IK4-IKERLANek bere ahalmenak aurkeztuko ditu sistema txertatuen gainean Europan egiten den azokarik garrantzitsuenean

Araba

Embedded world 2015 azokan parte hartuko du, Nurembergen (Alemania), bihartik ostegunera bitartean

IK4-IKERLAN aplikazio kritikoetarako fidagarritasun handiko sistema elektronikoen garapenaren erreferentzia da nazioartean

Garraioaren, industriako ekipo ondasunen, energia eolikoaren eta jasokuntzaren sektoreekin lotura duten hainbat garapen erakutsiko ditu

ik4-ikerlanIK4-IKERLAN sistema txertatuen alorrean Europan egiten den ekitaldirik garrantzitsuenean egongo da presente: Embedded World 2015 azokan, Nurembergen (Alemania), otsailaren 24tik 26ra bitartean. Euskal teknologia zentroak arlo horretan dituen gaitasunak erakutsiko ditu bertan, nazioarteko erreferente den heinean, kontinente osoko eragile garrantzitsuenek osatutako publikoa aurrean duela.

IK4-IKERLAN ahalegin handia egiten ari da sistema txertatuei zuzendutako I+Ga bultzatzeko, hau da, sistema horiek dituzten objektuek, dela ibilgailuek, industriako makinek edo aerosorgailuek, duten funtzio bat edo gehiago modu fidagarrian eta oinarri sendoekin kontrolatzeko balio duten gailu elektronikoetara bideratutakoa. Sistema horiek industriaren lehiakortasuna bultzatzen laguntzen dute, izan ere, beraiek daramtzaten objektuen prestazioak, segurtasuna eta eraginkortasuna areagotzea ahalbidetzen dute, eta horri esker merkatuan balio erantsi nabarmena dute.

Embedded World 2015 azokan, Zentro Teknologikoak aplikazio kritikoetarako, hau da, huts eginez gero pertsonen segurtasunaren ikuspegitik ondorio larriak edo kalte ekonomikoak eragingo lituzketen aplikazioetarako fidagarritasun handiko sistema elektronikoen gainean dituen gaitasunak erakutsiko dizkie interesa duten enpresei.

Berez, IK4-IKERLAN nazioarteko erreferentzia da horrelako gailuen garapenean, hainbat enpresarekin elkarlanean arituta eskuratu duen esperientziagatik. Azokan jarriko duen erakustokian (4 aretoko 242 zenbakiko erakustokia), garraioaren, industriako ekipo ondasunen, energia eolikoaren eta jasokuntzaren sektoreekin lotura duten hainbat garapen erakutsiko ditu.

Embedded World 2015

Embedded World Exhibition & Conference 2015, Nurembergen (Alemania) egingo da, otsailaren 24tik 26ra bitartean, eta Europako sistema txertatuen sektorerako urteko hitzordurik garrantzitsuena da. Azokaren garrantzia nabarmentzeko, nahikoa dira bi zifra: joan den urtean, azokan 856 erakusle egon ziren, eta 26.000 bisitari baino gehiago erakarri zituen.

“Embedded World 2015 azoka erakusleiho ezin hobea izango da guretzat, sektoreko eragilerik garrantzitsuenei aplikazio kritikoetarako fidagarritasun handiko sistema elektronikoen eremuan dugun indarra erakusteko aukera izango dugulako. Gure esperientziaren bermea dugu: Honelako garapenekin enpresa ugariri lehiakorragoak izaten lagundu diegu”, baloratu du IK4-IKERLANeko ikertzaile Jon Perezek.

IK4-IKERLANi buruz

IK4-IKERLAN zentro liderra da teknologiaren transferentziari eta enpresei balio lehiakorra emateari dagokionez, hainbat domeinu teknologiko konbinatuz soluzio integralak eskaintzeko ahalmena baitu. Hori posible izateko arrazoia da sei esparru handitan espezializazio maila handia duela: sistema txertatuak, potentziako elektronika, mikroteknologiak, energiaren eraginkortasuna eta biltegiratzea, mekatronika eta fabrikazio aurreratua.

Partekatu

Beste berri batzuk