Lehendakariak BCMaterials bikaintasuneko ikerketa-zentroko instalazio berriak bisitatu ditu

Albisteak, Bizkaia

Iñigo Urkullu Lehendakariak, Nekane Balluerka UPV/EHUko errektorearekin eta Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuarekin batera, BCMaterials – Basque Center for Materials, Applications and Nanostructures bikaintasuneko ikerketa-zentroaren egoitza berria bisitatu du, UPV/EHUren zientzia-parkean, Leioan

Senentxu Lanceros-Méndez zentroko zuzendari zientifikoak lagunduta, Lehendakariak, sailburuak eta errektoreak zuzenean ezagutu dituzte BERC (Basque Excellence Research Center) zentro horrek Euskadiko ikerketa- eta unibertsitate-erkidegoari eskaintzen dizkion ikerketa-instalazioak eta -baliabideak, bai eta gaur egun langai dituen ikerketa-proiektu nagusiak ere.

Ekitaldian, era berean, Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordea izan da, BCMaterials-eko Patronatuko presidentea den aldetik, eta Fernando Cossío Ikerbasqueko zuzendari zientifikoa, besteak beste.

BCMaterialsen zentroko instalazio berriek 1.275 m²-ko eremua dute, parke horretako Martina Casiano eraikineko hirugarren solairuan, Bizkaiko Campuseko Leioa-Erandio arloaren ondoan. Leioako instalazio berri horietan, BCMaterialsek hamar laborategi berri ditu eta, haien artean, honako hauek nabarmendu behar dira:

Energiarako Materialen Laborategia; haietan, eguzki-zelulak eta baterientzako material eta teknologia berriak garatzen dira.

Elektronikako eta Fabrikazio Gehigarriko Laborategiak; haietan, funtzio anitzeko osagaien, elektronika malguko osagaien, sentsoreen eta eragingailuen bi eta hiru dimentsiotako inprimatzerako materialak prestatzen dira.

Zeramikako eta Metalurgiako edo Sintesi Kimikoko Laborategiak; haietan, besteak beste, imanen fabrikazio jasangarrirako aleazio berriak, metalen fabrikazio gehigarrirako material-hautsa, sentsore eta eragingailuetarako monokristalak, funtzio anitzeko material jasangarriak edo nanomedikuntzarako edo ingurumeneko erremediatzerako nanopartikulak prestatzen eta aztertzen dira.

Datozen hilotan, bigarren hedapen-fasea amaitzean, zentroak biomedikuntzarako materialetara eta ingurumenerako materialetara bideratutako laborategiak ere izango dituzte.

Instalazio berri horietara joan arte, BCMaterialseko langileek Zamudio eta Leioako Zientzia eta Teknologia Fakultateetan ziharduten lanean. Zientzia Parkearen egoitzan kontzentratzean, zentroa eragingarriagoa izango da, eta, gainera, aukera izango du harreman handiagoa izateko euskal unibertsitate-ekosistemaren barruan dauden eta beren jarduera ere parke horretan garatzen duten beste ikerketa-zentro batzuekin. Hala, sinergiak ezarri ditzakete haiekin guztiekin, bereziki, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko eta Zientzia eta Teknologia Fakultateko taldeekin eta Zientzia Parkean dauden gainerako BERC zentroekin: Achucarro, Bioifisika Bizkaia eta BC3; sinergia handiagoak ezarri ahalko dituzte.

BCMaterials bikaintasuneko ikerketa-zentroak, gaur egun, 70 ikertzaile baino gehiago ditu. Haien artean, 29 UPV/EHUko ikertzaile elkartuak dira, eta bederatzi Ikerbasqueko ikertzaileen talentua erakartzeko eta geldiarazteko programen bidez kontratatuak (5 Ikerbasque Research Professors y 4 Ikerbasque Research Fellows).

“Material berriak bizitza hoberako”

Gaur egun, BCMaterials 25 ikerketa-proiektu baino gehiago garatzen ari da, besteak beste, Europako sei proiektu, honako arlo hauetan: eguzki-energia bihurtzeko materialak, biomedikuntzarako elektrodoen garapena, fabrikazio gehigarrirako material aurreratuak eta funtzio anitzekoak, material kritikorik gabeko iman iraunkorrak edo ingurumeneko erremediatzerako materialak.

BCMaterialsek bere egunerokotasunean “Bizitza hoberako material berriak” ereduari jarraitzen dio, eta bere lana lemak aipatzen duen hitz bakoitzak motibatuta garatzen du: bai “material berri”ek motibatuta, bai guztiontzako “bizitza hobea”k motibatuta, zientzia- eta teknologia-bikaintasunaren bidez.

2012an sortu zen, Eusko Jaurlaritzak eta Ikerbasque Zientziarako Euskal Fundazioak sustatuta, bai eta UPV/EHUk eta Materialen, Aplikazioen eta Nanoegituren ikerketa-zentroak ere. BCMaterials 9 BERC (Basque Excellence Research Centers) zentroren sare baten barruan dago; haiek Hezkuntza Sailaren mende daude. Bere eginkizuna da materialen sorkuntza berriari buruzko ezagutza sortzea eta, horretarako, ezagutza hori gizartearen onurarako soluzio eta funtzio anitzeko gailu bilakatzea.

BCMaterialsen ikerketa-lana Euskadiko RIS3 Espezializazio Adimenduneko Estrategiaren lehentasunezko arloetako batean oinarritzen da, aurreikuspenen arabera etorkizuneko garapen teknologikoak ekarriko dituzten eremuetarako material berrien inguruan:

Gauzen Interneterako eta 4.0 Industriarako kritikoak diren sentsore eta eragingailuentzako materialak.

Era berean, aplikazio biologikoetarako eta biomediko aurreratuetarako materialei buruz ikertzen du.

Energiarako materialak, bai sorkuntzakoak, bai biltegiratzekoak.

Ingurumeneko erremediatzerako materialak eta ingurumenaren ikuspegitik jasangarriak diren funtzio anitzeko materialen sorkuntza berria.

BCMaterialsek gizartearekin erakusten duen konpromisoa ez da bakarrik ikerketaren, garapenaren eta teknologiaren transferentziaren ingurukoa, baita zientzia-kulturaren zabalkundearen eta talentu altuko sorkuntzaren ingurukoa ere, Euskadirako zientzialarien belaunaldi berriaren prestakuntzaren bitartez. Hori dela eta, BERC zentro horrek, halaber, material berrien inguruko maila altuko graduondoko gaikuntza du abian, eta zentro eta enpresa liderretan diziplina arteko elkarlana sustatzen du, zientzia- eta teknologia-aurrerapen nagusien indar sustatzaile gisa.

Partekatu

Beste berri batzuk