Jakiunde jardunaldia: Krisiak iraganeko lezioak eskaintzen dizkigu etorkizun itxaropentsua eraikitzeko

Bizkaia

–      Jardunaldian parte hartu dute azken ekonomi eraldaketetako zenbait protagonistek, hala nola, Jon Azuak, Juan Ignacio Vidartek, Ignacio Martínek, Andoni Aldekoak, Andres Arizkorretak, Mari Carmen Gallasteguik, Pedro Miguel Etxenikek, José Antonio Garridok eta Javier Retegik.

–      Jon Azuak esan duenez, “Azken 35 urteotan Euskadik jakin du estrategia bat garatzen eta estrategia horren bidez naturalki aurre egiten bere etorkizunaren jabe izateko zailtasunak dituen eskualde baten erronkei”

argazkia Jornada JakiundeBilboko Alondegiak elkarrekin batu ditu gaur zuzendaritzako karguak, enpresariak eta Eusko Jaurlaritzako kargu instituzional ohiak Jakiunde-Euskadiko Zientzia, Arte eta Letren Akademiak antolatutako enpresa topaketa batean. Jakiunde gogoeta foro bat da, euskal gizarteko hainbat arlotako pertsonalitatez osatuta, eta “Krisiak 2014” proiektuaren barruan bere hirugarren topaketa antolatu du, “Iraganeko ikasgaiak etorkizuna eraikitzeko” lelopean.

SPRI-Ekonomi Garapen eta Lehiakortasun Saileko enpresa agentziak babestutako jardunaldi honen amaiera ekitaldian hizlari aritu da Estíbaliz Hernáez, Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasun sailburuordea, eta esan du “ezinbestekoa dela Euskadiren sektore indartsuenetan zentratzea. Aurrera egiten eta hobetzen jarraitu behar dugu onak garen horretan”.

Bilboko alkate Ibon Areso jaunak eman dio hasiera José Luis Larrea akademikoak koordinaturiko topaketa honi, eta bere hizketaldian Bilboren eraldaketan izan duen esperientzia azaldu du. Goizean zehar Aresorekin batera hainbat pertsonalitate ere izan dira, nolabait ordezkatzeko gure herriak azken hamarkadetan bizi izan dituen krisialdi eta eraldaketa ekonomikoak arrakastaz gainditu dituzten lider politiko eta enpresarialak.

Hala, beren esperientziak azaldu dituzte Jon Azuak (Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde ohiak), Juan Ignacio Vidartek (Guggenheim), Ignacio Martínek (Gamesa), Andoni Aldekoak (Bilboko Udala), Maria José Aranguren eta Mikel Navarrok (Orkestra), eta baita ere Andres Arizkorreta (CAF), Mari Carmen Gallastegui, Pedro Miguel Etxenike, José Antonio Garrido eta Javier Retegi Jakiundeko akademikoek.

Jon Azuak, Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde ohiak, “Euskal Herriko historia industrialaren azterketa. Begirada bat iraganari etorkizuna eraikitzeko” azterketa iradokitzailea aurkeztu du, zeinetan adierazten duen azken 35 urteetan Euskadik jakin duela estrategia koherente bat garatzen eta estrategia horrek aukera eman digula ”naturaltasunez aurre egiteko bere etorkizunaren jabe izateko zailtasunak dituen eskualde baten erronkei”.

Jardunaldia bukatzeko, bi enpresa arrakastatsuren kasuak ezagutu ditugu CAFeko kontseilari delegatu Andrés Arizkorretaren eta Gamesako presidente exekutibo Ignacio Martínen eskutik. Bi kasu horietan, beren aurreko kasu guztietan bezalaxe, hauexek izan dira arrakastaren giltzarriak: lidergoa, lankidetza publiko-pribatua, finantzaketa eskuratzeko aukera eta epe luzeko garapen egonkorraren aldeko apustua.

Jose Luis Larreak esan duenez, jardunaldiaren amaieran “arrazoizkoa dirudi iraganera begiratzea etorkizunerako jarraibideak aurkitzeko. Betiko arazoei begiratu behar zaie, baina bizi izandakoaren esperientziaz aberastutako ikuspegi batetik. Testuinguruak desberdinak badira ere, ekonomiaren oinarriei begiratu behar zaie antzeko arazoei aurre egin zietenen begi eboluzionatuekin”.

Partekatu

Beste berri batzuk