IKERLANen gidaritzapean garatzen ari da FRACTAL nazioarteko proiektu aitzindaria, adimen artifizialari esker makinei ‘autodiagnostikoa’ egiteko aukera emango diena

Albisteak, Gipuzkoa

FRACTAL adimen artifizialean oinarritutako proiektu aitzindaria da, eta makinei adimena eta gaitasun kognitiboak eman diezazkieke, hainbat sektoretan, hala nola energian, garraioan eta industrian

Soluzio horrekin, makinak ingurunera egokitu, akatsak aurreikusi, eta akatsei eragin ahal izango diete, gizakiak esku hartu gabe

Zentro teknologikoak, euskal industriaren premiei aplikatutako adimen artifizialeko soluzioetan liderra denak, Europako proiektua bultzatu zuen, eta gidatzen ari da. Proiektuak 15,7 milioi euroko aurrekontua du hiru urterako, Europako Batzordeak eta Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioak finantzatuta

IKERLANek EFECS 2020 osagai eta sistema elektronikoen erreferentziazko foro europarrean aurkeztu du proiektua

FRACTAL proiektu europar aitzindaria da, IKERLANek sustatua eta gidatua, eta bere asmoa da adimen artifizialean oinarritutako digitalizazio soluzio bat sortzea, makinak ‘autodiagnostikatzeko’ gai izan daitezen, ingurunera egokitu, akatsak aurreikusi eta akatsak gertatu baino lehen konpontzeko. Horretarako, hardware eta software soluzio bat garatuko du, makinei adimena eta gaitasun kognitiboak emango dizkiena eta hainbat sektoretan aplikatu ahal izango dena, hala nola energian, garraioan edo industrian. IKERLANek EFECS 2020an ekitaldian –European Forum for Electronic Components and Systems– aurkeztu du proiektua, osagai eta sistema elektronikoen erreferentziazko foro europarra baita.

Soluzioak aplikaziorako aukera ugari du. Europar Batasunean ikerketarako lehentasunezko interesgune diren lau teknologia hauek konbinatzen ditu: batetik, edge computinga – Datuen prozesamendua datuak sortzen ari diren lekutik ahalik eta gertuen hurbiltzean datza, prozesamendu hori hodeitik azken gailuetara mugituta –, bigarrenik, big data; hirugarrenik, 5G eta, azkenik, adimen artifiziala. FRACTALi esker, adibidez, ekoizpen planta bateko gailu fisikoak elkarren artean komunikatu ahal izango dira, eta datuak partekatzeko gai izango dira; horrela, instalazioan ager daitezkeen arazoak konpontzen lagunduko dute, gizakiak esku hartu beharrik gabe. Era berean, industria inguruneetan talkak saihesteko oztopoak antzematea ahalbidetuko du, bai eta hiriko tren autonomoek doitasunezko geldialdiak egin ahal izatea edo beste ibilgailu eta pertsona batzuen presentzia kalkulatzea ere. Are gehiago, ingeniaritza zibileko obretako segurtasuna hobetuko du, azpiegiturak droneekin zainduz, egon daitezkeen arriskuak denbora errealean identifikatzeko. Garapen fasea gaindituta, FRACTAL nazioarteko hainbat enpresatan instalatuko da, besteak beste, CAFen.

“Azken batean, soluzio bat garatuko dugu makina bere ingurunetik ikasteko eta aldaketetara egokitzeko gai izan dadin“, azaldu du Aizea Lojok, IKERLANeko Datuen Analitika eta Adimen Artifizialeko taldeko ikertzaileak eta proiektuaren koordinatzaile orokorrak. Gainera, FRACTALen, industria segurtasunean, hardware eta software fidagarriaren diseinuan, adimen artifizialean, IoTan eta komunikazioetan adituak diren IKERLANeko taldeek parte hartzen dute.

Aizea Lojok gaineratu du FRACTAL, zentro teknologikoaren posizionamenduaren ildotik, industriaren benetako beharrak konpontzera bideratuta dagoela: “Gaur egun, gure inguruko enpresak gai dira beren enpresetan sortutako datuak biltzeko eta biltegiratzeko, baina zailtasunak dituzte gordetako datuen ezagutza eta balioa ateratzeko fasean. Gaur egun, adimen artifizialeko ereduak inplementatzea eta horiek ekoizpenera eramatea da erronka handienetako bat. Hor FRACTALek enpresei lagunduko die soluzio bat emanez, eta soluzio horrek, beharrezko datuak biltzeaz gain, gailu propioetan adimen artifiziala exekutatzeko gai izango da (makinak, trenak, ibilgailu autonomoak edo beste asko.)”.

Bere helburua bermeekin bete ahal izateko, FRACTALek baldintza zorrotzak bete beharko ditu industria segurtasunaren, energia eraginkortasunaren eta gaitasun konputazionalen arloan. Adimen artifizialeko algoritmoek eta 5G bidezko komunikazioak konputazio ahalmen handia eskatzen dute, eta horrekin soluzio berriak beharrezko ikaskuntza eta moldagarritasuna edukiko ditu. Baldintza horiek partzuergoaren espezializazio handiari esker bete daitezke, bai eta zentro teknologikoak IKERLAN Konnekt digitalizazio soluzioen familiaren barruan garatutako teknologien garapenari eta aplikazioari esker ere.

FRACTALek 15,7 milioi euroko aurrekontua du hiru urterako, Europako Batzordeak eta Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioak ECSEL programaren bidez emandakoa. IKERLANek, euskal industriaren premiei aplikatutako adimen artifizialeko soluzioetan liderra den zentro teknologikoak, proiektu hori bultzatu zuen, eta gidatzen ari da. Proiektu horretan, Europako zazpi herrialdetako (Espainia, Frantzia, Suitza, Alemania, Finlandia, Austria eta Italia) 28 erakundek parte hartzen dute, digitalizazioaren eta adimen artifizialaren arloko erreferentziazko enpresen, unibertsitateen eta zentro teknologikoen artean. Horien artean daude ZYLK, LKS, CAF Signalling, Prointec, Solver, BSC eta Valentziako Unibertsitate Politeknikoa.

Partekatu

Beste berri batzuk