Muy Interesante aldizkariak GAIAren SCUTUM egitasmoa saritu du, gaixotasun tropikalen aurkako ehun adimenduna

Bizkaia

GAIAko nazioartekotze-zuzendari Jokin Garateak saria jaso zuen SCUTUM egitasmoaren izenean eta argitalpena irakurri dutenen eta epaimahaiaren babesa eskertu zuen, baita “egitasmoan parte hartu duten guztiek eskainitako babesa ere, eurei esker teknologia erabili ahal izan baita garapen bidean dauden herrialdeetako, India kasu, bizi-baldintzak hobetuko dituen ekimen soziala garatze aldera”.

Zientzia eta kulturaren alorreko zenbait pertsona ospetsuren artean, Eduardo Punset kazetari eta hedatzaileak; Ramón Núñez Centella Zientzia eta Teknologia Museo Nazionaleko zuzendariak; eta José Pardina ‘Muy Interesante’ aldizkariko zuzendariak osatu dute epaimahaia.

“Ehun intsektizida ez toxiko aurreratuak eltxo bidezko gaixotasun tropikalak saihesteko” izena duen SCUTUM egitasmoa arropa naturalean eta sintetikoan mikrokapsula intsektizida ez toxikoen garapena eta aplikazioa ikertzean datza. Proiektuak eltxoaren ziztada ekiditen duten mikrokapsuladun ehunak (maindireak eta arropak) garatzea du helburu, intsektu horrek urteko milioi bat heriotza baino gehiago eragiten baititu garapen bidean dauden herrialdeetan.

Orain arte tapaki bat garatzea lortu da, Indian jada probatua izan dena. Gutxi gorabehera 20 garbiketa irauten ditu. Egitasmoan ondokoek parte hartu dute: Euskal Autonomia Erkidegoko Elektronika eta Informazio Teknologien Industrien Elkartea, GAIA; InnovaTec Sensorización y Comunicación enpresa; Sai Lakshmi Industries Indiako enpresa; Indiako software-enpresen elkartea (ITSMA) eta Vicente Ferrer Fundazioa GKEa. Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroaren (CDTI) finantzaketa jaso dute ere bai.

Partekatu

Beste berri batzuk