Metapostak Cloud Computing alorrean proiektu teknologiko onenari saria jasotzen du

Bizkaia

Dintel Fundazioak Interneteko dokumentu-gordailu eta postontzi elektronikoko zerbitzua saritzen du.

METAPOSTAk, asteazkenean jaso zuen Dintel fundazioak Cloud Computing alorrean proiektu onenari urtero ematen duen saria, Administrazioak sustatua. Ekitaldia, Cloud Computing kongresuan burutu zen, aurten, hain zuzen ere, “Segurtasuna eta efizientzia hodeian” izenburua izan duena. Eusko Jaurlaritzaren izenean, saria Serafín Olcoz Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariak jaso du, “segurtasun eta konfidentzialtasun osoz, paperezko komunikazioekin bukatuz, dokumentuak online kudeatzeko zerbitzu berritzaile honen” bertuteak azpimarratuz.

METAPOSTA, etxeetako fakturak, dokumentuak eta paperak ordenaturik izateko gordelekuaren ordezkotzat jaio da. Euskadi Informazio Gizartean 2010 Plana-ren barruan mamitutako proiektua da, Bernabé Undak zuzentzen duen Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren sustapena duena.
Sari hau, METAPOSTAk jaso dituen aitorpenen zerrendara batzen da, hain zuzen ere, urte bat betetzen duen aste berean.

METAPOSTA “zure dokumentu-gordailu elektronikoa, zure postontzia sarean” proiektuak duela urte bat martxan jarri zenetik, SITIaslan azoka informatikoaren saria jaso du, arrakasta-kasu gisa, 2011ko martxoan. Bestalde, 2011ko abenduan, Buber sarietan finalista geratu da bi alorretan (kanpaina eta blog korporatibo onena) 2011ko abenduan. Eta aurtengo otsailean ere Fundetec Fundazioaren sarietan finalista izan da, Espainia osoko 229 hautagaietatik 12 onenen artean kokatuz.

Dintel, estatu mailako fundazio pribatua da, Informazio eta Komunikazio Teknologiak hedatzea helburu duena. Administrazio Elektronikoaren esparruan herritarrentzako zerbitzuen arloan erabakitzeko eta prospekzio teknologikoa edo definizio estrategikoa egiteko ahalmena duten alor publiko edo pribatuko zuzendaritza-taldeetako kideen arteko harreman handiena lortzeko antolatzen ditu bere ekintza guztiak.

Iturria: Eusko Jaurlaritza

Data: 2012/02/17

Partekatu

Beste berri batzuk