Kontsumitzaile berriak, haien lehentasunak eta kontsumo-ereduak definitzen dituzten bederatzi elikadura-joera

Bizkaia

Elikadura-joerek adierazten dute osasunarekiko eta ingurumenarekiko kontzientzia handiagoa izango dela eta plazera eta entretenimendua lortzen saiatuko dela

Gaur egungo eta etorkizuneko produktuek hainbat bizitza-estilotara egokituta egon beharko dute, baita hiriko bizitza-erritmora, kontsumo-une berrietara eta pertsona bakoitzaren behar espezifikoetara ere

 Txostena tresna lehiakorra da nekazaritzako elikagaien sektorerako, eta aukera ematen du kontsumitzaileen nahiei aurrea hartzeko

tendencias_AZTINola elikatuko gara etorkizun hurbilean? Zer, nola eta non jango dugu? Osasunari emango al diogu lehentasuna elikatzeko orduan? Besteak beste galdera horiei erantzun nahi die AZTI itsasoaren eta elikagaien ikerketan espezializatutako zentro teknologikoak gaur aurkeztu duen azterlan berriarekin: EATendencias Munduko elikadura-joerei buruzko lana (ikusi azterlana hemen: http://www.azti.es/es/eatendencias-2016/). AZTIk hauteman dituen aurreikuspenek hainbat alderdi adierazi dituzte, hala nola hiriko bizitza-erritmoaren beharretara egokitutako elikadura, osasunaren eta ingurumenarekiko errespetuaren inguruan kontzientziazio handiagoa, pertsona bakoitzaren behar espezifikoetara egokitutako elikagaien eskaera eta janaria plazer- eta entretenimendu-iturria izatea. Kontsumo-eredu berriak ezagutuz, elikagaien sektoreko enpresek kontsumitzaileen itxaropenetara egokitu ahal izango dituzte beren produktu eta zerbitzuak, eta, hala, sektorea lehiakorragoa eta errentagarriagoa izango da.

Azken urteotan, kontsumitzaileen kontsumo-ereduak eta eskaerak aztertu ditu AZTIk, eta bederatzi elikadura-joera zehaztu ditu. Joerok gaur egun jada ikusten dira, eta hurrengo urteetan zabaldu eta finkatu egingo dira. Hauek dira joerak: Elikadura iragankorra, Kontzientzia-elikadura, Osasun pertsonalizatua, Nire neurrira, Erraza eta zentzuzkoa, Jatorriak axola du, Elikadura-esperientzia, Parte-hartzea eta Kontzientzia

“Elikadura iragankorra”k esan nahi du hurrengo urteetan janari-kontsumoak hiriko bizitza-erritmo berrietara egokitu beharko duela, elikagaiak edozein unetan eta edonon eskura izanik eta unean bertan asebetez, kalitatea eta osasungarritasuna txikitu gabe. “Kontzientzia-elikadura” ingurumenaren aldetik jasangarriak diren eta ekoizpen-kateko mailetan pertsonei edo animaliei tratu txarrik eragin ez zaien produktu eta zerbitzuen aldeko gero eta apustu irmoagoa da.

Norberaren osasun-egoera zein den gero eta hobeto jakiteak beren osasun-egoera kudeatzera daramatza kontsumitzaileak eta dieta pertsonalizatu baten alde egitera, produktu osasuntsu eta beren behar jakinetara egokitutakoekin. “Osasun pertsonalizatua”ren aldeko apustu hori “Nire neurrira” kontzeptuarekin osatzen da. Kontsumoa nork bere nortasuna adierazteko beste modu bat da, eta, beraz, nortasun hori indartzen laguntzen duten elikadura-produktuak eta -zerbitzuak eskatzen ditu publikoak.

Gaur egungo bizitza-erritmo bizkorrean, “Errazaren eta zentzuzkoa”ren alde egiten dute pertsonek, eta denbora aurreztuko dieten eta bizitza erraztuko dieten soluzio malguak eta arrazoizkoak eskatzen dituzte. Erritmo bizkorreko eta globalizazioko gaur egungo testuinguruan, tokikoarekiko eta gertukoarekiko lehentasun handi bat sortzen ari da aldi berean, eta horrek “Jatorriak axola du”ela erakusten du.

Kontsumitzaileek, jateko orduan, produktu bat erostea baino gehiago nahi dute; une paregabe eta gogoangarri bat emango dien “Elikadura-esperientzia” bat. Ondo pasatzea, berriarekiko erakarpena eta egoera emozionalak bilatzea (zoriontasuna, lasaitasuna, urduritasuna…) elikaduraren unibertsoaren parte dira dagoeneko. Bestetik, teknologia berriak elikaduraren inguruan parte hartzeko kultura bat sustatzen ari dira. Kontsumitzaileak ez dira janari-hartzaile soilak; “Parte-hartzea”ren bidez, produktu berrien zaporeei eta eskaerei buruz iritziak eman ditzakete, haietatik ikasi eta haiengan eragin. Kontsumitzaileen parte-hartzeak izan duen bultzadaren adibide bat da elkarlaneko kontsumoko plataformek sortu duten irabazia: 2015ean, 3.500 dolar baino gehiagokoa izango da.

Elikaduran, “Kontzientzia”ren joerak, berriz, produktu, enpresa eta marka irekiago, zuzenago, enpatikoago, eskuzabalago eta baita dibertigarriagoen alde egitera eramaten ditu pertsonak. Bere buruarekin identifikatzeko produktuen bila aritzen dira kontsumitzaileak, eta elikagaien sektorearen eta pertsonen arteko harremana konfiantzan eta gardentasunean oinarrituta egotea nahi dute. Bere balio pertsonalekin bat datozen enpresekin identifikatzen da kontsumitzailea.

Food Trend Trotters eta AZTIko joera-harrapariak

Elikadura-joerak identifikatzeko gaur aurkeztu den azterlana AZTIk egiten duen bigarrena da. Lehenengoa 2012an argitaratu zen. Elikadura-joerak (“EATendencias”) zehazteko lana merkatua ikertzeko lan batekin hasten da, non informazio-bilketa nagusitzen den eta non behaketa, zaintza eta entzute aktiboa protagonistak diren. Horietako zeregin asko AZTIren kaleko zaintzako Food Trend Trotters proiektuaren esparruan garatu dira, eta proiektu horren osagarri izan dira AZTI Spotters (joera-harrapariak) barneko lantaldea eta “The Food Mirror Game”ren bi edizioak: elikadura-berrikuntzak jasotzeko mundu mailako eta onlineko ekimen bat.

Hurrengo fasea joeren lehenengo formulazio bat egin arte ikerketan bildutako datuak aztertzea eta interpretatzea izan da. Azkenik, enpresekin egiaztatzeko eta baliozkotzeko fasea dago. Hemen, aurrez definitutako joerak testuinguruan jartzen dira, eta, aldi berean, joera horiei eusteko ebidentziak eta datuak bilatzen dira.

Elikagaien industriarako lehiakortasuna

Publikoaren lehentasunak eta itxaropenak zein diren jakitea funtsezkoa da elikagaien industriarentzat. Sektoreari aukera ematen dio uneko merkatuaren benetako eskaeretara egokitzeko, eta etorkizuneko merkatuaren eskaerei aurrea hartzeko. Hala, gehiago finduko da produktu berrien merkaturatze-prozesua. EATendencias lanak produktu eta zerbitzu bereizgarriak, errentagarriak eta pertsonentzako balioa dutenak diseinatzen eta egiten laguntzen die elikagai-enpresei. Gainera, negozio-aukera berriak arakatzen eta proposamen berritzaileagoak eskaintzen laguntzen dute sektore oso lehiakor batean.

Elikadurako joerak ezagutzeak, halaber, aukera ematen die elikaduraren sektoreko enpresei EATendencias azterlanean identifikatutako xede-publikoekin bat datozen komunikazio- eta marketin-estrategiak garatzeko.

Partekatu

Beste berri batzuk