Makina-Erreminta berriz hasi da hazten, 202an %20 jaitsi eta gero

Albisteak, Gipuzkoa

Ekitaldiko itxieraren behin betiko datuek behin-behineko itxieran aurreratutakoa berretsi dute, hobekuntza txiki bat ere azalduz

Urtearen lehen hilabeteetan, eutsi egin zaio 2020ko azken hiruhilekoan hasitako susperraldiari

Txinaren bultzada indartsuak, AEBko susperraldiak eta proiekzioen arabera Europak bigarren hiruhilekotik aurrera izango duen gorakadak itxaropena ematen dute

César Garbalena, Presidente AFM

Behin betiko itxieradatuek berretsi egin dute sektoreak otsailean behinbehineko itxieran aurreratutakoa: azkenean, 2019ko zifra baina % 19,65 baxuagoak izan ziren salmentak. Termino absolutuetan, 2020an 1.324,12 milioi eurokoa izan zen sektoreko fakturazioaren behin betiko zifra, 2019ko 1.647,86 milioi euroen aldean. Ekoizpenak mundu osoan izandako beherakada (%19,18), bat dator gure herrialdean izandakoarekin.

Jaitsiera apur bat nabariagoa izan zen deformazioaren sektorean, 311,07 milioi euro lortu eta % 21,82 beheratu baitzen; aldiz, harroketa-makinena % 18,68 jaitsi zen, 559,42 milioi euro arte. Gainerako azpisektoreek ere beherantz egin zuten 2019. urtearekin konparatuz gero: osagaiek eta erremintek –% 15, bestelako makinek –% 17,72, osagarriek –% 52,76, eta mekanizazioak eta beste zerbitzu batzuek –% 9,31.

Mugikortasunean eta garraioan izandako zailtasunen baldintzapean, esportazioak % 22,25 jaitsi eta 1.006,01 milioi euroan geratu ziren, 2019ko 1.293,93 milioi euroen aldean (ekoizpenaren % 76). Kasu horretan, beherakada berdintsuak izan zituzten harroketak eta deformazioak: –% 22,57 eta –% 22,44 jaitsi ziren, hurrenez hurren.

Estatuko fabrikatzaileek barne-merkatuan egindako salmentak % 13,41 murriztu ziren 2020an. Bestalde, Espainian % 31,13 jaitsi zen makina-erreminten itxurazko kontsumoa

(ekoizpena+inportazioak–esportazioak).

ESPORTAZIO-MERKATUAK

2020an, hauek izan ziren atzerriko salmenten merkatu nagusiak: Alemania (esportazioen % 11,8), Estatu Batuak (% 10,3), Frantzia (% 9,1), Italia (% 7,3) eta Txina (% 7,3). Mexikok, Portugalek, Indiak, Erresuma Batuak eta Errusiak osatzen dute lehen hamar herrialdeen zerrenda.

Urteko eskaera berriek bestelako joera bat agertzen dute. Txinak indarrez egin du aurrera eta merkatu nagusia da orain, Alemaniaren eta Estatu Batuen aurretik. Ondotik Turkia, Frantzia, Italia, India, Errusia eta Kanada datoz. Txinako industria-jarduerak susperraldi bizkorra izan duenez (2020ko lehen laurdenean soilik jaitsi zen herrialdearen BPGd-a), inbertsio ugari egin ahal izan ditu eta, horrenbestez, aldea atera die gainerako herrialdeei.

NAZIOARTEKO POSIZIONAMENDU SENDOA

Pandemiaren astindua gorabehera, Espainiak merkatu-kuotari eutsi dio eta munduko hamargarren ekoizlea eta esportatzailea da oraindik. Bost herrialde ekoizle nagusiek zerrendan dituzten postuak mantendu dituzte: Txina, Alemania, Japonia, AEB eta Italia, nahiz eta azken biek 2019an zeukaten postua trukaturik.

Bost herrialdeek ere beherakada nabarmengarriak izan dituzte ekoizpenean, batez ere, Alemaniak (– % 30,9) eta Japoniak (–% 29,3). Italiak gurearen antzeko jaitsiera izan du (–% 23); AEBn apur bat apalagoa izan da (–% 9,4) eta Txinan, berriz, oso txikia (–% 1,3).

Munduko kontsumoak % 20,1 egin zuen atzera 2020an; beraz, 2009an baino nabarmen gutxiago uzkurtu zen. Aldiz, 2021erako aurreikuspenak % 15eko hazkundea iragarri du, eta % 7,5koa 2022an. Dena dela, badirudi suspertze-abiadura oso desberdina izango dela hiru kontsumo-eremu nagusietan (Asia, Europa eta Amerika).

ESKAERAK

Otsailean jadanik aurreratu genuen bezala, 2019an baino % 23,5 eskaera gutxiago jaso ziren 2020an.  Azpisektoreka, deformazioak izan zuen emaitzarik kaskarrena, % 34,7 beheratuta. Harroketan, zertxobait hobeto, % 17,65 murriztu zen kaptazioa.

Nabarmendu behar dugu 2020ko urritik aurrera igotzen hasi zirela eskaerak, eta dinamismo interesgarri horri eutsi ahal izan zaiola lehen lauhilekoan, 2019ko antzeko kaptazio-zifrak lorturik. Oraindik ikusteko dago joera horrek iraungo ote duen; izan ere, baliteke industriak 2020ko lehen seihilekoan izandako geldialdi globalaren ondoriozko errebote-efektu bat izatea hein batean.

Ildo beretik, gure europar lehiakide nagusiek hazkunde nabarmenak izan dituzte eskaeren kaptazioan: Italiak iragarri du 2021eko lehen hiruhilekoan % 48,6 haziko dela kaptazioa eta Alemanian ere, ustez ona izango da hurrengo hilabeteetako jarduera, Txinatik iritsitako kaptazioaren erritmoari begira (2020ko azken lauhilekoan % 17 hazi baitzen). Gure prospekzio-taldeen 2021eko aurreikuspenak eskaeren kaptazioak urte osoan hazkunde indartsua izango duela aditzera ematen du, % 25aren inguruan.

2021, SUSPERRALDIAREN BIDEA

Txinako merkatuko eskariaren bultzada indartsua eta Joe Bidenek Estatu Batuetako ekonomia sustatzeko argitara atera duen planari ikusten zaizkion aukera itxaropengarriak, munduko ekonomiak susperraldi bizia izan dezakeen seinale dira. Aldi berean, dinamismo handiagoa agertu beharko du Europak, txertaketa-prozesuen azelerazioari eta indarberritzeko funtsak erabiltzeko aukerei heldurik.

Bigarren hiruhilekoan zer gertatuko zain, azken sei hilabeteotan kaptazioa ona izan da –desparekoa izanagatik ere–, eta 2021ean fakturazioa % 12-15 inguru haziko dela ematen du aditzera.

Sektore erabiltzaileei dagokienez, pandemiaren hasieran nahitaez gelditu behar izan ondoren automobilgintzak energiaz berreskuratu zituen jarduera-mailak. Hala ere, zaila da ibilgailuen eskaria nolakoa izango den aurresatea, motorizazio elektriko eta hibridoetaranzko trantsizioa eta mugikortasun-ereduarekin lotutako aldaketak direla medio, eta horrek inbertsio berriak moteltzen ditu.

Bestalde, sektore aeronautikoan eragina izan du mugikortasunaren beherakadak eta, defentsaren arloan salbu, datozen bizpahiru urteetarako aurreikuspenak ez dira onak. Trenbideen sektoreak une ona bizi du, aldiz, eta energiaren sektoreak, hainbat ertz eta errealitaterekin, iturri berriztagarrietarantz aurrera egiten jarraitzen du, patxadaz baina etenik gabe.

R3, MANUFAKTURA DIGITALAREN ETA JASANGARRIAREN INDUSTRIA BERRABIARAZTEKO PLANA

AFMk manufakturako jarduera indarberritzeko estrategiaren garapena eta aurkezpena landu ditu azken aldian, industria, ekonomia garatu eta jasangarri osoa egituratzen duen ardatza dela defendatzeko lanean.

Epe laburrera hainbat neurri aurreikusten zituen estrategiak: jarduerari eta enpleguari eusteko, industria-oinarria berriz ekipamenduz hornitzeko, eta sektorea eraldatzeko anbizio handiko proiektu bat, “e-Machine Digital Workshop” izenekoa, digitalizazioan eta jasangarritasunean oinarritutakoa. Sektoreko enpresei laguntzeko asmoz, ezarri dituen helburuak lortzeko lanean jarraitzen du AFMk.

Partekatu

Beste berri batzuk