Javier Olarte, CIC energiGUNEko Teknologia Transferentziako Zuzendaria, “Research Chair” izateko hautatu dute BEPAk eta Batteries Europek
Europako Batzordeari baterien arloko ikerketa-ekintzak identifikatzeko aholkuak ematen dizkion Elkarteak, ikuspegi industriala koordinatu eta dinamizatuko duen aditu-taldeko kide izateko hautatu du Olarte, “Aplikazio Finkoei eta horien Integrazioari” buruzko Lantaldearen barruan
BEPA- Batteries Europek Javier Olarte, CIC CIC energiGUNEko Teknologia Transferentziako zuzendaria, elkarteko sei lantalde estrategikoetako baten “Research Chair” izateko aukeratua izan da. Talde horrek aholkularitza ematen dio Europako Batzordeari bateriaren arloko ikerketa- eta berrikuntza-jardueren lehentasunak identifikatzeko. Olarte “Aplikazio Finkoei eta horien Integrazioari” buruzko Taldearen Ikerketa-arduraduna izango da. Talde horretako kide izango dira, halaber, Enel Xko Christina Noce, Industria-Arduradun gisa, eta Fraunhofer ISEko Matthias Vetter, Aholkulari Tekniko gisa.
“Sektorearentzat une erabakigarrian gaude, eta oso garrantzitsua eta esanguratsua da foro honetan CIC energiGUNE maila gorenean ordezkatuta egotea”, adierazi du Olartek. “Gainera, uste dut izendapenak zentroan lortzen ari diren emaitza handiak eta lehiakortasunerako bidean Europari egin diezaiokegun ekarpen handia aintzatesten dituela”.
“Research Chair”-en barruan, Olarteren ardurapean arituko den Lantaldearen zeregin nagusia teknologia-berrikuspenak eta ibilbide-orriak argitaratzea, eta Horizon Europeren lan-programetarako baterien I+G gakoak identifikatzea, lehenestea eta idaztea izango da. Bere zereginak Batteries Europeren funtsezko helburua, hau da, mundu mailako baterien industria europarraren ezarpena bizkortzea eta bultzatzea, eta EBren ekimenen arteko sinergiak eta osagarritasunak indartzea, indartuko du.
Oro har, “Aplikazio Finkoei eta horien Integrazioari” buruzko talde hau aplikazio finkoetarako baterien sistemetan zentratuko da (ESS, makineria industrial estatikoa, 2. bizitza), aplikazioen arteko sinergiak ustiatuz, bateria-sistema mailan teknologia berriak garatuz, mekanikak, ingeniaritza elektriko eta termikoko alderdiak, eta bateriak kudeatzeko softwarea eta hardwarea kontuan hartuta.
Javier Olarterekin batera, BEPAk Europako aditu ospetsuenetako batzuk aukeratu ditu Lantalde Estrategikoen buru izateko, hala nola Uppsalako Unibertsitateko Kristina Edström, VTTko Maja Vilkman, Politécnica di Torinoko Silvia Bodoardo, edo AITkoa Marcus Jahn eta Michele de Gennaro. Profesional horiek Batteries Europe proiektuan parte hartzeak baterien inguruko trebetasunak, ezagutzak eta teknologia garatzen lagunduko duen I+G+b ekosistema ezartzearen aldeko apustua sendotzen du.
Javier Olartek 30 urte baino gehiagoko esperientzia du energiaren biltegiratzearen eta potentzia-elektronikaren industrian. Bateria-sistemen, biltegiratze-sistemen, eragiketen eta ingeniaritza-kudeaketaren ikerketan eta garapenean prestakuntza zabala du, eta plan estrategikoak ekimen taktiko bihurtzen aditua da. 2018az geroztik, CIC energiGUNEko Teknologia Transferentziako zuzendari postua eta Bcare spin-offeko CEO kargua uztartzen ditu.