IK4-TEKNIKERrek eta Euskal Herriko Unibertsitateak euren arteko lankidetza sustatu dute UPV/EHU Ikasgelaren sorrerarekin

Gipuzkoa

  • Zentro teknologikoan kokatuko da eta bertan ikertzaile, teknologo eta ikasleak elkarlanean arituko dira lan zientifiko-teknologikoetan.
  • Amaierako helburua da, besteak beste, ezagutza jartzea gizartearen eskura, ezagutzaren sorreraren eta aplikazioaren arteko distantzia murriztea, bai eta sortzen den ezagutza berria produkzio-ehunera eskualdatzea ere.

Tekniker_EHU_webIK4-TEKNIKERrek eta Euskal Herriko Unibertsitateak hitzarmena sinatu dute, euren arteko lankidetza sustatzeko, zentro teknologikoaren instalazioetan bertan UPV/EHU Ikasgela izeneko eremua sortuz. Enpresen berrikuntza-beharrak asetzeari dagokionez, zentro teknologikoak eman dezakeen ezagutzak duen balioaren eta unibertsitateak presta ditzakeen ikasle nahiz ikertzaile onenen talentuaren jakitun, UPV/EHU Ikasgela jaio da Euskadiko erreferentziazko erakunde biren gaitasunen batuketa gisa. Horren helburua da euskal enpresa-sareari balio erantsia ematea eta, beraz, lurraldean aberastasuna sortzea.

Egun, 26 doktoregai ari dira euren doktorego-tesiak egiten IK4-TEKNIKERren instalazioetan. Fisikan lizentziatua eta Material Aurreratuen Ingeniaritzako doktoregoko ikaslea den Borja Cotoren hitzetan, “UPV/EHU Ikasgelak aukera ematen du lanetik irten eta unibertsitatera joateko, IK4-TEKNIKERretik mugitu beharrik gabe”.

Gipuzkoako Teknologia Parkean integratutako Eibarko Gune Teknologikoan dagoen IK4-TEKNIKERren egoitza berrian kokatzen da UPV/EHU Ikasgela. Ikerketa eta teknologiaren alorrean diharduten eta prestakuntza jasotzen ari diren pertsonek ikasteko eremua izateko, irakaskuntza eta ikerketa sostengatzeko eta unibertsitatetik kanpo UPV/EHUko baliabide bibliografikoak eta informazio elektronikoa ere eskuragarri izateko pentsatuta dago.

Ekimenaren oinarrizko xedeetako bat da elkarlaneko ikerketa indartzea, doktorego-tesiak elkarrekin egitea sustatzea, UPV/EHUko gradu amaierako nahiz master amaierako lanak gauzatzea eta baita erakunde bietako pertsona eta taldeen artean lotura egonkorrak sortzea ere; modu horretan bultzatuko baitira bai ikerketa eta berrikuntza kooperatiboa bai produkzio zientifikoa.

Ikasgela, beraz, elkargunea da, ezagutza zein informazio zientifiko eta teknikoa partekatzeko lekua. Era berean, UPV/EHUko azpiegitura zientifikoarekiko lotura ez ezik, ikaskuntzarako, irakaskuntzarako eta ikerketarako inguru izateko ere balio du.

Talentua partekatzeko ekimen horri esker, lantalde mistoak eratu ahalko dira, ikerketa- eta eskualdatze-proiektu handinahi eta berritzaileagoei ekiteko nahikoa masa kritikoarekin. Horrez gain, I+G+B jardueren garapenari bide eman nahi zaio; gizartearen erronka globalei eta, bereziki, gure inguruari eragiten dioten erronkei erantzun emateko. Erronka horiek guztiek behartzen dute, dela euren izaeragatik dela konplexutasunagatik, ezagutza berriaren sorrera konbinatzera ezagutza hori teknologia, produktu eta zerbitzuei aplikatzen zaien moduarekin.

Unibertsitate eremu bati eman zaion ikusmolde berriaren bidez, ikaskuntza sustatu nahi da bizitzan zehar. Izan ere, faktore erabakigarria da ezagutzan aurrera egiteko, ekintzailetza bultzatzeko, enpresa berriak sortzeko, kualifikazio altuko pertsonen enplegagarritasunerako eta baita I+G+B sistemaren gaitasunak hobetzeko ere.

UPV/EHUko errektore Iñaki Goirizelaiaren aburuz, “Euskal Herriko Unibertsitatearen eta eragile sozial guztien arteko erlazioak –eta, beraz, enpresarekin ere bai– ibilbide luzea eta sakona du. Halaber, IK4-TEKNIKERren kokatutako UPV/EHU Ikasgela aurrerapauso berria da. Kasu honetan, unibertsitatea bera da enpresaren bila joan dena. Gainera, unibertsitatea hemen bertan, hots, zentro teknologiko batean kokatzen denez, irakaskuntza eta ikerketarako gune bilakatu da. Ezin izan zitekeen hobea izan UPV/EHU IK4-TEKNIKERren patronatuan sartzeko prozesua. Aurreko urtearen amaieran onartu egin genuen eta UPV/EHU Ikasgela da horren aurreneko emaitza”.

Bestalde, zentro teknologikoko zuzendari nagusi Alejandro Bengoaren hitzetan, “hain esanguratsua den eragile batekin, alegia, UPV/EHUrekin dugun harreman estuari eta euskal enpresa-sarearekiko hurbiltasunari esker, IK4-TEKNIKERrek bere bikaintasun zientifiko-teknologikoa hobetu ahalko du eta sareko lana sustatu”. “Enpresentzako ezagutza sortzea da, oro har, zentro teknologikoen leit motiva eta, bereziki, IK4-TEKNIKERrena. Gaur egun, inoiz baino beharrezkoagoa da enpresei argumentu berriak ematea merkatu globalean hobeto lehia daitezen”, adierazi du.

IK4-TEKNIKERrek 30 urte daramatza teknologia aplikatua eta teknologia hori enpresari nola eskualdatzen zaion ikertzen. Era berean, lau alor garrantzitsutan (Doitasunezko ingeniaritza eta mekatronika, Gainazalen ingeniaritza, Produkzio ingeniaritza eta automatizazioa, eta Fabrikazio teknologiak) espezializazio maila altua eskuratu duenez, abangoardiago teknologia jar dezake edozein motatako erronkaren zerbitzuan.

Partekatu

Beste berri batzuk