Lehiakortasuna bilatzeko, euskal ETEek gehiago jotzen dute orain zerbitzu aurreratuentzako laguntzetara, eta ez hainbeste produktuentzako diru-laguntza tradizionaletara

Araba

+Innova Txekea Programaren laguntzaz, 877 euskal enpresak beren potentzial berritzailea indartu nahi dute zerbitzu berritzaileak ezarriz.

– Berritzaileenak eta enpresek gehien eskatu dituztenak branding zerbitzuak izan dira (markaren kudeaketa) eta baita ere lehiakortasunaren zaintzakoak, bezeroarenganako orientazioa eta merkatuko posizionamendua indartzeko erabiltzen direnak.

– Eusko Jaurlaritzak 3.387.000 euro inbertitu ditu SPRIren (euskal enpresa sareari laguntzeko Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren menpeko sozietatea) bitartez, ezarpen eta eragin azkarreko hobekuntzak lortzeko enpresen berrikuntzan eta lehiakortasunean.

877 euskal ETEk Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren apustua babestu dute, eta beraz lehiakortasuna bilatuko dute ukiezinei -besteak beste zerbitzu aurreratuei eta berrikuntzari- emandako laguntzen bidez, eta ez hainbeste produktuari edo eraldaketa-prozesuei emandako diru-laguntza tradizionalen bidez, nahiz eta horiek ere eskaintzen diren. Horixe ondorioztatu da SPRI Taldearen (euskal enpresa sareari laguntzeko Eusko Jaurlaritzaren menpeko sozietate publiko multzoak) “+Innova Txekea” programaren emaitzetatik, zeinaren helburua baita berrikuntza ez teknologikoko eta lehiakortasuna hobetzeko ekintza ukiezinak sustatzea euskal enpresetan. Programa hau lehendik existitzen ziren instrumentu publiko ugariei gehitu zaie.

3.387.000 euroko ekarpen ekonomikoarekin, programaren lehen edizioak agerian utzi du euskal enpresek zerbitzu berritzaileak ezarri nahi dituztela modu azkar, malgu eta eraginkorrean, eta horri esker oinarri sendoak finkatu dituztela lehiakortasunean inpaktu handia izango duten aldaketa eraginkorrak egiteko. Eusko Jaurlaritzak zerbitzuaren kostu garbiaren %75eraino finantzatuko du, 2.000, 4.000 eta 6.000 euro bitarteko txekeak emanez berrikuntza eta eraldaketa lehiakorreko prozesuetan inplikatu behar duten enpresa txikiei.

Hain zuzen, azpisektore guztietako 877 euskal industria-enpresak eskatu dituzte “+Innova Txekeak”, aise gainditu direlarik aurreikuspen guztiak. Eskaera horietatik 766 onartu dira.

Enpresek gehien eskatu dituzten zerbitzuak branding-ekoak izan dira (markaren kudeaketa), %21 zehazki. Horrek argi erakusten du ETEek beren merkatuko posizionamendua eta bezeroarekin duten harremana aldatu nahi dituztela. Garrantziaren arabera, hauek dira eskatu diren beste zerbitzuak: enpresen kudeaketa aurreratua (%17), finantzaketa gaikuntzako zerbitzuak eta lehiakortasunaren zaintza (%14). Zerbitzu guztien %14 konponbide praktikoak eta bezero-hornitzaile harremanaren ekintza eta garapenera bideratutako gogoetak dira. Azpimarratzekoa da, gainera, enpresen %7k beren negozio eredua aldatzea helburu duten ekintzak gauzatu dituztela eta %6k berrikuntza erradikaletako potentzialak identifikatzea helburu dutenak.

Ekimen berritzaile eta aitzindaria

“+Innova Txekea” berrikuntza sustatzeko tresna berritzaile bat da, Europako Batzordearen azken gomendioak jarraitzen dituena. Europako Batzordeak mota honetako instrumentuak sartu nahi ditu hainbat helbururekin. Batetik, enpresen berrikuntza eskaera sustatzea eta indartzea lortu nahi du; enpresak gehien komeni zaion produktu edo zerbitzua baino ez du aukeratuko, bere negozioaren baldintzen arabera, eta gero “+Innova Txekea” eskatuko du.

Bestetik, tramite administratiboak murriztu eta proiektuak gauzatu daitezen bideratu nahi da; eskatzaileari gutxieneko dokumentazioa eskatuko zaio exijitutako baldintzak betetzen dituela bermatzeko eta, azkenik, zerbitzu aurreratuen sektorea indartzeko. SPRIk eta Eusko Jaurlaritzak prozesu oso zorrotz bat gauzatu dute, zeinaren bidez kualifikazio eta esperientzia handiko 250 profesional baino gehiago dituzten 160 aholkularitza-enpresa homologatu baitira; hala, industria-enpresek aholkularitzak hautatu ondoren, aholkularitza horiek beren berrikuntza prozesuetan lagunduko diete.

Kapital soziala aprobetxatzea

Enpresa guztietara eraginkortasunez eta azkarrago iristeko, SPRIk eta Eusko Jaurlaritzak 30 bitarteko eragile eta enpresak sustatzeko tokiko agentziak dituzte, programaren kudeaketan lagundu dezaten. Eragile horiek bere esperientziaren eta gaitasunaren arabera hautatu dira, eta hala, bermatzen da zerbitzu egokia emango zaiela EAE osoko enpresa txikien premiei.  30 bitarteko eragile horiek SPRIren leihatila funtzioak beteko dituzte, enpresei tratu hurbila, malgua eta pertsonalizatua eskainiz. Eragileak InnovaNet Sareko kide dira.

SPRIk eta Eusko Jaurlaritzak bitarteko eragile horiekin lankidetzan monitorizatuko dituzte enpresek programaren bidez eskuratutako emaitzak eta datu horiek hartuko dira oinarritzat katalogoa eta “+Innova Txekea” programa eguneratu eta hobetzeko, zeina aurrera jarraitzeko eta berrikuntza sustatzeko euskal sistemaren erreferente izateko sortu baita.

 

 

Partekatu

Beste berri batzuk