Informatikari euskaldunen IX. Bilkura hartu du Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkeak
Joan den maiatzaren 8an, Informatikari euskaldunen IX. Bilkura egin zen Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkeko auditorioan. Aurtengo topaketaren gai nagusia Telefonoak eta Informatika izan da: telefonoek Internetekin eta informatikarekin hartu duten olatua, sakeleko telefonoen erabilera askotarikoa, smartphonetarako aplikazioen programazioa, IP telefonia, mezularitza, geolokalizazioa, eskura dauden tresnak eta sistema eragileak, web-zerbitzuen erabilera, euskaraz dauden aplikazioak eta abar landu dira bilkuran. Hitzaldi eta komunikazioekin batera, esperientzia eta proiektuetaz hitz egin da eta euskaraz garatutako softwarea aurkeztu. Irakaskuntza, industria, administrazioa eta komunikabideetako 200 lagun inguruk hartu zuten parte ekitaldian. Udako Euskal Unibertsitatearen Informatika Sailak antolatu du bilkura hau.