Lehendakaria Basque Culinary Center X. urteurrena dela eta antolatu den ekitaldian izan da
Iñigo Urkulluk zentro honen izaera aitzindaria, ekosistema berritzailea eta nazioartekotzeko bokazioa nabarmendu ditu
Iñigo Urkullu Lehendakaria, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarekin eta Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuekin batera, Basque Culinary Center X. urteurrena, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean, dela eta antolatu den ekitaldian izan da. Bertan, zentro honen izaera aitzindaria, ekosistema berritzailea eta nazioartekotzeko bokazioa nabarmendu ditu.
Horrela, nabarmendu du aitzindariak izan direla sukaldaritza Unibertsitatera eramaten, sukaldaritzaren ibilbidea jasoz eta Unibertsitatearen esparrura ekartzen aurrenekoa izanez. “Sukaldaritzaren Unibertsitatea sortu duzue”, esan du.
Bere hitzaldian, Basque Culinary Centerrek berrikuntzaren alde egindako apustua ere azpimarratu du Lehendakariak. “Sukalde lanean berrikuntza ezinbestekoa da. Sukaldarien izpiritu hori miresten dut, beti elikagai, plater edo emozio berrien bila. Zuek ondo esaten duzuen moduan, Zentro hau berrikuntzaren laborategi bat ere bada”, adierazi du.
Nazioartekotzeari dagokionez, Urkullu Lehendakariak gogorarazi du hasiera hasieratik mundu zabalera begira jarri zela Basque Culunary Center; izan ere, “gastronomia kultura ere bada; mundu guztian, kultura guztietan, sukaldeak badu bere lekua eta garrantzia”. Zentzu honetan, nabarmendu du Zentro honek kultura guztiei irekitako sukalde bat jarri duela martxan eta horri esker, Euskadi Basque Country-ren izena eta izana hedatzen lagundu dela.
“Basque Culinary Centerren aurkitzen dugun grina, ilusioa, alaitasuna eta zoriontasuna gure gastronomiaren alde lan egiten jarraitzeko akuilurik onena dira, lehen eguneko grina, espiritu gazte, exijentzia eta konpromiso berarekin”, gaineratu du.
Basque Culinary Centerreko auditorioan egindako ekitaldian izan dira, halaber, Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidentea, Denis Itxaso Gobernuaren ordezkaria, Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusia, Eneko Goia Donostiako alkatea eta Vicente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektorea.