Makina-Erreminta, Bienal esperantzagarri baterako prest
Itxieraren behin betiko zifrek 2021. urteak bilakaera ona izan duela berresten dute
31. BIEMH azokak motorrak berotzen ari da, erakusketa-eskaintza zabalarekin eta bisitari ugari erakarriko dituela aurreikusirik
Fabrikazio-teknologia aurreratuen eta makina-erremintaren sektoreak 1.571,20 milioi euroko fakturazioarekin itxi du 2021. urtea; hau da, % 18,66 hazi da 2020. urteko zifren aldean eta pandemiaren ondorioz galdutakoaren zati handi bat berreskuratu du.
Txirbil-harroketako makinen kasuan, hazkundea % 21,91koa izatera iritsi da, 682 milioi eurorekin. Fresaketaren azpisektorean, gure fabrikatzaileak munduko lider izan dira 2021ean.
Deformazioarentzat, urteak % 4,86ko beherakada izan du; hala, amaierako fakturazio-zifra 296 milioi eurotan geratu da. Dena dela, sektorearen itxaropenak handitzen ari dira, sartzen ari diren eskaeren zifrari esker.
Gainerako azpisektore guztiek portaera ona izan dute, nabarmen hazita: zehazki, osagaiak % 27,24, erremintak % 20,66, beste makinak % 35,11, eta zerbitzuak % 49,41.
Esportazioetan, 2021eko susperraldia are nabaria izan da. Atzerrian fakturatutako 1.241,47 milioi euroek % 23,41 handitu dira, 2020. urteko zifra baliokidea. Harroketa 637,43 milioi eurotara igo da, % 33,08ko hazkunde bizia izan ondoren; deformazioak, berriz, % 17,65eko jaitsiera izan du eta 194,10 milioi eurotan geratu da. Hauek dira gure atzerriko salmenten helmuga nagusiak: AEB, Italia, Alemania, Txina, Frantzia, India, Turkia, Portugal, Mexiko eta Erresuma Batua.
AFM Cluster-eko presidenteak, César Garbalenak, honako hau baieztatu du: “2021 fakturazio-zifren susperraldiaren urtea izan da, eta, batez ere, eskaera-jasotze biziko urte bat. Tamalez, merkatuaren portaera ona gorabehera, urtean zehar eta bereziki bigarren seihilekotik aurrera zenbait zailtasun agertu dira, gure errentagarritasuna arriskuan jarri dutenak, eta hortaz, baita gure enpresen lehiakortasunak eskatzen dituen inbertsio-mailak ere. Osagai eta material urri eta garestiei, garraioaren prezioei eta merkatu batzuetan sartzeko zailtasunei (batez ere, Txinakoan), energiaren prezioaren gorakada handia gehitu zaie. Horrek guztiak, inflazio tasa altuarekin batera, eragin handia du kostuetan, eta marjinak eta epeak defendatzeko kontzentratzera behartzen gaitu, gure eskaera-zorro interesgarria ona izan dadin”.
ESKAERAK 2021
2021ean, makina-erreminten arloko eskaerek ia % 30eko gehikuntza izan zuten, 2019ko zifrekin alderatuz gero (2020ko zifrak baino % 69,2 gehiago). Hala, 2022an lan-karga ona izan eta fakturazioa haziko zela aurreikusi genuen. Urtarrilean aurreratu bezala, harroketak 2007az geroztik izandako atzemate-zifra altuenak erregistratu zituen (2019an baino % 40,81 gehiago eta 2020an baino % 70,98 gehiago); fresaketaren sektorean, marka guztiak hautsi ziren (2019an baino % 88,7 gehiago eta 2020an baino % 82,05 gehiago). Deformazioa ere % 7,37 suspertu zen 2019ko aldean (2020an baino % 64,43 gehiago); nolanahi ere, oraindik hobetzeko marjina zabala du, bost urte oso zaileko ziklo baten ondoren.
AURREIKUSPENAK 2022
Urteko lehen hiruhilekoa Errusiako Ukrainaren inbasioak eta gerraren hasierak markatu du. Hasieran, zur eta lur geratu ondoren, ukrainar herriaren sufrimenduak erabat hunkitu gintuen eta gure sektoreak elkartasuna adierazi zion.
AFM Cluster-eko sektoreek merkataritza-harreman nahiko mugatua izan dute Errusia, Ukraina eta Bielorrusiarekin; urtearen arabera, salmenten guztizkoaren % 1 eta % 3 artekoa besterik ez. Normalean, aeronautikaren, trenbideen eta energiaren sektoreekin lotutako eragiketak ziren.
“Esan dezakegu gerraren zuzeneko ondorioak mugatu samarrak direla, baina agerian geratu da zeharkakoak egoera konplexua larritzen duten arazo gehigarri bat direla. Bere horretan jarraitzen dute lehendik ere osagai, material, garraio eta kostuekin zeuden arazoek, eta faktore horietako batzuetan eskaintza-krisi bat nabaritu da. Ondorioz, prezioak igo eta intsumo jakin batzuk eskastu dira. Ildo beretik, Txinako pandemiaren egoerak ziurgabetasun-karga gehigarri bat gaineratzen du”, César Garbalenaren hitzetan.
Egoera kezkagarria izan arren, urte hasierako eskaera-zorro onak eta lehen lauhilekoaren bilketa interesgarria direla eta, aurten fakturazioan hazkundea izatea aurreikusten da, 2019ko zifrak hobetuko dituena ziurrenik. Nolanahi ere, ikusteko dago zer bilakaera izango duen eskaeren bilketak hurrengo hilabeteetan.
BIEMH-EK, ESPAINIAKO INDUSTRIA-AZOKA GARRANTZITSUENAK, SEKTORE GEHIAGO ORDEZKATZEN DITU ORAIN
Lau urteko tarte behartuaren ondoren, ekainaren 13tik 17ra itzuliko da BIEMHa, estatuko industria-azoka handiena eta fabrikazio aurreratuaren merkatua dinamizatzeko lehen mailako palanka estrategikoa; une honetako konplexutasunaren aurrean, inoiz baino beharrezkoa ageri zaiguna.
Erakusketari dagokionez, BIEMHa benetan ikusgarria izango dela espero dugu eta azken hamarkadako okupazio-errekorrak berdinduko dituela, 2018ko azoka handiaren pareko. Hilabeteren faltan, 26 herrialdetako 1.200 enpresa baino gehiagok baieztatu dute BIEMHen parte hartuko dutela. Zalantzarik gabe, ezinbesteko hitzordua da ekoizpen-gaitasunak hobetzeko eskaintzak bilatzen dituzten mundu osoko industria-enpresentzat.
Azken lau urteetan makina-erremintan eta hari lotutako teknologia guztietan, 3D inprimaketan (ADDIT3D azokaren bitartez) eta digitalizazioan (BeDigital bitartez) izandako berrikuntza guztiak biltzen ditu BIEMHek. Gainera, nazio-mailan automatizaziorako eta robotikarako ekitaldi handiena eta konpletoena da BIEMH. Bertan 13 herrialdetako 167 enpresek hartuko dute parte, azpisektore hauetakoak: industria-robotak, manipulaziosistemak, industria-automatizazioa eta muntaketa, kontrolerako softwarea, biltegiratzeko eta garraiatzeko konponbideak, eta CAD-CAM.
Bisitarien inskripzio-maila erabat altua da eta giro bikaina ikusi da urtearen lehen hilabete hauetan egin diren beste ekitaldi txikiago batzuetan; horrek guztiak jendetza historikoa bilduko dela aditzera ematen du. Espainiako industriaren lan-kargaren maila onek BIEMHa bete-betea eta zirraragarria izango dela pentsarazten dute.
STECH-EK FABRIKAZIO AURRERATUAREN ETA DIGITALAREN EKOSISTEMA OSATU DU
AFM Cluster-ek bere ekosistema osatu du STECH industria-elkartearen sorrerarekin. Fabrikazio aurreratuaren industrian, digitalizazioaren eta automatizazioaren teknologien ezarpena bizkortzeko jaio da elkarte berria. Ekimenak interes handia piztu du eta lau hilabete baino gutxiagoko ibilbidearekin, 60 bat enpresa bazkide ditu.
Hori horrela, automatizazioa eta robotika, eta manufaktura aurreraturako softwarea eta zerbitzu adimendunak eskaintzen dituzten enpresak gehitu zaizkie makina-erremintak eta haien osagaiak fabrikatzen dituzten enpresei, 3D inprimaketan eta fabrikazio gehigarrian espezializatutakoei, esku-erreminten fabrikatzaileei, mekanizatzaileei eta azpikontratistei, eta industriarako startup-ei. Fabrikazio aurreratuaren eta digitalaren zirkulu bertutetsua osatu eta benetako enpresa-bilgune bat jarri da martxan, industriaren ezagutza eta espezializazioa garatzeko.