IK4 Aliantzak eta Eusko Jaurlaritzak hitzarmen bat sinatu dute berrikuntza eta garapen teknologikoa sustatzeko

Bizkaia

 Akordio horri esker, lankidetzan jarduteko esparru egonkorra sortzen da eta Administrazioak IK4 Aliantzaren gobernu-organoetan parte hartzeko aukera du, IK4ren zazpi zentroak sartu ostean.

 Eusko Jaurlaritzak erreferentziazko Agente Teknologikotzat hartu du Aliantza Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarearen barruan.

Bernabé Unda Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuak hitzarmen bat sinatu du, gaur, Rafael Barrenechea IK4 Research Alliance erakundearen presidentearekin, berrikuntza eta garapen teknologikoa Euskadin sustatzeko. Akordio horrek bi alderdien arteko lankidetza-esparru egonkor bat hartzen du barnean, bi berrikuntza nabarmenetan zehazten dena. Alde batetik, aukera ematen da IK4 Aliantzak erabakiak hartzerakoan, Administrazioak parte har dezan Bestetik, Eusko Jaurlaritzak erreferentziazko Agente Teknologikotzat hartzen du Aliantza Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarearen barruan. Akordio hori sinatu da IK4 Aliantza osatzen duten zazpi zentroen (CEIT, Cidetec, Gaiker, Ideko, Ikerlan, Tekniker, Vicomtech, eta 2010 urtean zehar LORTEK-ek ere bat egingo du Aliantzarekin) gobernantza komunerako sistema berri batean sartzeko prozesuaren ondoren, amaitu berria den prozesuaren ondoren.
Eusko Jaurlaritzak akordio horren bitartez aitortu du IK4 Research Alliance erakundean elkartu diren zentro teknologikoek azken urte hauetan ahalegin handia egin dutela beren azpiegitura teknologikoak –teknologia erakartzera, sortzera eta transferitzera bideratuta daudenak– Euskadiko enpresa-sarean ezartzeko eta hara egokitzeko.

Era berean, hitzarmen horretan biltzen da IK4 Aliantzak Euskal Autonomia Erkidegoko industria garatzen lagunduko duela; izan ere, ikerketa aplikatuaren, garapen teknologikoaren eta berrikuntzaren bitartez euskal enpresak etengabe egokituta egongo dira lehiakortasun-eskakizunetara ingurune globalizatu batean.

Hitzarmen horrekin urrats bat egin nahi da giza baliabideak, bitarteko teknikoak eta ikerketa-ildoak epe ertainera planifikatzea ahalbidetuko duen esparru egonkorra lortzeko; hori guztia koordinatuta egoteaz gain, bikaintasunekoa den berrikuntza-sistema batean, ikerketen finantziazio egokia eta behar bezalakoa bermatuko duen sisteman, alegia.

Akordio horren bitartez, IK4k lortutako “heldutasuna” aitortzen da, baita “euskal enpresa-sektorearen aliatu estrategiko” gisa duen zeregina ere. Ildo horretatik, Eusko Jaurlaritzak eta Aliantza teknologikoak elkarrenganako eskakizunak dituzte beren jarduera emaitzak lortzera bideratzeko.

Horretaz gain, aurreikusi da Aliantzako estatutuak aldatzea, eta, era horretan, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak Aliantzaren gobernu-organoetan parte hartuko du. Zehazki, akordioan azaltzen da gobernantza-eredu korporatibo bat ezarriko dela, eta eredu horrek IK4ren izaera pribatuari eutsiko dio, baina, era berean, Administrazio Publikoek antolaketa berriaren diseinuan, eta garapenean parte hartu ahal izango dute. Erakundeek Aliantzaren gobernu-organoetan izango duten ordezkaritza % 25 izango da gutxienez, eta horietatik Eusko Jaurlaritzak gehiengo osoa izango du.

Horretaz gain, IK4k Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren berrespenaren menpe utziko ditu haren antolaketari buruzko erabaki garrantzitsuenak, hala nola zuzendarien izendapenak edo estatutuen aldaketak.

Bestalde, Sailak erreferentziazko Agente Teknologikotzat hartuko du IK4 I+G+Bko politika eta estrategia garatzeko. Halaber, Eusko Jaurlaritzak finantziazio pribatu/publikoko eredu orekatua sustatuko du, korporazio teknologikoak finantzatzeko Europako ereduei jarraiki. Horretarako, laguntza-programak aplikatuko ditu, eta programa horiekin IK4ri lagunduko dio bere ahalmen teknologikoak garatzen, lortutako emaitzen arabera. Eredu-esparru honen helburua IK4 Aliantzaren finkatutako I+G+Baren % 25eko oinarrizko finantziazio egonkorra lortzea da.

Hitzarmen honen indarraldia gaur hasiko da eta Eusko Jaurlaritzaren Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Planak irauten duen denbora arteko iraupena izango du.

IK4 Aliantza Teknologikoak, gaur egun Euskadiko zazpi zentro teknologikok (CEIT, CIDETEC, GAIKER, IDEKO, IKERLAN, TEKNIKER eta VICOMTECH, LORTEK bat egite prozesuan dagoelarik) osatzen dutenak, 80 M €-tik gorako diru-sarrerak izan zituen I+G+Ban 2009an. Gaur egun, IK4n 1.250 profesionalek baino gehiagok lan egiten dute eta zortzi unitate zientifiko/teknologikoren inguruan gauzatzen du bere jarduera: Bioteknologia eta Biomaterialak, Mikro eta Nanoteknologia, Ingurumena eta Birziklapena, Energia, Kudeaketa eta Industria Produkzioa, Mekatronika, Komunikazioa, Materialak eta Prozesuak, eta Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak.

Espezializazio horri esker, enpresen partner teknologiko gisa ager daiteke, edozein proiektu motari ekiteko aplikazio-sektore askotan. Horregatik, IK4 erreferente bat ere bada Europako, Espainiako eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioek bultzatzen dituzten ikerketa-proiektuetan parte hartzeko.

Partekatu

Beste berri batzuk