Laugarren industria-iraultzak Lurraldean izango duen eragina eta sorraraziko dituen aukerak aztergai Araba 4.0 jardunaldian
Mailarik goreneko parte-hartzaileak bildu eta Lurraldean abian diren ezarpenak aurkeztuko ditu
Irailaren 27an, asteazkenean, Araba 4.0 jardunaldia izango da Gasteizko Europa Biltzar Jauregian, Arabako Foru Aldundiak eta Araba 4.0 lantaldeak antolaturik. Ahaldun nagusi arabarrak legealdiaren hasieran bultzaturiko AGORA parte hartzeko prozesuaren emaitza da ekimen hori.
Enpresek, ikerketa-zentroek, unibertsitateak, lanbide-heziketako ikastetxeek, merkataritza-ganberak, Arabako Parke Teknologikoa, SEA Arabako Enpresariek, GAIAk, Innobasquek eta BIC Arabak hartzen dute parte Araba 4.0 lantaldean. Eragile horiek guztiak ados jarri dira elkarrekin lan egiteko, lurraldeak, lehenago egin izan duen bezala, erantzun egokia eman diezaion 4.0 industriaren errealitateari (eragin handia izango baitu gurean) eta lehiakortasun handiagoa eta kalitateko enplegua sor daitezen.
Jardunaldiaren helburua da parte-hartzaileek hobeto ulertzea zer dagoen 4.0 industriaren atzean; zergatik den hain garrantzitsua Arabarentzat; nolako eragina izango duen gizartean, enpresan, hezkuntza-komunitatean eta enpleguan; zer ekimen jartzen ari den martxan eragile bakoitza; eta zer aukera sorraraziko diren lurraldean.
Araba 4.0 lantaldeak uste osoa du «Arabako enpresek, handiek zein ETE-ek, elkarlanean jardunda, erantzun egokia emango dugula gure lurraldea 4.0 industriaren abangoardian egon dadin».
Ildo horretan, AGORA 4 taldea eratu eta egonkortzen emandako urratsa azpimarratu dute, baita abian jarritako zenbait proiektu ere, hala nola Teknocamp; Aldundiak eta Arabako Ganberak egindako akordioa, ETE-etan diagnostikoa egiteko 4.0 Industria zenbateraino ezagutzen duten eta zenbateraino egokitu diren jakiteko; automozioko gradua, 330 orduko ikastaro espezializatua (LH publikoan, pribatuan eta Ingeniaritza Eskolan) eta Ingeniaritza Aeronautikoaren alorreko doktoretza.
4.0 industriari buruzko bi panel izango dira jardunaldian: «4. industria-iraultza» eta «4.0 industria: enplegua eta prestakuntza». Panel horien aurkezleak izango dira, hurrenez hurren, Rosa García, Siemens Españako presidentea eta kontseilari delegatua, eta Santiago Niño-Becerra, ekonomialaria eta idazlea. Parte-hartzaile garrantzitsuak izango dira horietan: Emilio Titos, Gasteizko Mercedes plantako zuzendari nagusia; Paz Robaina, Gasteizko Michelineko zuzendari nagusia; eta Javier Fernández de Retana, Aernnovako erakunde-harremanetarako zuzendaria, besteak beste.
Orobat, 4.0 industriaren barruan biltzen diren teknologia nagusiak aurkeztuko dira jardunaldian, esaterako: gehitze-fabrikazioa, lankidetzako robotika, errealitate areagotua/birtuala, Gauzen Internet, big data eta zibersegurtasuna, baita Arabako enpresak dagoeneko egiten ari diren ezarpenak ere.
Amaitzeko, Victor Mayoralek, Erle Robotics enpresaren sortzaileak, datorkigun munduari buruz duen ikuspegiaren berri emango digu, bere enpresa garatzen ari den azken muga teknologikoan oinarrituta.
Araba 4.0 lantaldeak dei egin die enpresaren eta prestakuntzaren sektoreei, ekitaldi honetan parte hartzeko eta 4.0 industriaren inplikazioak bertatik bertara ezagutzeko. Era berean, atea zabalik utzi dute lantaldean kide gehiago sartzeko.
Jardunaldiaren inaugurazio instituzionala Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren eta
Arabako ahaldun nagusiaren esku egongo da, eta itxiera Gasteizko alkatearen esku.
Programaren eta parte-hartzaileen xehetasunak ikusteko eta bertaratzeko izena emateko, hemen dago aukera: www.araba40.eus.