ITP hegazkin komertzial ertainentzako motorren merkatuan barneratu da Pratt & Whitney konpainiarekin

Bizkaia

  • 2.500 milioi euro baino gehiagoko fakturazioa espero dute konpainia amerikarraren GTF motorrean parte hartzearekin batera

ITPko zuzendari nagusi Ignacio Mataixek eta Pratt & Whitney konpainiako motor komertzialen saileko presidente Todd J. Kallmanek partaidetza-akordioa sinatu dute ITPko egoitzan (Zamudio- Bizkaia). Horren arabera, PurePower® Geared Turbofan™ (GTF) motorraren fabrikazioan, ingeniaritzan eta mantentze-lanetan parte hartuko du ITPk eta programak dirauen bitartean salmentak 2.500 milioi eurokoak izango direla kalkulatzen da.

2011-2015 epealdirako bere Plan Estrategikoari jarraiki, hegazkin komertzial ertainentzako motorren merkatuan barneratu da ITP, Pratt & Whitney konpainiarekin adostutako akordioari esker. Ignacio Mataixek adierazi duenez, “Kontratuak balio estrategiko bikoitza du ITPrentzat, Pratt & Whitneyrekin dugun aurreneko kontratu garrantzitsua baita, hain zuzen ere, oraindik sartuta ez geunden merkatu bakarrean, alegia, pasillo bakarreko hegazkin komertzialen merkatuan. Bestalde –gehitu du–, hori erronka bat da, operadore globala den ITP Taldearentzat markatutako hazkundearen bidea berresten duena, ITPren ahalmenak modu bikainean uztartzen dituen programa baten bidez”.

Bere aldetik, Todd Kallmanek azaldu duenez, “Pratt & Whitney arro dago ITPk PurePower® motor-familian parte hartzeari ekin diolako. Akordio horri esker lankidetza iraunkorra eta arrakastatsua izatea espero dugu”.

Bazkidea eta partaidetza industriala

ITP eta Pratt & Whitney konpainien arteko akordioak arrisku eta mozkin partekatuak ditu eta horren arabera, Geared Turbofan™ (GTF) motorrak dituen lau aplikazioen egiturak eta kanpo-elementuak hornituko dira. GTF motor-familiak 15.000 eta 35.000 arteko libra-bultzada hartzen du barne eta gaur egun ondoko hegazkin modeloetan erabiltzen da: Airbus A320neo, Bombardier kanadarraren C-Series, Mitsubishi Regional Jet japoniarra eta Irkut MS-21 errusiarra.

Hegazkintza komertzialean, hegazkin ertainen segmentua da handiena, mundu osoan 12.000 aireontziz osaturiko flotarekin. Datozen 20 urteotarako kopuru hori 23.000 aireontzietara heltzea aurreikusten da. Flota haz dadin, 40.000 motor ertain baino gehiago ekoiztuko dira munduan 20 urteren buruan.

GTFn parte hartzeari esker, pasillo bakarreko hegazkin komertzialek erabiltzen dituzten motorren hiru heren baino gehiagotan egongo da ITP. Pasillo bikoitzekoen kasuan, ordea, %50ko partaidetza-kuota du jada.

Geared Turbofan™ kontzeptua

Behe-presioko turbinaren eta Fan haizagailuaren artean kaxa erreduzitzailea sartzean datza Geared Turbofan™ kontzeptua, hala, bi moduluek abiadura ezberdinetan bira daitezkeenez, bakoitza bere aldetik optimiza daiteke. Ondorioz, eraginkortasuna nabarmen hobetzen da eta, beraz, baita erregaiaren kontsumoa, zarata eta gas-isurketak ere.

Geared Turbofan programaren arrisku-bazkide izaki, ITP lankidetzan arituko da P&Wrekin bere industria-ahalmena P&Wren abiarazte-arrapalarekin lerrokatzeko eta bere ardurapean fabrikatuko du Zamudion nahiz Mexikon dituen instalazioetan. ITPk 100 milioi euro baino gehiagoko inbertsioak egingo ditu.

Partekatu

Beste berri batzuk