Naturgas Energíaren integrazioarekin, 400.000 euskal bezero inguru METAPOSTAn jaso ahalko dituzte bere fakturak

Gipuzkoa

  • Euskadin gas-hornitzaile nagusia eta Espainian bigarrena denaren eransketarekin, postontzi elektronikoko zerbitzuak euskal erkidegoko zerbitzu-konpainia eta finantza-entitate nagusiekin lan egiten du.
  • Konpainia lidergoan dago Euskadi, Asturias, Kantabria eta Murtziaren gas-horniketan, eta bigarren elektrizitate-operadorea da Euskadin. 1.561 milioi eurotako negozio-kopurua izan zuen 2011n eta 136 milioiko mozkin garbia. Konpainiak, 9.600 kilometroetako banaketa sarea du jada.
  • METAPOSTA, Euskal Agenda Digitalaren barneko proiektua da, eta Danimarka moduko beste herrialdeetan arrakastaz dabilen antzeko ekimenetan oinarritzen da.
  • Enpresa, Eusko Jaurlaritzak sustatzen du, Merkataritza Ganberak, Tecnalia, Gupost eta Mondragon Inbertsioekin batera.

Gaur goizean, Bernabé Unda Indrustria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren sailburuaren gidaritzapean, Naturgas Energíako egoitzan antolatu den sinadura-ekitaldian, Euskadiko gas-hornitzaile nagusiak bere fakturak METAPOSTAren bitartez bidaltzeko hitzarmena sinatu da. Naturgas Energíaren izenean, Massimo Rossini kontseilari zuzendari nagusiak parte hartu du sinaduran. Eusko Jaurlaritzak, Merkataritza Ganberek, Tecnaliak, Gupost Taldeak eta Mondragon Inbertsioak sustatzen duten Interneteko postontzi eta dokumentu-gordailu berritzaile honen ordezkaria, ostera, Juan Goicolea Berrikuntza eta Teknologia sailburuorde eta METAPOSTAko presidentea izan da.

Naturgas Energíak gasa eta elektrizitatea hornitzen dizkie enpresa eta partikularrei, eta bederatzi autonomia-erkidegotan kokaturik dago euren azpiegiturekin: Asturias, Kantabria, Katalunia, Gaztela eta Leon, Extremadura, Madril, Murtzia, Nafarroa eta Euskadi. Espainiako merkatuan gasaren bigarren hornitzailea den Taldeak, gasa eta elektrizitatea merkaturatzen ditu, eta bezeroen kopuruari dagokionez hirugarren merkaturatzegilea da.

Konpainia lidergoan dago Euskadi, Asturias, Kantabria eta Murtziaren gas-horniketan, eta bigarren elektrizitate-operadorea da Euskadin. 1.561 milioi eurotako negozio-kopurua izan zuen 2011n eta 136 milioiko mozkin garbia; 9.600 kilometroetako banaketa sarea du eta EDP Taldearen HC Energíaren partaide da.

Naturgas Energíaren bezero diren 773.000  pertsonetatik, 382.000 Euskal Herrikoak dira. Gainontzekoak Espainian zehar banatzen dira, batez ere, Asturias, Kantabria eta Murtzian.

Naturgas Energíaren sarrerarekin, METAPOSTA erabiltzen duten 30.000 pertsonek Euskadiko finantza-entitate eta zerbitzu-enpresa nagusien dokumentazioa haien postontzi elektroniko pertsonaletan jaso dezakete. Gaur egun, Naturgas Energía konpainiaz gain, Kutxabank, Euskadiko Kutxa, Iberdrola, Euskaltel, euskal ur partzuergoek, IT Txartela eta beste hainbat enpresek METAPOSTAren bidez bidaltzen dizkiete komunikazioak haien bezeroei. Urtea bukatu aurretik, Movistar, Osakidetza eta Lanbide erakundeak, eta Administrazio autonomikoa batuko dira.

METAPOSTA Interneteko postontzi eta dokumentu-gordailuko zerbitzu gisa jaio zen pasa den urteko otsailaren 16an. Geroztik, 30.000 pertsona inguru dira zerbitzu honen erabiltzaile

Zer da Metaposta?

METAPOSTAk Interneteko dokumentu-gordailu elektronikoa eta postontzia eskaintzen du, hiritarrek nahiz enpresek balio handikoak diren agiriak espazio elektroniko pertsonal batean era seguruan betiko biltzeko aukera izan dezaten.

Horretaz gain, METAPOSTAk ohiko postontziari dagokion zerbitzua eskainiko du mundu elektronikoan. Hiritarrek postontzi fisikoan jasotzen dituzten dokumentu asko, sistema honen bidez jasoko dituzte orain: fakturak, banku-laburpenak, egiaztagiriak, polizak, kontratuak, zitazioak, jakinarazpenak, nominak…

Interneten erabiltzeko moduko postontzi eta dokumentu-gordailu elektronikoa izateaz gain, METAPOSTA tresna egokia izan daiteke jaso beharreko agirien sakabanaketa ekiditeko. Ildo honetan, sarbide bakarreko sistematzat antola daiteke, 300 enpresa eta erakunde publiko baino gehiagok igorritako agiri eta ohartarazpenak kudeatzeko. Sistema honen bidez, aldez aurretik hitzartutako entitateen mezuak baino ez dira jasoko; horixe da posta elektronikoaren aldean eskaintzen duen abantaila, eta ondorioz, ez dago spam (zabor-posta) edo igorle ezezagunek bidalitako kate-mezuak jasotzeko aukerarik.

Sistemak partikularrei eta enpresei eskaintzen dizkien abantailez gain, ekimen hau aurrera ateratzea erraztu duen politikak Euskadin Administrazio elektronikoa garatzea du helburu, zerbitzu digital aurreratuen erabilera masiboa bultzatuz eta Informazio Teknologia Berrien mekanismoak ezagutzen ez dituzten pertsonen bazterkeriaren aurka borrokatuz.

METAPOSTAren eredua Danimarkako eBoks zerbitzu arrakastatsua da, gaur egun, 3,5 milioi erabiltzaile dituena 5,5 milioiko biztanleria duen herrialde batean. Gainera, 600 igorle handi dira Danimarkako zerbitzu honen bidez haien komunikazioak bidaltzen dituztenak.  METAPOSTAren ezarpenaz, Euskadi, Internet bidezko zerbitzuen garapenean aurreratuago dauden herrialdeen ekimenen parean kokatu da. Hauexek dira ekimen horietako batzuk: eBoks (Danimarka), De-Mail (Alemania), MyPage.no (Norvegia), Agosp (Australia) edo My eCitizen (Singapur).

2010ean eratu zen METAPOSTA elkartea zortzi bazkide hauek osatzen dute: Ezten (SPRIren eta Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren menpeko arrisku-kapitaleko funtsa), EJIE (Jaurlaritzaren informatika-elkartea, Justizia eta Herria Administrazio Sailaren menpekoa), Bilboko, Gipuzkoako eta Arabako Merkataritza Ganberak, Tecnalia Korporazioa, Gupost marketing zuzeneko enpresa eta Mondragón Inversiones delakoa. Elkarteko presidentea, Juan Goicolea, Eusko Jaurlaritzako Berrikuntza eta Teknologia sailburuordea da.

METAPOSTAren ezaugarri nagusiak

• Borondatez eskuratu eta erabiltzeko moduko hautazko zerbitzua: jasotzaileak agiriak zein igorletatik jasoko dituen aukera dezake.

• Ez da e-mail kontu bat, eta honek ohiko posta elektronikoari atxikitako arazo asko eta asko ekidingo ditu, phishing delakoa (nortasuna lapurtzea) eta spam deritzona (eskatu gabeko posta-bidalketa masiboa) tarteko direla.

• Edozein lekutan, edozein unetan eta Interneterako konexioa duen edozein dispositibotan erabiltzeko moduko webgune baten bitartez egingo da zerbitzurako sarrera.

• Dokumentu-gordailu elektronikoan materialak kargatzeko funtzioetan igorri edo erantsitako mezuak ere gorde daitezke sistema honetan.

• Biltegiratzea mugagabekoa da erabiltzailearentzat, bai tamainaz bai iraupenaz ere. Bizitza osorako zerbitzua da.

• Erabilerraztasunari lehentasuna emanez diseinatu da.

• Euskadiko hiritar eta enpresa guztiei zuzenduta dago, beste esparru batzuetara ere hedatzeko aukeraz.

• Doakoa da azken erabiltzailearentzat eta kostu murritzekoa igorleentzat.

Metapostan alta hartzea

Hiru era daude METAPOSTAn alta hartzeko:

Ziurtagiri digitala

METAPOSTAn onartutako sinadura elektronikoko ziurtagiriak hurrengoak dira:

  • DNI elektronikoa
  • IZENPE herritar-txartela
  • CAMERFIRMA txartela
  • ONA txartela

Enpresek, IZENPEren txartel urdinarekin edo CAMERFIRMA txartelarekin egin dezakete alta.

KZgunea

Edozein KZgunean egin dezakezu alta METAPOSTAn zure NANa edo AIZa erakutsiz (ziurtagiri digitalaren beharrik gabe). Hurbilen duzun zentroa eta ordutegia kontsulta ezazu KZgunearen web-gunean.

Online banka

Parte hartzen duten entitateen online bankaren erabiltzaile izanda.

Enpresek Bankoa, Ipar Kutxa eta Caja Laboral entitateen online bankaren bitartez egin dezakete alta.

Informazio gehiago Metapostari buruz

www.metaposta.com

blog.metaposta.com

www.youtube.com/user/metaposta

Partekatu

Beste berri batzuk