IDEO, Greenpeace, U2, Sony eta Google-k berrikuntza praktikatuko dute Business Global Conference+i Biltzarrean

Azaroaren 11n ospatuko da BGC+i Biltzarraren zortzigarren edizioa Bilboko Euskalduna Jauregian. Biltzarrari hasiera emango dion IDEO enpresa munduko berritzaileenetako bat da Business Week eta Fast Company-ren rankingen arabera. IDEOko zuzendari nagusi den Tom Kelley lehenengoz dator Euskadira nola berritu azaltzera. Era berean, The Ten Faces of Innovation liburuaren egileak berrikuntzaren ikuspuntu antropologiko bat eskainiko du eta azalduko du bere esperientziari esker zehaztu ahal izan dituela edozein jarduera eremutako berritzaileek dituzten ezaugarri komunak.

Kelly lehen executive fellow izendatu zuten Berkeley-ko Unibertsitateko Haas School of Business-en eta Kellogg Award for distinguised Innovation Leadership saria irabazi zuen (Northwestern University, AEB) 2009an bere berrikuntzarako eta lidergorako gaitasunagatik. Kellyk berrikuntzako mundu osoko erreferente handienetako bat bihurtu du IDEO eta, han bildu duen esperientzia kontatzeaz gain, gako praktiko batzuk eskainiko ditu berrikuntza kudeatzeko eta bertan diharduten agente guztiak aktiboki inplikatzeko.

Dublingo U2 rock taldearen magia ere presente egongo da BGC+i biltzarraren edizio honetan. Eta horiekin batera, zenbait sektoretako erakunde eta enpresek beren kasu praktikoak azalduko dituzte eta esango digute zer egin duten beren enpresak hain berritzaile bihurtzeko.

Apple, Sony, L’oreal, La Coctelera, 12designer edo Webjam-ek ere praktika berritzaileak azalduko dituzte, hala nola, “coolhunting”a (joera-ehiztariak), “crowdsourcing”a (kontsumitzailearen parte-hartzea), eta sarean egindako berrikuntza eta berrikuntza kolaboratiboa sustatzen duten dinamika berri guztiak.

Biltzarra mahai-inguru batekin itxiko da. Mahai-inguruan gizarte eta enpresa berrikuntzari buruz hausnartuko da eta bertan parte hartuko dute Greenpeace eta Google-k, besteak beste. Azken hausnarketa horretan, garapen ekonomikoa eta iraunkortasuna ekarriko duten ekintza eredu berriak, sinergiak eta negozio eremu berriak bilatuko dira.
Urteroko topaketa honen sustatzaile eta antolatzaileak dira Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila, Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua (SPRI), Espainiako Elektronika, Informazio Teknologia eta Telekomunikazio Enpresen Elkartea (AETIC) eta Euskadiko Telekomunikazioen Kluster Elkartea (GAIA). 500 lagun baino gehiago bilduko dira biltzarrean.

Biltzarrera joan nahi dutenek www.ibgconference.com web orrian eman dezakete izena.