Industria Sailak antolatutako iBGC kongresuan berrikuntza esperientziak trukatuko dira

Bizkaia

Julian Birkinshaw guruak protagonizatuko du Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Astearen barruan ospatuko den azaroaren 16ko ekitaldia. iBGCk bere hamargarren edizioa betetzen du

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak antolatzen duen “Innovation Business Global Conference” (iBGC) kongresuaren hamargarren urteurrenak “polinizatu” egingo du BEC “berrikuntza propiorako proposamen berritzailez”. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Astearen karietara antolatzen diren jardueren artean, Eusko Jaurlaritzak proposamen aitzindari bat planteatuko du azaroaren 16an sektore artean esperientzia berritzaileak trukatzeko.

Hala, SPRIren (Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea) bitartez antolatutako den BGC kongresuaren edizio honetako leloa “Poliniza zaitez jardunbide egokiez” izango da, sektore batentzat konponbidea dena iraultza izan daitekeelako beste batentzat eta konponbide horrek edozein negozio berrasmatzeko bidea zabal dezakeelako. Baliozko konponbide errentagarriak bilatu behar dira norbere negozio sektoretik haratago.

Horretarako, ekitaldiko antolatzaileek Julian Birkinshaw ekarriko dute, London Business School erakundeko Management Lab-eko ko-sortzaile eta zuzendaria, eta “Management Today” aldizkariaren iritziz kudeaketaren arloko hurrengo belaunaldiko sei guruetako bat.

Bilbora lehen aldiz datorren Birkinshaw-k kongresuaren inaugurazio saioan hautsiko ditu negozio hizkeraren hesi tradizionalak eta gaur arte ezagutu dugun lidergoaren zutabeak astinduko dituen kudeaketa eredu berri bat bultzatuko du. Bere ustez, ingurunea aldatu bada, eskaera guztiz desberdina bada eta teknologiek goitik behera irauli badute gure bizimodua, erakundeek ere beste era batekoak izan behar dute eta beste era bateko liderrak eduki.

Nolanahi ere, polinizazio estrategiari jarraiki, iBGC kongresuan barne, kanpo eta nazioarteko “polinizazioaren” inguruko erronka zehatzak proposatuko zaizkie enpresei. Saio horietan sektore desberdinetako kasu praktikoak aurkeztuko dira, eta barne antolakuntzan, bezeroengan, sare sozialetan, biomimetikan edota TRIZ ereduan oinarritutako berrikuntzaren garapen esperientziak azalduko dira.

Partekatu

Beste berri batzuk