Industriak historiako aurrekonturik handiena aurkeztu du, krisia krisi
Bernabé Unda Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuak Sailaren aurrekontuaren proiektua aurkeztu du gaur arratsaldean, eta Sailak orain arte izan duen aurrekontu handiena da. Eusko Legebiltzarreko Industria Batzordean agerraldia egin duenean, sailburuak proiektuaren ildo nagusiak azaldu ditu; guztira, 410,7 milioi euroko proiektua da. Langileen kapitulua alde batera utzita, 394 milioi dira, hau da, aurten baino % 6,8 gehiago.
Sailaren politika garatzeko, oinarrizko bi ardatz finkatu dituzte: “iraunkortasuna, produkzio-sareari krisia gainditzen laguntzeko, eta lehiakortasuna, krisia gainditu osterako prest egoteko”, azaldu du Bernabé Undak.
Aurrekontua handitu egin den arren, kontuak soilak direla nabarmendu du sailburuak; izan ere, gastu arrunta % 10,7 murriztu baita, “herritar guztion dirua modu arduratsuan erabiliz”. Halaber, gogorarazi du Sailean % 20ko murrizketa egin dutela egiturako goi-kargudunen kopuruan.
Arloka, Berrikuntza eta Teknologia Sailburuordetzaren aurrekontua % 2,9 hazi da (195 milioi izatetik 201 milioi izatera), Industria eta Energia Sailburuordetzarena % 12,6 (98 milioi izatetik 111 milioi izatera) eta Merkataritza eta Turismo Sailburuordetzaren partida % 14 handitu da (aurtengo 62 milioi eurotik 71 milioi eurora). Kabinete, Plangintza eta Estrategia Sailburuordetzaren aurrekontua % 12 murriztu da (7,9 milioi izatetik 6,9 milioi izatera), ez baitu hainbesteko lotura enpresen eguneroko premiekin.
Bernabé Undak egindako lana aipatu nahi izan du, alferrikako eztabaidak edo hitz hutsak alde batera utzita: “batzuek zarata handia egin nahi izan dute, baina hori guztia gaindituta, nire ustez argi eta garbi geratu da Patxi López lehendakariaren gobernuak Industriaren, Berrikuntzaren, Merkataritzaren eta Turismoaren aldeko apustua egin duela”, adierazi du.
Sailburuaren esanetan, krisi-garai hauetan “pauso-aldaketa” egin behar da. Nabarmendu duenez, zenbait herrialdetan (adibidez, Estatu Batuetan) ekonomia suspertzen hasi da, antza, baina Euskadin, oraindik ere “pizgarriei eutsi behar diegu, eta enpresei lagundu”. Undak “krisiaren aurrean irauteko” ideiak garatu ditu, enpresen berregituraketa defendatuz eta itotze finantzarioa saihestuz, baita“lehiakortasuna hobetzeko” ideiak ere, etorkizunera begiratuz baina orainaldia ahaztu gabe. Horretaz gain, I+G+Bren kontzeptu tradizionalari Sailak beste letra bat gehitu nahi diola azaldu du: N bat, nazioartekotzearena.
Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuak lankidetza publiko-pribatuari eustea erabaki du (horren adibide da Energiaren Euskal Erakundeak eta Repsolek berriki sinatu duten hitzarmena, auto elektrikoa kargatzeko sareari dagokionez).
I+G+B+Nko gastu orokorrak gora
Sailburua Xabier Garmendia Industria eta Energiako sailburuordearekin Pilar Zorrilla Merkataritza eta Turismoko sailburuordearekin eta Juan Goicolea Kabinete, Plangintza eta Estrategiako sailburuordearekin batera agertu da, eta Sailaren aurrekontua nola banatzen den azaldu du. Zera nabarmendu du, “I+G+B+Nko gastu orokorrak gora egin du: 2008an 183,4 milioi euro izan ziren, aurten 195,3 milioi izan dira, eta 2010ean 200,9 milioi izango dira”. Hortaz, kapitulu horretan inbertsioetako esfortzua % 21,4 handitu da.
Bukatzeko, Bernabé Undak Zuzendaritza bakoitzaren partidak zehaztu ditu:
- >Berrikuntzaren eta Informazio Gizartearen Zuzendaritza: 63,61 milioi euro
- >Teknologia Zuzendaritza: 119 milioi
- >Nazioartekotze Zuzendaritza: 18,3 milioi
- >Industria Garatzeko Zuzendaritza: 84,18 milioi
- >Energia eta Meategien Zuzendaritza: 15,58 milioi
- >Industria Administrazio eta Segurtasuneko Zuzendaritza: 10,63 milioi
- >Merkataritza Zuzendaritza: 47,3 milioi
- >Turismo Zuzendaritza: 23,55 milioi