Nazioarteko zientzilari ospetsuak izan dira INBIOMEDen mintegi zientifikoetan

Gipuzkoa

Maiatzaren 3tik 28ra bitartean, Donostiako Teknologi Parkean egindako mintegi sorta hau, bere egoitza berriaren inaugurazioa ospatzeko antolatu du fundazioak. Gurutz Linazasoro, Inbiomed Fundazioko presidente exekutiboak, oso positibo eta aberasgarritzat jo du mintegi zikloa.

Birsortze-medikuntzan eta ikerketan aritzen den INBIOMED fundazioak maiatzean zehar antolatutako mintegi zientifikoek, arlo horretan burutzen ari diren ikerketak eta ematen ari diren aurrerapausuak erakutsi dituzte. Maiatzaren 3an, 10ean, 24ean eta 28an egin diren mintegietan, nazioartean ospe handia duten lau zientzilarik hartu dute parte.

Maiatzaren 3ko mintegi zientifikoaren gidaria Luc Douay izan zen, Agence Française du Sang erakundeko arduradun zientifikoa eta Parisko Pierre eta Marie Curie Unibertsitateko Hematologia irakaslea. Douay ama zelulen ikerketan aitzindaria da eta nazioartean oso ezaguna ama zelulen ex vivo hedapenean duen eskarmentuagatik.

Manuel Serrano ikerlariak maiatzaren 10ean egindako mintegian hartu zuen parte. Ikerketa Onkologikoen Zentro Nazionaleko ikertzailea, bere lanari esker hainbat sari jaso ditu Serranok, besteak beste FEBS Anniversary Prize, Carcinogenesis Young Investigator Award edota Echevarne Fundazioarena. Tumoreen ezabatzeari eta berprogramatzeari buruz aritu zen mintegian.

Maiatzaren 24ean, Ernest Arenas zientzilariak gidatu zuen mintegia, “Ama zelulak Parkinson gaixotasunean” izenburupean. Estokolmoko Karolinska Institutuko neurobiologia molekularreko laborategian egiten du lan eta lan honengatik hainbat aitzatespen eta sari jaso ditu.

Alfred L. Goldberg ikerlaria izan da mintegi zientifikoen sail hau itxi duena. Bere ibilbide akademikoa Harvardko Unibertsitatera lotuta dago, Harvard Medical Schooleko irakasle izan delarik. “Proteasomaren funtzioak: proteinen degradaziotik minbiziaren terapiara” izenburua duen ponentzia eskaini zuen Goldberg zientzilariak.

Inbiomed Fundazioko presidente exekutiboa den Gurutz Linazasorok mintegion balorazio oso positiboa egin du, Douay, Serrano, Arenas eta Goldberg zientzilariekin eztabaidak eta kezkak partekatzea oso aberasgarria izan dela azpimarratuz. Mintegietan aztertutako gaiak direla eta, Linazasorok honako izenburu nagusitan laburbildu nahi izan ditu hitzaldiak: “Odol artifizialak odol bankuen beharrak asetuko ditu”, “Tratamendu pertsonalizatua behar duten minbizi mota asko daude eta botika zaharrentzat jarraibide berriak aztertzen ari dira”, “Zelulen berprogramazioak leiho bat ireki die etorkizuneko terapiei” eta “Parkinson gaixotasunean terapia zelularrak jarraitu beharreko bidea erakutsi du”.

Mintegi zientifiko sail hau antolatuta, Inbiomed Fundazioak bere egoitza berriaren inaugurazioa ospatu nahi izan du. Joan den otsailaren amaieran Donostiako Teknologia Parkean inauguratu zen BIOKUTXA eraikinean hartu du egoitza fundazioak.

Partekatu

Beste berri batzuk