Karbono-zuntzezko konposite jasangarri eta lehiakorrak, CIDETEC Surface Engineering etxearen helburua
Z-WasTEK proiektuaren xedea da karbono-zuntzezko eta erretxinazko konpositeei balioa ematea, 3R irizpideari jarraikiz: konpongarria, birziklagarria eta jasangarria
CIDETEC Surface Engineering etxeko ikertzaileak buru-belarri ari dira Z-WasTEK proiektuan lanean, zeinaren helburua baita Zero Waste teknologia berriak garatzea (zero hondakin), kalitate handiko karbono-zuntzezko konpositeak fabrikatzeko, CIDETECek patentaturiko 3R irizpideko erretxina baliatuz –konpongarria, birziklagarria eta jasangarria–. Metodo berriari esker, konposite horren fabrikazioan sortutako hondakin guztiak ezabatu ahalko dira, eta hasierako kalitate berarekin eta kostu lehiakorrean berreskuratu ahal izango da karbono-zuntza.
Birziklatzeko teknologia horrekin lortutako materialarekin, prototipo berriak garatuko dira automobilgintza- eta trenbide-sektoreetarako.
Z-WasTEK proiektua Eusko Jaurlaritzaren enpresetako I+Ga babesten laguntzeko HAZITEK programaren barruan garatua da, zeina Europar Batasunak kofinantzatzen baitu Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren bidez (FEDER). OBE HETTICH SL enpresak gidatzen du egitasmoa. Orotara 2,4 milioi euroko aurrekontua du, 2020an hasi zen eta 2022an amaituko da.
CIDETEC Surface Engineering etxeak ez ezik, enpresa hauek ere parte hartzen dute: MARISKONE SL, FIBERTECNIC SA, FIBER PROFIL SL, SEGULA TECNOLOGÍAS ESPAÑA SAU, IGESTEK INCREASE&WIN SL, MAIER S COOP eta INKOA SISTEMAS SL.