bermatzen duten antenen mantentze-lanak

Ibermatica_AmazonasIbermática Perú-k parte hartu du herrialde andetarrean inoiz gauzatu den proiektu teknologikorik handienean. Googlek eta SES operadoreak –bigarren satelite-hornitzailea munduan, biztanleen %99ra heltzeko gai diren 50 satelite baino gehiagorekin– osatzen duten O3b Networks enpresak duela hilabete batzuk inauguratu zuen Lurreko Estazio Satelital berria, munduan duen laugarrena. Telefónicak Lurínen (Limako Hegoaldean) dituen lursailetan kokatzen da estazioa, eta bertan hiru antena ipini dira, herrialdeko landa-eremuei banda zabaleko konektibitatea helarazteko. Antena horiek duten irismena, baina, ia Latinoamerika osora heltzen da. Ibermáticak antenen azpiegituraren mantentze-lanak hartu ditu bere gain.

20 milioi dolar inguruko hasierako inbertsioarekin, Interneta, perutar guztientzat egitasmoari esker, landa-inguruneetako eta Peruko mugaldeetako komunitateek Interneterako sarbidea dute, orain arte ez zuten-eta. Hala, satelite bidezko banda zabaleko konexioek eskainitako abiadura izan dezakete, kostu baxuekin (eta eskualde horietan kablerik sartu beharrik gabe). Gainera, Karibeko, Erdialdeko Amerikako eta Amazonaseko hainbat eremuk ere onura atera diezaiokete zerbitzu horri.

03b Networks enpresak Limako hegoaldean instalatutako Lurreko Estazio Satelital berriak ahalbidetu du hori guztia, ia Latinoamerika osora helduko diren hiru antena satelitalen bidez. Telefónicak Luríneko barrutian dituen instalazioetan kokatzen da estazioa, eta Ibermática Perú arduratzen da antenen azpiegitura mantentzeaz, bai eta O3b enpresaren IP sarbidea helarazteaz ere Telefónicako sarearen bidez.

Hortaz, azpiegitura gauzatzerako orduan, Ibermática da O3b-ren begiak eta eskuak, eta, antenetan arazo fisikorik egonez gero, arazoa in situ aurkitu, diagnostikatu eta konpontzen du. Teknikoki, zeregin horiek honela laburbil daitezke: ekipoen arteko konexioen berrikuspena eta aldaketa, energia-zikloak, eta arazo fisikoen konponketa lekuan bertan.

Peruko presidentearen bisita

Peruko presidente Ollanta Humala Tassok proiektuaren inaugurazio-zeremonian parte hartu zuen, eta Ibermáticak herrialde horretan duen taldea bertan egon zen ere bai. Estatuko buruak bere hitzaldian zehaztu zuenez, “hain zuzen ere, gizarteratze-politikaren barruan jasotzen da ekimena. Konektibitatea ez delako trenbide, errepide eta zubiei esker bakarrik heltzen, baita Internet bidez ere”.

Bestalde, bere iritziz, garapenerako kalitatea hobetzeko aukera ematen du egitasmoak, banda zabaleko zuntz optikoa erabiltzen baitu. “Uste dugu, garapena egon dadin, beharrezkoa dela oraindik produktiboki merkatu nazionalaren barruan ez dauden milioika perutar erakartzea”.

Zuntz optikoa airean ezartzeko ahalmen oso handia duen Ka banda erabiltzen du zerbitzuak. Horrela, abiadura areagotu daiteke, erabiltzaile gehiagora heldu, eta prezioak %60 murrizten dira, satelite bidezko Internetaren merkatuan dauden egungo prezioekin alderatuta. Estazioak euskarri eragilea eta operazio goiztiarrak ere eskaini ez ezik, gateway gisa ere erabil daiteke bezeroentzako zerbitzuetan.

Partekatu

Beste berri batzuk