Microdeco eta Ulma enpresek jaso dute Euskaliten 400 Klubaren nazioartekotze-saria

Bizkaia

Microdeco eta Ulma enpresek jaso dute Euskaliten 400 Klubaren nazioartekotze-sariaMicrodeco eta Ulma Handling Systems enpresak izan dira irabazleak EUSKALITEN 400 Klubak nazioartekotzearen inguruan egindako XI. topaketan. Bikaintasuna Sustatzeko Zentroen Elkarteak-CEX nazioan antolatzen duen CEX 2014 sarirako hautagai izango dira enpresa biak.

Gaur Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean egindako ekitaldian, Microdecok –automozioan diharduen enpresa– azaldu du bere nazioartekotze-estrategiaren oinarria bezeroarekin eskutik helduta joatea dela. Era horretan, automozioko fabrikatzaile nagusietako bati babesa eskaini zioten Errumanian ezartzeko, enpresa horrek ez baitzuen hornitzaile egokirik herrialde horretan.

Ulma Handlingek –banaketa eta fabrikazio automatikorako soluzio logistikoak eskaintzen dituen enpresa– erakutsi duenez, nazioarteko kudeaketarako duen estrategia sortzearen arrazoia informazioa kudeatzeko, eguneratzeko, zentralizatzeko eta hedatzeko beharra izan zen.

EUSKALITEN patronatuko kide diren zenbait enpresez –ITP, ASLE eta GAMESA, kasu– osatutako epaimahai espezializatuak hautatu ditu jardunbide irabazleak, eta ondoko alderdiak baloratu dituzte besteren artean: berrikuntza, lortutako emaitzak, eta jardunbide egokiaren zeharkakotasuna edo beste erakunde batzuetan zenbateraino aplika daitekeen.

Diplomak emateko eta amaierako ekitaldian izan dira Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazioaren Gizarteko zuzendaria, Aitor Urzelai, eta EUSKALITeko presidentea, José Hernández Duñabeitia. Biek azpimarratu dute zein garrantzitsua den jardunbide egokiak partekatzea hainbat sektoretako erakundeen artean.

Gainontzeko hautagai finalistak Ega Master, Visesa, Begoñazpi Ikastola eta Colegio Urkide Ikastetxea izan dira.

400 Klubak biltzen dituen enpresen artean Euskadiko aurreratuenetariko batzuk daude kudeaketari dagokionez, alegia, Zilarrezko Q saria edo Urrezko Q-Kudeaketaren Kalitateari Euskal saria eskuratu dituztenak.

Partekatu

Beste berri batzuk