Metala eraldatzeko industriari buruzko goi-mailako Europako lehen mintegiak Bilbon aztertuko ditu bihar sektoreak dituen erronkak

Ekitaldia BEC erakustazokan egingo da, eta Europar Batasunak eta Eusko Jaurlaritzak elkarrekin antolatu dute EBren Espainiako presidentetzaren esparruan. Europako hainbat aditu ospetsuk parte hartuko du.

Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Ekintzako Idazkaritza Nagusiak eta Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak, Europako Batzordearen Enpresa eta Industriako Zuzendaritza Nagusiaren lankidetzarekin, mintegia antolatu dute EBn metala eraldatzeko industriaren lehiakortasunari buruzko azken txostenari jarraitutasuna emateko. Jardunaldia ekainaren 24an egingo da BEC erakustazokan.

Adierazitako txostenak Europako industria-sektore garrantzitsuenetako bat argitzen lagundu du; sektore hori funtsezkoa da hornidura-sarean, eta manufaktura-industrian enplegu kopuru handiena sortzen duena da, lau milioi langile ingururi ematen baitie lana. Txosten horrek oinarri bikaina eta zabala eskaintzen du sektorearen gaineko ikuspen handiagoa izateko, hain zuzen ere bertan biltzen baitira industria horretarako estrategia-aukerak.

Mintegian bilduko dira ehun arduradun politiko inguru, metal-industriaren Europako ordezkariak, klusterrak, parke teknologikoak, unibertsitateak eta bestelako eragile interesdunak, sindikatuen ordezkariak barne. Jardunaldian aztertuko dira EAEko metal-industriaren arrakastaren errezeta eta gure jardunbide onak Europako eremura esportatzeko aukera.

Era berean, sektorearentzako izan daitezkeen aukera estrategikoak aztertuko dira, baita horiek aplikatzeko modu onena ere, honako eremu hauetan: ETEak, finantziaziorako sarrera, etorkizunerako lanpostuak eta klimaren aldaketa. Elkarrizketako eta hausnarketako ariketa hori bereziki egokia eta bidezkoa da une honetan, Europar Batasuna Europarentzako industria-politika berriaren zuzentarauei buruz eztabaidatzen ari delako.

Hasiera emateko ekitaldiaren buru Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburua izango da, eta, besteak beste, honako hauen parte-hartzea izango du: Bernabé Unda, Europako Batzordearen Enpresa eta Industriako Zuzendaritza Nagusiko metal-industriaren Unitate arduradunaren burua, eta Enrico Gibellieri, Europako Ekonomia eta Gizarte Lantaldeko kidea.