Latinoamerikako Garapenerako Bankuaren garapen proiektuentzako finantzaketak euskal enpresen interesa piztu du

Araba

Latinoamerikako Garapenerako Bankuaren Europarako zuzendari Guillermo Fernández de Soto atzo elkartu zen Iñigo Urkullu Lehendakariarekin eta gaur batzartu da bankuaren finantzaketa instrumentuak erabili nahiko lituzketen 120 euskal enpresarekin.

120 euskal enpresak Latinoamerikako Garapenerako Bankuaren ordezkaritzarekin eginiko gaurko topaketan adierazi dute interesgarria iruditzen zaiela finantzaketa instrumentu eta tresnak eskuratzea Latinoamerikan dituzten proiektuak garatzeko. Bankuko ordezkari horiek Euskadira etorri dira bisitan eta Iñigo Urkullu Lehendakariarekin izan ziren atzo.

Bankuaren Europarako zuzendari Guillermo Fernández de Soto buru duen ordezkaritza Eusko Jaurlaritzako Kanpo Ekintzarako Idazkaritza Nagusiak antolatutako bidaian etorri da eta hiru egun igaroko ditu Euskadin. Gaur Bilbon egin den ekitaldia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak antolatu du SPRIren bitartez. Ekitaldiaren ondoren SPRIko zuzendari nagusi Alexander Arriolak Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren funtzionamendua eta eskaintzen dituzten programak azaldu dizkie ordezkariei.

Egitarauaren barruan hainbat hitzordu daude: gaur Bilboko Udalarekin elkartuko dira, bihar Energiaren Euskal Erakundearekin (EEE) Euskadiren Estrategia Energetikoa ezagutzeko eta baita ere Ingurumenaren Euskal Institutuarekin (IHOBE), Tecnalia-rekin, Deustuko Unibertsitatearekin eta Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin.

Gaurko jardunaldian, Latinoamerikako Garapenerako Bankuko ordezkariak finantzaketa tresna eta programak aurkeztu ditu eta erakundeak lehenetsi dituen jarduera sektoreak azaldu ditu, zeintzuen artean aipatzekoak baitira hezkuntza, hirien garapena, energia eta ingurumena, ura eta saneamendua eta garraio azpiegiturak.

Latinoamerikako Bankuaren helburuetako bat da azpiegitura proiektuak edo hezkuntzako, osasuneko, lehiakortasuneko, eta abarreko programak finantzatzea. Euskal enpresek proiektu horiek guztiak eskuratu ahal izango dituzte, baldin eta nazioarteko lizitazio publikoetan parte hartzen badute. Era berean, hemengo enpresek beren burua aurkeztu dezakete laguntza teknikoko zerbitzuak eskaintzeko, proiektu horien aurreko bideragarritasun azterketetan aholkularitza lanak egiteko eta jarduera esparru bakoitzeko premiak hobeto definitzeko eta programak egituratzeko.

Latinoamerikako Garapenerako Bankuak herrialde haietako sektore pribatua ere finantzatzen du, enpresen eta ekonomiaren garapena bultzatu dezan. Kasu honetan, euskal enpresek finantza baliabideak lor ditzakete, enpresetan edo industrian inbertsioak egiteko proiektuak badituzte.

Funtsean, erakundearen helburua da lehiakortasuna bultzatzea ekonomiaren hainbat sektoretan, herrialde haietako azpiegitura sozial eta ekonomikoa garatzea, eskualdea fisikoki eta muga aldetik integratzen laguntzea, ETEak eta mikro-enpresak garatzea, nazioetako eta eskualdeetako finantza merkatuak sendotzea, giza kapitala garatzea eta erakundearen barruko Estatu guztiak erreformatu eta modernizatzea.

Latinoamerikako Bankua Andeetako bost herrialdek (Bolivia, Kolonbia, Ekuador, Peru eta Venezuela) sortu zuten 1970ean. 2005ean bere jarduera-esparrua hedatu zuen Latinoamerika eta Karibeko gainerako nazioetara eta 2007an Argentina, Brasil, Panama, Paraguai eta Uruguairen sarrera formalizatu zuen eta herrialde kide bezala sartu ziren.

Caracasen (Venezuela) du egoitza eta gaur egun Latinoamerika, Karibe eta Europako 18 herrialde daude Bankuaren barruan: Argentina, Bolivia, Brasil, Kolonbia, Txile, Costa Rica, Ekuador, Espainia, Jamaika, Mexiko, Panama, Paraguai, Peru, Portugal, Dominikar Errepublika, Trinidad & Tobago, Uruguai eta Venezuela. Andeetako eskualdeko 14 banketxe pribatu ere erakundearen barruan daude. Bulegoak ditu Buenos Aires, La Paz, Brasilia, Bogota, Kito, Madril, Ciudad de Panama, Lima eta Montevideon. Enrique García da Bankuko presidente exekutiboa.

Euskadira egin dituen bisitak

Erakunde hau ez da ezezaguna euskal enpresa eta erakundeentzat. Latinoamerikako Garapenerako Bankua SPRIk antolatutako jardunaldi batean izan zen Bilbon 2011ko ekainaren 30ean (nahiz eta orduan beste izen bat zuen: Corporación Andina de Fomento – CAF), eta Andeetako eskualdearen garapena eta integrazioa sustatzeko agentzia eta banku anitz honek bere zerbitzuak aurkeztu zituen.

Partekatu

Beste berri batzuk