Lantekek eta Vicomtechek 3Dko simulazio interaktiboa BeroSim-ekin egindako txapa-mozketako prozesu termikoetara eraman dute

Araba

  • Bi erakundeen artean egindako lankidetza-proiektuak balio erantsi handia eskaintzen dio metala mozteko industriari eta sektore horrek Industria 4.0aren arloan egindako eraldaketa digitalerako aurrerapena ekarri du
  • BeroSimek berrikuntza industriaren esku jarri du, eragingarritasuna areagotu du eta baliabideak nabarmen aurreztea ahalbidetzen du, mozketa-prozesuan materialean gerta daitezkeen deformazioei aurre hartuta eta horiek ekidinda.  

Berosim2Merkatuaren beharrekiko eta bilakaera teknologikoko prozesuekiko beti adi egonda, eta I+G+b arloko bere estrategiaren baitan, Arabako Teknologia Parkean kokatuta dagoen Lantekek, metalaren sektore industrialaren eraldaketa digitalean aitzindaria den multinazionalak, BeroSim jarri du abian egoitza Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean duen Vicomtech-ekin (Interakzio Bisualeko eta Komunikazioen Teknologien Zentroaren Fundazioa) elkarlanean. Proiektu horren helburua laser edo plasma bidezko mozketa-prozesuan bero-iturriek txapan zer eragin duten modu grafiko eta interaktiboan kalkulatzea ahalbidetzen duen 3Dko simulazioko software-sistema garatzea izan da.

Ekimen horren bidez, bi erakundeek metala eta txapa eraldatzeko industriari haien beharrei erantzungo dieten eta benetako balio erantsia gehituko duten irtenbide eta zerbitzu berritzaileak eskaintzeko duten helburuan beste urrats bat eman dute. Hala, enpresek 4.0 industriak eta fabrikazio aurreratuak bultzatzen duten mundu mailako ingurune aldakorrera eta gero eta lehiakorragoa denera egokitu ahal izango dute.

Txapa metalikoaren mozketa-prozesuen simulazioa txapa mozteko ordena eta estrategia onena zehaztea eta errendimendua nabarmen hobetzea ahalbidetzen duen produkzio-prozesuko fase bat da; izan ere, diseinuko fasean aurrez ikusi ez ziren irregulartasun posibleei aurre hartzea eta haiek detektatzea ahalbidetzen du. Hala, BeroSimekin programa makina errealean proban jarri behar izatea ekiditen da. Horrek, era berean, aurrezkia ekartzen du makinaren denboran, materialetan eta energian eta, aldi berean, gerta daitezkeen laneko istripuak edo matxurak murrizten ditu.

Hemendik aurrera, eta BeroSimi esker, erabiltzaileak simulazio bidez ikusi ahal izango du mozten den heinean txapan berotasuna nola hedatzen eta zabaltzen den eta materialean zer eragin sortzen den. Izan ere, plasma edo laser bidezko teknologiak erabiltzen dituen mozketa-prozesuak txaparen tenperatura orokorra modu lokalean areagotzen du eta materialaren propietateak aldarazten ditu eta horrek ezaugarriak aldaraz ditzake (lodiera eta abar).

Hala, BeroSimek txapa mozteko estrategia eta mozketaren eta mekanizazioaren ordena zehaztea ere ahalbidetzen du. Hala, pieza mozteko laserra aplikatzeko unean materialean deformazio posibleak gertatzea ekidin daiteke, txapa-kalitate ezin hobea lortzeko helburuarekin.

Era berean, erabiltzaileak makinaren mozketako ibilbidea eta ibiltartea zuzen ditzake, uneoro txaparen kalitatea mantenduta.

“Eraldaketa digitala sektore industrialean funtsezko alderdia bihurtu da eta balio erantsia eskaintzen duten irtenbide teknologiko aurreratuak behar ditu. Hori ikerketaren eta berrikuntzaren bidez bakarrik lor daiteke”, azaldu du Iñigo Barandiaran doktoreak, Vicomtecheko Industria eta Fabrikazio Aurreratuaren Saileko arduradunak. “Industriak motor ekonomikoa eta enplegu egonkorraren berme-emaile izaten jarraitu behar du eta hori teknologiaren laguntzarekin lortuko du”.

“BeroSimekin, aldaketa-prozesu hori lortzen eta txaparen mekanizazioko, simulazioko eta egiaztapeneko sektorea modernizatzen laguntzen dugu, produkzio-prozesuei eragingarritasun handiagoa emateko funtzionalitate eta gaitasun berritzaile batzuk gehituta. Hala, baliabideak (lehengaiak, giza baliabideak eta bitarteko ekonomikoak) optimiza ditzakegu”, adierazi du Lantekeko CAD/CAM sistemen garapeneko arduradunak, Susana Garcíak. “Vicomtechekin dugun lankidetza horrek, gainera, gure irtenbideen erabiltzaileei lehiakortasun eta eragingarritasun handiagoa lortzea ahalbidetuko dieten produkzio-ereduak eta metodologiak ezartzen lagunduko digu”.

BeroSim proiektuak Lantekek mundu mailan, oso lehiakorra eta heldua den merkatuan, berrikuntza arlon erreferente gisa duen posizionamendua sendotu du. Hala, Lantek Expert produktuari oso funtzionalitate bereizgarriak eskaintzen dizkio. Era berean, gainera, Vicomtechek ikerketa aplikatuaren bultzatzaile eta sustatzaile gisa, eta produktu berrien prototipoen garapenaren erraztaile gisa betetzen duen rola sendotzen du.

Bestalde, Lanteken eta Vicomtechen arteko lankidetza teknologikoak bi erakundeen arteko harremana sendotu du eta sektore industrialerako berrikuntza arloko haien ahaleginak osatu ditu.

BeroSim proiektuak artearen egoerarekin lotutako aurrerapen zientifikoa ekarri du eta prestigio handia duen Journal of Manufacturing Science and Engineering aldizkari zientifikoak aitortu du. Izan ere, Lanteken eta Vicomtechen artean egindako ikerketari buruzko artikulua argitaratu du txaparen mozketa-prozesuetan beroak duen eraginaren 3Dko simulazio interaktiboarekin lotuta.  “Ezinbestekoa da txaparen mozketa-prozesuetan iturri termikoek zer eragin duten ulertzea simulazio-tresna eragingarriak egin ahal izateko. BeroSimek izandako arrakasta Lanteken eta Vicomtechen arteko harreman arinaren ondorioa da”, adierazi du Aitor Moreno doktoreak, Vicomtecheko ikerlari eta prozesu industrialetako simulazio-tekniketan adituak.

Partekatu

Beste berri batzuk