Lehendakariak BIOLAN bisitatu du Bizkaiko Parke Teknologikoan

.Iñigo Urkullu lehendakaria Biolan enpresan izan da gaur eguerdian bisitan, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean. Lehendakariak adierazi du zentroa lankidetza publiko eta pribatuaren arteko adibide dela, baita internazionalizazioaren adibide ere. Proiektu horretan, lehendakariaren aburuz, “herrialdea garatzeko eta hazkunde jasangarrirako lehentasunezko ardatzak” ageri dira: industria, internazionalizazioa eta berrikuntza.  Gaineratu du halaber Jaurlaritzak konpromiso irmoa duela ardatz horiekin.

Hain justu, zentroan bisitan zela, lehendakariak adierazi du Jaurlaritzak Industria Plana onartuko duela hurrengo asteetan enpresei eta ekonomia errealari laguntza emateko, baita Nazioartekotze Programa ere. Era berean, jakinarazi du Zientzia eta Teknologiaren Euskal Batzordea ere osatuko dutela. Urkulluk esan du ekimenok enplegua sortzera bideratuta daudela, eta horixe dela Jaurlaritzaren eta Euskadiren lehentasuna.

Biolan, era berean, euskal enpresaren adibide ere badela adierazi du, euskal enpresa helburu komun gisa ulertuta. Urkulluk esan du marko egokia dela elkarrizketa sozialari guztion artean berriro heltzeko, eta herrialdearen helburu bat dela.

Iñigo Urkulluk Biolan zentroan bisitan izan ondoren egin ditu adierazpenok. Esandako zentroan, enologiaren, nekazaritzaren eta elikaduraren eta bioosasunaren alorrean intereseko molekulak topatzen dituzten biosentsoreak garatzen eta merkaturatzen dituzte. Bisita horretan Jaurlaritzako ordezkari gehiago ere izan dira: Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuorde Estíbaliz Hernáez; Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuorde Bittor Oroz; eta Koordinazioko zuzendari Mikel Burzako. Instalazioak erakusten, enpresako zuzendaria izan dute: Aser Albizu.