Idiazabal Gazta ekoizteko aukera jasangarri moduan koltzaren erabilera proposatzen duen proiektu bat saritu dute, eta NEIKER-Tecnaliak bertan parte hartu du

Bizkaia

TURTOLIO proiektuan parte hartzen dute, halaber, Kerixara gaztandegiak –liderra da–, Kerizara Agroturismoak eta NSG-Noemi Salazar Gomezek

Animalien elikaduran koltza irina erabiltzea sustatzen du, nazioarteko merkatuekiko menpekotasuna murrizteko eta dietaren barruan bertako lehengaiak erabiltzea bultzatzeko

Egitasmoak Nekazaritza Berrikuntzaren saria bereganatu du

Campo COLZATURTOLIO proiektuak koltzaren erabilera integrala bultzatzen du Idiazabal JDBko gazta ekoizteko alternatiba jasangarri moduan, eta Nekazaritza Berrikuntzaren saria bereganatu du, gaur Madrilen egin den ekitaldian, “Innagrotables” I. Foroaren esparruan.

TURTOLIO garatu duen talde operatiboko kideak dira NEIKER-Tecnalia, Kerixara Gaztandegia, Kerizara Agroturismoa eta NSG-Noemi Salazar Gomez, eta Eusko Jaurlaritzaren lehen sektorearen lehiakortasuna eta iraunkortasuna hobetzeko Lankidetza eta Berrikuntza proiektuen barruan kokatzen da, animaliak elikatzeko lehengaien ikuspegitik, zein energia berriztagarrien ikuspegitik.

Koltza Arabako laboreen errotazioan orain dela ia hiru hamarkadatik hona integratzen ari den laborea da, gehienbat zereala, patata eta erremolatxa lantzen diren ingurune batean. Hazi oleaginoso hori prentsatzen denean koltza irin koipetsua lortzen da –animaliak elikatzeko balio du–, baita olioa ere, erregai moduan erabil daitekeena. Landare olio hori galdaretan erregai moduan erabiltzeak aukera ematen du lehen sektoreko agenteek bertan ekoitzitako bioerregaiak erabiltzeko, eta erabilera horretarako aukera iraunkorra izan daiteke. Aldi berean, koltza irinak kalitate nutritibo handia dauka animaliak elikatzeko, eta hori erabiliz nazioarteko merkatuetatik datozen beste osagaiekiko menpekotasuna murriztu daiteke, bertako lehengaien erabilera sustatuz.

TURTOLIO proiektuak lankidetza bultzatzen du, eta berrikuntzaren kultura sustatzen du latxa arrazako esne ardien hazkunde iraunkor eta integratzailerako, Idiazabal JDBaren peko artisau gazta landuz. Egindako lanari esker autokontsumoa, autosufizientzia eta ekonomia zirkular eta lokala sustatzea lortu du. Aldi berean, proiektuak agerian jarri du latxa ardien ustiategien efizientzia energetikoa handitu eta Idiazabal JDB gaztaren karbono aztarna murriztu dela. Horrekin guztiarekin latxa ardien ustiategien iraunkortasuna eta lehiakortasuna handitzea nahi da.

NEIKER-Tecnalia

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko erakunde publikoa den NEIKER-Tecnalia Ikerketa eta Garapen Teknologikorako Euskal Institutuak ezagutza eta soluzio berritzaileak eta transferigarriak garatzen ditu, nekazaritzako elikaduraren sektoreari balioa emateko eta bere lehiakortasuna hobetzeko, ingurumena errespetatzeko irizpideekin, gaur egungo zein etorkizuneko iraunkortasuna segurtatzeko, eta gure ingurunearen garapen ekonomiko eta sozialean aktiboki lagunduz. www.neiker.eus

Partekatu

Beste berri batzuk