Industria Sailak EAEko hiru hiriburuetan bildu du bere nazioarteko sare osoa, enpresei laguntzeko

Araba

Eusko Jaurlaritza 62 herrialdetara hedatzen da SPRI Taldearen bidez; 16 enpresa bulego ditu 14 herrialdetan eta aholkulari bana 48 herrialdetan. Iaz euskal enpresentzako 422 proiektu egin ziren 59 merkatutan.

Spri, 27/02/2012

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren menpeko SPRI-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietateak hiru jardunaldi antolatu ditu bere nazioarteko sare osoa biltzeko eta euskal enpresek aukera izan dezaten banan-banako bilerak egiteko SPRIren atzerriko bulego zuzendariekin eta aholkulariekin. Topaketa hauek gaur hasi eta martxoaren 14an amaituko dira. SPRI Sarearen Merkataritza arloko ekimen hau Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren nazioartekotzea sustatzeko estrategiaren barruan sartzen da, 2010-2013 Lehiakortasun Planean ageri den bezala. Duela gutxi SPRIk bere atzerriko bulegoen irudi korporatiboa eguneratu du eta denetan jarri du aipamen hau: “ EAEko Enpresa Bulegoa – SPRI (Basque Country Business Office). SPRIko enpresa bulegoak eta aholkulariak oso pieza garrantzitsuak dira nazioartekotze estrategiaren barruan, 62 herrialdetara hedatzen baitira; soilik iaz 1.700 laguntza eskaini zizkieten euskal enpresei eta 422 proiektu gauzatu zituzten 59 merkatutan.

Bilerak EAEko hiru hiriburuetan egingo dira ahalik eta enpresa gehien erakartzeko: SPRIk Bilbon duen egoitzan, Donostiako Teknologi Parkean eta Arabako Teknologi Parkean.

SPRIk, besteak beste, zerbitzu hauek eskaintzen dizkie euskal enpresei nazioartekotzen laguntzeko bere nazioarteko sarearen bidez:

  • Xede diren merkatuen informazio eta analisia.
  • Atzerriko merkatuan komertzialki sartzeko aukera.
  • Atzerrian merkataritza eta produkzio ezarpenak egiteko laguntza.
  • Behin-behineko kokapena SPRIren Negozio Zentroetan.
  • Prospekzio bidaia indibidualizatuak antolatzea.
  • Tramiteekin laguntzea.
  • Tokiko agintariekin eta administrazioekin harremanetan jartzea.
  • Finantza arloko laguntzak

Partekatu

Beste berri batzuk