IK4-IKERLANek sistema txertatu fidagarrietan duen lidergoa erakutsiko du Amsterdamen

Araba

Zentro teknologikoa 60 erakunde baino gehiagotako 100 ikertzaile baino gehiago elkartuko dituen HIPEAC Conference topaketaren antolatzaileetakoa da

IK4-IKERLANek arlo horretan Europako bost proiektu garrantzitsuenetako hirutan parte hartzen du eta horietako batean liderra da

Sistema txertatuek balio erantsi handia ematen diete produktuei, eta arrazoi hori tarteko EBk apustu handia egin du arlo horretan

Plataforma demostración multicoreIK4-IKERLAN Europako I+Gko liderretakoa da sistema txertatu fidagarriei dagokienez: horiek, txertatuta dauden objektuaren eginkizun bat edo batzuk modu sendoan eta fidagarrian kontrolatzeko balio duten sistema elektronikoak dira, eta egunero erabiltzen ditugun gero eta produktu gehiagotan aurkitzen dira, izan telefono mugikorrak zein fabrika bateko makineria edo ibilgailuak. Zentroa Europan arlo horretan egiten den topaketarik garrantzitsuenaren antolatzaileetako bat da, hau da, gaur Amsterdamen egiten ari den 2015eko HIPEAC Conference-rena. Ekitaldia Europako bost proiekturik garrantzitsuenetako liderrek antolatzen dute. Proiektu horietatik batean IK4-IKERLAN da liderra (MultiPARTES) eta beste bitan parte hartzen du (DREAMS eta PROXIMA).

Gure autoan zirkulatzen dugunean sistema elektroniko ugari daude motorrak eraginkortasunez funtzionatzeko, ibilgailuaren tenperatura guk nahi duguna izateko edo segurtasun gailuek funtzionatzeko, besteak beste. Sistema txertatuak dira, hau da, Europar Batasunaren (EB) konfiantza bereganatu duten gailuak, kontinenteko industriaren lehiakortasuna handitzen laguntzeko. Horregatik, EB apustu handia egiten ari da arlo horri lotutako I+Ga bultzatzeko.

Sistema txertatuak sektore ugaritan ezarri daitezke, eta balio erantsi oso preziatua ematen diote produktuei merkatu gero eta globalizatuagoan. Izan ere, sistema horiek dituzten objektuen prestazioak areagotzea ahalbidetzen dute, segurtasuna, eraginkortasun energetikoa… Gama altuko auto batek 270 funtzio eskaini ditzake, baina horretarako material ugari behar ditu: 90 txartel elektroniko inguru, 65 kilo kable eta 1.100 konektore elektroniko. Merkatuak gero eta gehiago eskatzen ditu horrelako prestazioak, eta industriak estrategia iraunkorrak behar ditu horiek eskaintzeko.

 

IK4-IKERLAN nazioarteko erreferentzia moduan nabarmentzen da kritikotasun mistoko teknologiak esaten zaienetan (mixed criticallity). Horiei esker funtzio gehiago integra daitezke sistema elektroniko gutxiagorekin, segurtasunari lotutakoak barne. Horri esker, funtzioak areagotzen jarrai liteke, sistema txertatuen pisua, bolumena, kontsumoa eta kostua murriztuz. Aipatutako autoaren adibidearekin jarraituz, nahikoa litzateke dozena bat txartel elektroniko, 10 kilo kable eta 100 konektore ingururekin.

2015eko HIPEAC Conference

urtarrilak 19, kritikotasun mistoko sistema txertatuen inguruko Europako ekitaldirik garrantzitsuenetakoa egiten ari da. Topaketa HIPEACek, arlo horretan bikaintasuna sustatzen duen Europako sareak eta Europako bost proiektu nagusietako liderrek antolatzen dute: MultiPARTES, DREAMS, PROXIMA, EMC2 eta CONTREX. IK4-IKERLAN, horietako koordinatzailea eta beste bitan partaidea den heinean, jardunaldien eragilerik nabarmenenetakoa izango da; bertan, denon artean partekatuko dira proiektuen emaitzak, sortutako azken ezagutzak eta parte hartzaileen etorkizuneko ikuspegia.

Bi datuk erakusten dute ekitaldiaren garrantzia: alde batetik, bost proiektuen aurrekontuen batura 100 milioi euro ingurukoa da, eta horrek EBk arlo horri ematen dion garrantzia islatzen du. Bestetik, ekitaldira industria, arlo akademiko eta ikerkuntzako 60 erakunde baino gehiagotako 100 ikertzaile baino gehiago joango dira.

IK4-IKERLANek urteak daramatza enpresekin lankidetzan mota horretako aplikazioak sortzeko, energiaren arloan, garraioan, industrian, osasunean eta etxearen sektorean. Beste esperientziari esker, zentro eragile protagonista da Europar Batzordea eta enpresak arlo horretan egiten ari diren inbertsio handian.

Europako proiektuak

IK4-IKERLANen partaidetza duten hiru proiektuak 2017. urtean amaituko dira, eta Europar Batasuneko Zazpigarren Esparru Programak finantzatzen ditu. Horiek bultzatzen dituzten partzuergoak enpresek, unibertsitateek eta ikerketa zentroek osatzen dituzte.

MultiPARTESek kontrolerako sistema txertatuak kritikotasun maila desberdinekin integratzeko plataforma bat garatu nahi du, eta hainbat eremutan aplikatu ahal izango da, hala nola bideo gailuetan, sektore aeroespazialean eta energia eolikoan. Proiektuaren liderra den IK4-IKERLANez gain, bertan beste zortzi erakunde europarrek dihardute. Zentroak ekimen horretan dituen eginkizunak dira industriaren beharrak identifikatzea, fidagarritasunaren esparruan duen esperientzia ematea eta hardware plataforma berri bat garatzea, besteak beste.

 

DREAMSen helburuak dira produkzio prozesua sinplifikatzea, garapen epeak laburtzea eta sistema elektronikoak ziurtatzeko prozesuak erraztea. Espero da neurri horiek kostua murriztea eta ekoizpena zein funtzionamendua hobetzea ekarriko dutela. Proiektuaren enpresa liderra Alstom da, eta IK4-IKERLANek lankidetzazko harreman sendoa du berarekin; partzuergoa guztira 16 kidek osatzen dute. IK4-IKERLANen eginkizun zehatza izango da, Alstom Renovablesekin elkarlanean, itsaso zabaleko generadore eolikoen kontrolagailu bat garatzea, hainbat kritikotasun mailatako funtzioak kudeatzeko ahalmenarekin.

PROXIMA Europako industriari multicore prozesagailuak erabiltzetik manycore direlakoak erabiltzera igarotzen laguntzeko jarri da martxan. Beste abantaila batzuen artean, prozesagailuen familia berri honek bere baitan hartzen dituen produktuei balio erantsi handiagoa lortzeko gaitasuna emango die. Ekimen honetan, IK4-IKERLANek trenbideetako seinaleztapena ikertzen du, segurtasun mailarik handiena lortzeko.

“Lehiakortasuna sustatzeko funtsezko teknologia”

“Sistema txertatuak, bereziki kritikotasun mistoa edo mixed criticallity dutenak, funtsezko teknologia dira enpresen lehiakortasuna sustatzeko, produktuei balio erantsia ematen dietelako”, argudiatzen du IK4-IKERLANeko ikertzaile Jon Perezek. “Adibidez, horiei esker, etorkizuneko aerosorgailuek kontrolerako funtzio aurreratuagoak izan ditzakete, eraginkorragoak izateko, energia denbora gehiagoan sortzeko eta aurkako inguruneetan autonomiaz lan egiteko, esaterako, itsaso zabalean”, gehitu du.

Zentroak 2015eko HIPEAC Conference-en duen protagonismoari dagokionez, Perezen hitzetan, “arlo honetan duen lidergo tekniko-zientifikoa berresten du”. “Ekitaldia lehen mailako erakusleihoa da, posizionatzea ahalbidetzen diguna, harremanak egitea eta ekimen berrietan parte hartzea, eta horiei esker ikerketaren emaitza ahalik eta gehien itzuli ahal izango diogu euskal industria sareari”.

Partekatu

Beste berri batzuk