LUR-1 lehen satelite %100 Euskadikoa: Lehendakariak AVS enpresari bere lidergoa aitortzen dio Euskadi “munduko eta espazioko mapan” kokatzeagatik

Albisteak, Araba

Iñigo Urkulluk AVSren instalazioak bisitatu ditu Euskadiko Parke Teknologikoko Vitoria-Gasteizko campusean, eta bere hurrengo espazio misioak ezagutu ditu

Enpresa hau LUR-1 Proiektuaren arduraduna da, hori izango da Lurra behatzeko erabiliko den lehen satelite %100 Euskadikoa; horretaz gain, gaur jakin denez, NASAko ROADS misioaren esleipenduna ere bada

Iñigo Urkulluk baieztatu duenez, espazio industria da hurrengo urteetan gehien haziko den sektorea, era berean, Lehendakariak Euskadi “munduko eta espazioko mapan” kokatzeko AVS enpresaren lidergoa nabarmendu du.

Arantxa Tapia sailburuak lagunduta, Euskadiko Parke Teknologikoko Vitoria-Gasteizko Campusean, AVS enpresak dituen instalazioak bisitatu ditu Lehendakariak gaur eguerdian, eta bertan hurrengo espazio misioen berri izan du enpresa honetako arduradunen eskutik.

Bisitaren ondoren, Lehendakariak miresmena erakutsi du, Elgoibar bezalako udalerri txiki batean jaio eta Araban finkatuta dagoen enpresa batek NASA edo Europako Espazio Agentzia bezalako “lehenengo mailako aliatuekin” gaitasun teknologikoak garatu eta partekatzen dituelako. “Ur handiak dira, ezbairik gabe. Gure herria harro egoteko modukoa”- bere ahotan.

Baieztatu duenez, Euskadi “urrats erabakigarriak” ematen ari da berrikuntzaren eta garapenaren alde, eta adierazi du I+G+b arloan egindako inbertsio publikoa %31 handitu dela azken hiru urteetan, eta horrek Europarekin bat etortzera hurbiltzen duela Euskadi.

Horretaz gain, konpainia hau gaur egun hau garatzen ari den lana zuzenean ezagutzeko aukera eman izana eskertu dio Lehendakariak AVSri, besteak beste LUR-1 Proiektua, Lurra ikuskatzeko erabiliko den lehenengo satelite %100 Euskadikoa, zeina hurrengo urtearen erdialdera jaurtiko baita Kaliforniatik, ‘SpaceX’ delakoaren ‘Transporter 11’ misioaren barruan.

Era berean, gaur iragarri denez, NASAren ROADS misioaren esleipenduna da AVS; espazio agentzia honetarako interes handikoa da lan hau, izan ere, zenbait teknologia gako erakutsiko ditu orbitatzearekin, bizitzaren hedapenerakin eta sateliteak orbitan mantentzearekin lotuta.

“AVS espaziora begira ari da lan egiten, horrek betidanik deitu dio arreta gizakiari. Zuen lanak argi izpi bat gehiago ipintzen dio inguratzen gaituen geruza beltz horri. Unibertsoaren parte gara eta inguratzen gaituen unibertsoa hobeto ulertzen laguntzen diguzue”- adierazi du amaitzeko.

Partekatu

Beste berri batzuk