“Iragarpen sistemei” eta “Gamifikazioari” buruzko jardunaldi irekiak eta beste 8 gai, horra SPRIk Euskal Encounter ekitaldian eskainiko duena

Araba

10 jarduerak publikoarentzako gune irekian egingo dira uztailaren 23tik 26ra, baina izena eman behar da aurrez www.euskadinnova.net web orrian. Ikastaroak hainbat gairi buruz izango dira: “Landing Page, marketin tresna”, “Automatizatu Android”, “Diseinatzaile ez direnentzako diseinua”, “Komunikazio bisualagoak sortzea sarean”.

20150721_110802Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak urtero egiten den Euskal Encounter ekitaldiaren aurtengo edizioan parte hartuko du SPRIren bitartez eta “prestakuntza digitaleko” eremu ireki bat antolatuko du; bertan, hainbat ikastaro, tailer eta jardunaldi egingo dituzte Interneten inguruan sortu diren gai zenbaiti buruz gogoeta egiteko eta sareen potentziala aztertzeko. Aurten, 4.0 industriako teknologien hedapenarekin lotutako bi jardunaldi antolatu dira: “Iragarpen sistemak. Machine Learning” eta “Gamifikazioren hastapenak”.

SPRIk antolatutako ikastaro eta jardunaldi horiek uztailaren 23tik 26ra egingo dira Euskal Encounter ekitaldiaren 23. edizioan, hots, Estatuko informatikako zaletu eta profesionalen topagune handi eta beteranoenean. SPRIren eskaintzak 10 jarduera biltzen ditu, hartzailearen arabera hiru taldetan sailkatu daitezkeenak. Batzuk mota guztietako profesionalei zuzenduta daude: “Iragarpen sistemak. Machine Learning”, “SEO optimizatzea WordPress sistemarekin eginiko web orrietan”, “Automatizatu Android – Ahaztu denbora alferrik galarazten dizuten zereginak”, “Diseinatzaile ez direnentzako diseinua canva doako tresnarekin”. Beste multzo batean daude garatzaileen segmentuari zuzenduta daudenak: “Nola aurre egin legatutako sistema baten migrazioari edo mantenimenduari bidean porrot egin gabe” eta “Software forjak eta Lainoko kode biltegiak”. Azkenik, prestakuntza hartzaileen hirugarren blokean daude merkataritza, marketin eta komunikazio arloetako arduradunei zuzendutakoak: “Gamifikazioren hastapenak”, “Landing page, onlineko marketin tresna indartsua”, “Ikasi weberako komunikazio bisualagoak sortzen – Visual Storytelling” eta azkenik “Bihurtu zure PDFak onlineko argitalpen interaktibo”.

SPRIk antolatutako ikastaroetan parte hartzeko izena eman behar da euskadinnova.net webgunean. Jarduera horiek dohainik dira eta Euskal Encounter ekitaldian parte hartzen dutenei nahiz bisitariei zuzenduta daude. Iaz 20.000 lagun bildu ziren guztira.

SPRIren prestakuntza esperientziak duela bi urte eskaini ziren lehen aldiz Euskal Encounter ekitaldian eta 600 parte-hartzaile baino gehiago izan zituzten. Parte-hartzaile horiek eginiko ekarpen eta iradokizunekin eta SPRI-Enpresa Digitala programazioan erantzun onena izan duten gaiak kontuan harturik aukeratu dituzte edizio honetan landuko diren gaiak.

Badira 23 urte Ekonomiaren Garapen Sailak nazioarteko proiekzioa duen topaketa digital handi honetan parte hartzen duela eta hartara Jaurlaritzak helburu bikoitza betetzen du. Lehenengo eta behin, IKTak eta Euskadin teknologia horiek sendotzeko prozesua babesten du, teknologiaren erabilpenari buruzko ezagutza partekatzen eta teknologian oinarritutako negozioak eskaintzen dituzten parte-hartzaileentzako foro honetan.  Lau egunez Euskadin elkartzen den komunitate digital hori benetako laborategia da enpresentzat, mundu digitala aitzinarazten duten teknologiak sortzeko potentziala dauka eta baita ere enpresa, produktu nahiz zerbitzu berriak sortzekoa. Euskal Encounter-a uztailaren 23tik 26ra egingo da BECen, non 6.000 parte-hartzaile bilduko diren 4.096 ordenagailurekin eta segundoko 40Gb-eko abiaduran nabigatuko duten.

Partekatu

Beste berri batzuk