Miramon Brass izango da larunbat honetako Matinéearen protagonista
Larunbat honetan, azaroak 16, 11:00etan, Euskadiko Orkestraren ganbera-musika ziklo Miramongo Matinéeen Denboraldiko laugarren hitzordua izango da. Bertan, Miramon Brass taldeak ‘Opera Brass’ izeneko kontzertua eskainiko du. Hamabi kidek osatzen dute taldea: Marcos Cruz Pardeiro (tronpa), Adrián García Carballo (tronpa), Didier Bousquet (tronpeta), Jesús Castillo (tronpeta), Miguel Echepare (tronpeta), Jon Garcia (tronpeta), Sergio Manteiga (tronboia), Christophe Sánchez (tronboia), Daniel Ruibal (tronboi baxua), Óscar Abella (tuba), Anthony Lafargue (tinbalak) eta Javier Pérez de Azpeitia (organoa).
Miramon Brassek garai eta musika-estilo desberdinetako obra klasikoen amalgama aurkeztuko du. Hauek guztiak opera-lan ezagunetako ganbera-moldaketak dira.
Kontzertua bi zatitan banatuko da. Lehenengoa Handelen Atalantaren oberturarekin hasiko da, Barrokoko obra bereizgarria, distiratsua eta kementsua. Ondoren, Engelbert Humperdincken Hansel eta Gretelen oberturak giro erromantiko eta lirikoago batera eramango gaitu, maitagarrien fantasiazko ipuinak gogora ekartzen dituzten doinu xarmangarriekin. Lehen zati hau amaitzeko Wagnerren Parsifalen preludioa izango dugu, obra ausart eta zirraragarria, bere sakontasun emozionalagatik eta giro oroitarazleagatik ezaguna.
Bigarren zatian, Mascagniren Cavalleria Rusticana eta Verdiren Aida izango dira nagusi, Italiako errepertorioaren bereizgarri diren ponpa eta drama ekarriko duten hautaketa operistikoak. Eta, amaitzeko, Wagnerren bigarren agerpena izango dugu Matinée honetan Nurenbergeko maisu kantariak lanarekin, eskala eta konplexutasun handiagoko lana, ponposoa eta martziala, kontzertu honentzat amaiera bikaina izango dena.
Sarrera solteak (11€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, orkestraren egoitzako leihatilan bertan ere eros ahal izango dira kontzertuaren egunean, leku libreak geratzen badira.
Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko du. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.