Industria Sailak exekuzio azkarreko programa bat abiaraziko du ETEen berrikuntza sustatzeko

Gipuzkoa

SPRIk 2.000-6.000 euroko txekeak entregatuko dizkie berrikuntza eta eraldaketa lehiakorreko prozesuetan murgildu behar duten enpresa txikiei. Hainbat zerbitzu finantzatuko dira, hala nola enpresen kudeaketa aurreratua, branding-a, produktu eta prozesu berrikuntza edo bezero-hornitzaile arteko harremana hobetzea. Ekainaren 15ean hasi eta irailaren 7an amaituko da zerbitzuaren kostu garbiaren %75erainoko finantzaketa emango duen “Innova txekea” eskatzeko epea.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak SPRIren (Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietateak) bitartez entregatuko dituen txekeei esker, euskal ETEek aukera izango dute berritzeko eta lehiakortasuna hobetzeko ekintzak gauzatzeko; ekintza horiek exekuzio eta eragin azkarrekoak izango dira eta beren premiei egokituko zaizkie. Eusko Jaurlaritzak zerbitzuaren kostu garbiaren %75eraino finantzatuko du, 2.000, 4.000 eta 6.000 euro bitarteko txekeak emanez berrikuntza eta eraldaketa lehiakorreko prozesuetan inplikatu behar duten enpresa txikiei.

Interesatuta dauden ETEek ekainaren 15etik aurrera aurkeztu ahalko dituzte beren eskaerak. Informazioa eskuratzeko SPRIren web orriko “Laguntzak eta zerbitzuak” atalera jo dezakete (www.spri.es) edo webean bertan agertzen diren akreditatutako bitarteko eragileen bulegoetara. Eragile horiek lagunduko diete laguntza eskaera egiten eta eskatutako zerbitzuen premia edo interesa baloratzen.

“Innova Txekea”k eskaintzen dituen zerbitzuak hornitzaile espezializatuek emango dituzte, baina lehenik zerbitzu espezializatuetako hornitzaileen (ETEen lehiakortasun hobekuntzan eta berrikuntzan adituak) eta bitarteko eragileen (tokiko, eskualdeko edo probintziako garapen agentziak, Innovanet Sareko kideak) homologazio prozesu bat iragan beharko dute.

Enpresek lehiakortasuna azkar hobetzeko jasoko dituzten zerbitzu espezializatuak konponbide aurreratuak izango dira (enpresen kudeaketa aurreratua, brandinga –markak eraikitzea-, negozio eredu berriak, lankidetza, industria jabetza, lehiaren zaintza eta berrikuntza erradikala). Horrez gain, ekintzara bideratutako praktikak eta gogoetak ere egingo dituzte (lehiakortasuna hobetzea produktuak eta prozesuak berrituz; prozesu eta produktu berritzaileak bultzatzea fabrikazio errendimendua eta finantza gaitasuna hobetuz eta produktuak merkatuan baztertua izateko duen arrisku azterketak eginez…) eta bezero-hornitzaile arteko harremana landuko dute (berrikuntza eta hobekuntza lehiakorreko proiektuak identifikatzea bezero-hornitzaile arteko harremana indartuz SPRIk onartutako metodologiaren arabera).

Eusko Jaurlaritzaren berritzeko eta lehiakortasuna hobetzeko programek harrera ona izan dute azken urteotan Euskadiko enpresen artean, baina oraindik ere asko dira berrikuntza eta lehiakortasun eraldaketako prozesuetan inplikatzeko premia duten ETEak. Hain zuzen, enpresa txikienek egitura eta kudeaketa gaitasun mugatua dutenez, zailtasun handiagoak dituzte enpresen laguntzarako programa publikoetan parte hartzeko, eta horregatik, Industria Sailak beren premiei egokitutako programa hau abiarazi du, helburua baita laguntza eskatzeko eta tramitatzeko prozesu tradizionalak sinpletzea.

Hala, SPRIk, Eskualdeko Garapen Agentzia den aldetik, «+Innova Txekea» programa jarri du martxan, zeinaren helburua baita Innovanet Sarearen bidez egituratutako euskal erakunde sarearen kapilaritatea sustatzea berrikuntzaren eta lehiakortasunaren arloetan. Programa hau «2010-2013 Enpresen Lehiakortasun Planeko» marko estrategikoan eta dokumentu horretatik eratorritako gainerako programen multzoan integratzen da, eta zeregin horietan diharduten eragileak balioan jartzeko balio du.

Hauek izango dira sektore onuradunak: industria, eraldaketa eta ekoizpen enpresak, produktu-prozesuari lotutako zerbitzuak (aurrekoekin lotura dutenak) eta informazio- eta komunikazio-gizartearen eta handizkako merkataritzaren arloekin lotutakoak.

Partekatu

Beste berri batzuk