Krisiaren eraginez hainbat enpresek beren Bizkaiko Teknologia Parkerako lekualdatzea alde batera utzi behar izan dute
Sasoi betean dagoen arren, hainbesteko beldurra zaion krisiak Parkean ere eragina izan du, hala ere kaltea txikia izan da “etxeko lanak eginda” baititu. Zamudio eta Derio artean finkatutako Bizkaiko Teknologia Parkeak egun bere hirugarren hedapen-fasea gauzatzen ari da. Dagoeneko enpresa batzuek bertan kokatzeko interesa azaldu dute, beste batzuek, ordea, beren proiektuak behin-behinean baztertu dituzte ekonomiaren egoerak hobera egin arte.
“Udatik aurrera ikusi dugu enpresak geroz eta gehiago hausnartzen dutela horren inguruan. Finantziazio-iturriak ixten doaz eta hori inbertsio-erabakietan nabaritzen da. Horrek ez du esan nahi inbertsio-egitasmoak bertan behera utziko direnik, baizik eta bazterrean utziko dituztela, hau da, kutxa batean sartuko dituzte egoera hobetzen denera arte. Ez dute atzera egin, baina enpresaren batek adierazi digunez, alde batera utziko dute laster berriz ere horri ekiteko”, azaldu du Txaber Ourok, Bizkaiko Teknologia Parkeko zuzendariak.