Lantek eta BCAM elkarlanean ari dira txapa mozteko piezen habiaratzearen kalkulura iraultza ekartzeko

Albisteak, Araba

Lantek-ek, txapa eta metalaren sektore industrialaren eraldaketa digitala ekarri duen multinazional aitzindariak, lankidetza-hitzarmena sinatu du Matematika Aplikatuko Euskal Zentroarekin (BCAM)

Matematika Aplikatuaren arloko nazioarteko ikerketa-zentro hau Eusko Jaurlaritzak, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Ikerbasque fundazioak bultzatu zuten 2008an, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Innobasque elkartearen babesa ere badu. Egun, goi-mailako 90 ikertzailek egiten dute lan BCAMen, hainbat esparrutan, datuen zientziatik modelaketa matematikora.

Bi erakundeek sinatutako hitzarmenaren helburu nagusia da matematika aplikatuko eredu eta algoritmo berriak lortzea, deformazio metalikoaren industrian kalkulu eraginkorragoak egite aldera. Industriako kasuen zailtasuna gero eta handiagoa da, izan ere, konplexutasun handiagoko egoera ugari daude mekanizazioari lotutako kalkuluak egiterako orduan eta materialaren erabileraren optimizazioan, makinak modurik eraginkorrenean erabiltze aldera.

Elkarlan honekin, bide berriak bilatu nahi dira piezak habiaratzeko. Industrian, nesting izeneko prozesuaren helburua da materiala ahal bezain beste aprobetxatzea; horretarako, moztu beharreko piezak modurik egokienean konfiguratzen eta jartzen dira txapan, materialik alferrik ez galtzeko eta, horrez gain, makinak mozteko behar duen denbora optimizatzeko.

Bere hastapenetatik, Lantek-en helburua izan da softwarearen ingeniaritzan bikaintasuna lortzea, produktu berriak garatuz eta eredu matematikoei buruzko ezagutzak aplikatuz; hala, hobeto erantzungo zaie txapa eta metalaren industriako erronkei. Hori dela eta, enpresa sortu zenetik, bere ikerketa-ildo nagusietako bat izan da 2D piezak mozterako orduan txapazko xafla errektangular handiak modurik egokienean jartzeko era aurkitzea, material gutxien alferrik galtzeko. Eta, gainera, ahalik eta denbora laburrenean egin nahi izan du.

Lantek-en xedea da inplementazioa etengabe hobetzea, eta, horretarako, algoritmo eraginkorrak behar ditu; hala, 2D habiaratzearen optimizazioa lortuko du hainbat ikuspuntutatik. Zentzu horretan, BCAM ikerketa-zentroaren barruan, Matematika Konputazionaleko taldeko ikertzaileek (modelazio eta optimizazio geometrikoan esperientzia zabala dutenak) beren jakintza jarri dute Lantek-en eskura, eta, hasieratik, helburu hauek dituzte:

  • Algoritmo eraginkorra diseinatzea 2Dn metalezko piezen habiaratzearen arazoa konpontzeko.
  • Neurrizko parekatze-neurriak diseinatzea, forma lokalen parekatzean oinarrituta.
  • Egun areak (pixelak) erabiltzen dituen inplementazioa hobetzea, limiteen bitartez.
  • Software bat garatzea, kalkuluak arinago egiteko eta materiala ahalik eta ondoen aprobetxatzeko.

Orain arte erabilitako metodoek objektuen adierazpen geometrikoa hobetzea dute helburu, bai eta pieza desberdinen erpinen artean soluzio lokalak aurkitzea ere.

BCAM zentroaren proiektuburu Michael Barton ikertzaileak azaldu du ikuspegi matematiko eta konputazionaletik begiratuta elkarlan honen erronka dela soluzio oso zehatza lortzea, raster formatura aldatzean (ingelesez, rasterization) tamaina minimoan mantenduz, algoritmoa arintzeko eta konputazio denbora luzeegiak saihesteko.

Beraz, BCAMekin sinatutako akordioak atea irekitzen du txapazko piezen habiaratzea hobetzeko, ikuspuntu berri eta berritzaileetatik abiatuta, eta, horrenbestez, aurrerapauso esanguratsuak emateko eta txaparen industria eraginkorrago egiteko.

“Lantek aitzindaria izan da beti software soluzioetan, adibidez, Lantek Expert izenekoarekin; horren bitartez, txapa eta metalaren sektorean diharduten enpresek moztu beharreko piezen habiaratzea hobetu dute. BCAM zentroarekin sinatutako lankidetza-hitzarmenari esker, ikerketarako baliabide oso potentea izango dugu gure de I+G-ko elkartean; hala, problema matematikoak ikertuko ditugu, oro har, eta habiaratzea hobetuko dugu. BCAM ekin elkarlanean, algoritmo eraginkorra diseinatu nahi dugu, espazioaren okupazioa optimizatzeko eta, horrez gain, alferrik galtzen den materiala eta kalkuluak egiteko denbora ahal bezain beste murrizteko”, azaldu du Lantek-eko CEO Alberto López de Biñaspre.

Bestalde, BCAMeko zuzendari zientifiko Jose A. Lozanok baieztatu du zentroaren lehentasuna izan dela, hasieratik, jakintza horiek industriara transmititzea, eta helburu horrekin sustatu dela Ezagutza Transferitzeko Unitatea (KTU), alegia, “bizitzako aplikazioetan oinarritutako erronka zientifikoei aurre egiteko soluzio matematikoak garatzeko eta industrian laguntzeko plataforma”. Lozanok azaldu du elkarlan horrek “hitzarmen estrategikoak, I+G+b-ko proiektuak, baterako posizioak, prestakuntza-ikastaroak, masterra zein doktoretza egiten ari diren pertsonen gainbegiratzea eta hedapen-jarduerak” barne hartzen dituela.

Halaber, BCAM zentroak eta Lantek-ek sinatutako hitzarmenaren barruan, doktoretzako ikasle batentzako lanpostua (atzerrian) eskainiko da. Hala, ikasleak, Lantek-eko ikertzaileekin elkarlanean, hainbat aukera ikertu eta algoritmorik onenak balioetsiko ditu, erabilgarritasunaren eta probetan lortutako emaitzen arabera. Proiektu horrek 4 urte iraungo du, eta, bukatu ondoren, doktore-tesia argitaratuko da.

“Berrikuntzaren aldeko apustua egitea ezinbestekoa da guretzat; hori dela eta, urtero inbertsio handia egiten dugu I+G+b-n, sektoreko batez bestekoa baino askoz gehiago. BCAMekin elkarlanean aritzeari esker, hobekuntza esanguratsuak lortuko ditugu nesting-aren arloko bezeroentzat, izan ere, alferrik galtzen duten materiala murriztuko dute zentzuzko epean”, azpimarratu du Lantek-eko CEOak.

Partekatu

Beste berri batzuk