ISO 9000 arauen aditu taldeak mundu mailako topaketa hasiko du Bilbon

Bizkaia

  • ISO 9000ko 60 aditu bilduko dira Bilbon datorren astelehenetik ekainaren 22ra, munduko kalitate arau nagusia berrikusten hasteko.
  • Bilboko bilera izango da prozesuaren abiapuntua, zeina bi urtez luzatu eta munduko herrialde desberdinetan garatuko baita.
  • Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak SPRI Taldearen bitartez antolatu du topaketa.

Normalizaziorako Nazioarteko Antolakundearen Batzorde Teknikoak (ISO), munduko kalitate arau garrantzitsuenak garatzen dituenak, datorren astean ospatuko du Bilbon ISO 9001 Araua berrikusteko mundu mailako lehen topaketa. Bilera SPRI Taldearen -enpresa sareari laguntzeko Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko sozietate publikoen multzo garrantzitsuenaren- egoitzan egingo da ekainaren 18tik 22ra, bi helburu nagusirekin: ISO 9000 arauak garatzea eta berrikustea eta baita ere arau multzo horren hedapen estrategia finkatzea.

Bilboko bilera izango da berrikuspen prozesuaren abiapuntua, zeina bi urtez luzatuko baita eta munduko herrialde desberdinetan egingo diren bileren bidez garatuko baita.

ISO 9000ko lantaldea normalizaziorako institutu nazionalen sarea osatzen duten 100dik gora herrialdetatik hautatua izan da, aukeraketa bat egin baita talde hauta horretan sartzeko aurkeztu diren eskaera guztien artean. Talde horrek hartutako erabakiek eragin ekonomiko handia dute, izan ere sareko herrialdeen merkataritza gaitasunak alda baititzakete eta gerta liteke herrialde batek beste bati gehiago ezin erostea, araua betetzen ez duelako.

Kanadako ordezkaritza da ISO Taldeko Idazkaritzaren buru Arau Estandarren Kanadako Elkartearen bidez eta BSI (Brtitish Standars Institute) da Bilbon bilduko den taldearen buru. Bilera horretan aktiboki parte hartuko du Normalizazio eta Zertifikaziorako Espainiako Elkarteak (AENOR), Espainiaren ordezkaria baita ISOren aurrean. Bileran parte hartzen dutenek ez dute dedikazio esklusiborik, enpresa eta erakundeetako goi-mailako arduradunak baitira.

ISOk nazioarteko 19.000 arau baino gehiago garatu ditu 1947. urtean sortu zenetik eta 1.000 homologazio-araudi baino gehiago argitaratzen ditu urtean. Denetan ezagunenak, ISO 9000 arauak, 25 urte beteko ditu eta denbora horretan mundu osoko milioi bat enpresa baino gehiagok lortu dute homologazio ziurtagiri hori. Espainiako organismoak 1500 arau baino gehiago argitaratzen ditu urtean eta 30.000 UNE arau baino gehiago ditu katalogoan.

ISO
Nazioarteko arau eta estandar gehien argitaratzen eta garatzen dituen Normalizaziorako Nazioarteko Erakundea da ISO. 163 herrialdetako normalizazio institutu nazionalek osatutako sare bat da, kide bat duena herrialde bakoitzeko eta Genevan (Suitza) kokaturik duena sistema osoa koordinatzen duen Idazkaritza Zentrala. ISO gobernuz kanpoko erakunde bat da eta zubi-lanak egiten ditu sektore publiko eta pribatuaren artean. Institutu horietako zenbait beren herrialdeetako gobernu egituraren barruan daude eta beste batzuk, berriz, kide pribatuak dira, partzuergo nazionalen eta elkarte industrialen bitartez sartu direnak.

ISO 9000 arau ezagunak 24 urte beteko ditu aurten. Gaur egun mundu osoko milioi bat enpresak baino gehiagok lortu dute ziurtagiri hau, eta lantzean behin berrikuspen bat egiten zaie enpresa horiei.

Partekatu

Beste berri batzuk