More Magoak pasioz beteko du BEC Emprende2012 Foroaren inaugurazioan

Araba

José Luis Izquierdo Martín mago, aurkezle, enpresari, gidoilari, aktore, hizlari eta artikulu idazleak, bere buruari artistikoki More Magoa deitzen dionak, Emprende2012 Foroko parte-hartzaileak animatuko ditu beren bizitza pertsonalean pasioa eta ilusioa berreskuratzera eta pasio eta ilusio hori edozein negozio edo jardueratan aplikatzera. More Magoak bakarrizketa dibertigarri bat egingo du irailaren 12an, Foroaren hirugarren edizioaren irekiera jardunaldian. Emprende2012ren helburua da ekintzaileek eta ekintzailetzaren alorreko eragileek indarrak batu ditzatela, proiektuak hobetzeko eta ekonomia suspertzeko funtsezko elementu bezala.

Ekitaldi hau Eusko Jaurlaritzak antolatu du SPRI Taldearen (enpresa sareari laguntzen dion Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko sozietate publikoen multzoa) bidez. Datorren irailaren 12an izango da BECen eta www.emprende2012.net webgunera jo behar da egitaraua eskuratzeko eta izena emateko.

Foroaren hirugarren edizioan sei jarduera mota desberdin aurreikusi dira: espazio batean 100 enpresari berrik dohainik azaldu ahal izango dizkiete beren proiektuak balizko bezeroei; ekintzaileek berek iradokitako tailer tematikoak antolatuko dira; inbertsiogileei proiektuei buruzko ahozko azalpenak emango zaizkie; eszenaratze egoki bat nola egin ikasteko ikastaroak eskainiko dira eta, beste espazio batean, ekintzaileek aukera izango dute esperientziak partekatzeko eta proiektuetan lankidetzan jarduteko.

More Magoa

Avilan jaioa 1971n, Madrileko Unibertsitate Politeknikoan egin zituen ikasketak eta gutxigatik ez zuen lortu goi-mailako ingeniari informatikoko lizentziatu titulua. Zuzendaritza Orokorreko Programa Masterra egin zuen IESE-Nafarroako Unibertsitatean.

Magoa, aurkezlea, enpresaria, gidoilaria, aktorea, hizlaria eta artikulu idazlea da, aurpegi ugariko gizona beraz. 1994an ekin zion ilusionista eta umorista karrera arrakastatsuari eta bi aldiz irabazi du Magia Komikoko Espainiako Txapelketa. Ekitaldien aurkezpenetako liderra izaki, komunikazioaren profesional honek batez beste berrehun ikuskizun egiten ditu Estatuko konpainia garrantzitsuenentzat.

Prestakuntza sendoa du enpresa munduan eta horri esker komunikazioa hobetu nahi duten enpresa eta exekutiboei zuzendutako produktu esklusiboak diseinatzen espezializatu da.

Enpresa handienek baliatu dute bere talentua eta enpresa munduaz duen ezagutza sakona: PwC, Banco de Santander, Cepsa, Telefónica, BBVA, Morgan Stanley, Renault, Chrysler, ING, El Corte Inglés, BMW, Endesa, Microsoft edo Ferrovial.

Bere lan artistikoari dagokionez, gogora dezagun ohiko aktorea izan zela “La hora de José Mota” telebista programan, “5 hombres.com” antzerki lana interpretatu zuela Javier Veiga, Nancho Novo, Bermúdez eta Alexis Valdés aktoreekin batera, “Cómicos, algo más que los mejores monólogos” egin zuela Leo Harlem, Sinacio eta Dani de la Cámararekin eta aktore lanak egin dituela “El Club de la Comedia” (Canal +) programan edo “Torrente 4” pelikulan, besteak beste.

Partekatu

Beste berri batzuk