NBE-ren GAID Agentziak kontsulta egin dio Eusko Jaurlaritzari IKTen garapenari eta eskualde eremuko Berrikuntzari buruz

Bizkaia

NBEren mendeko GAID (IKTentzako eta Garapenerako Aliantza Globalaren ingelesezko siglak) agentziako arduradunek Eusko Jaurlaritza bisitatu dute gaur, IKTak eta eskualdeko nahiz tokiko berrikuntza sustatzeko politika berriak garatu ahal izateko lankidetza-akordio batean aurrera egiteko.

Bernabé Unda Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuak Nazio Batuetako Ekonomia eta Gizarte Gaietarako Departamentuaren Gobernantza Sozioekonomikoaren eta Administrazio Publikoaren Dibisioa Kudeatzeko eta Garapena Kudeatzeko Arloaren buru Roberto Villarreal Gonda jaunaren bisita hartu du. Bilera SPRIren egoitzan egin da, Bilbon, eta Eusko Jaurlaritzaren Sailaren eta GAID agentziaren arteko harremana sakontzeko eta harreman horretan aurrera egiteko balio izan du, bi alderdien helburua informazioaren eta komunikazioaren teknologiak garapenerako tresna gisa erabil daitezen sustatzea eta bultzatzea baita. Horretaz gain, etorkizunean elkarlanean jarraitzeko aukera aztertu dute. Bilera horretara Eusko Jaurlaritzaren Europako Gaietarako zuzendari Irune Aguirrezabal andrea ere bertaratu da.

Politika- eta erakunde-arloko bilera horren ondoren, beste bilera tekniko bat egin da. Bilera horretan, Eusko Jaurlaritzak adierazi du IT4ALL sarea programetan aitzindaria dela, eta GAID agentziak bere estrategia berria aurkeztu du; bilera amaitzeko, bi erakundeen arteko lankidetza-hitzarmen bat lortu ote daitekeen aztertu dute eta Eusko Jaurlaritzak etorkizunean izango duen zeregina definitu dute.

IT4ALL
IT4ALL sarea/Informazioaren Gizarterako Tokiko Agintarien Sarea munduko tokiko agintarien (hirietakoak, eskualdeetakoak eta deszentralizatutako Administrazioaren bestelako instantzietakoak) artean lankidetzan eta elkartasunean jarduteko tresna da, pertsona guztiek Informazioaren Gizartean sarbidea izateko. Tresna horren aitzindaria Eusko Jaurlaritza da 2003az geroztik eta berak garatu du. Gaur egun, IT4ALL sareak lortu du tokiko agintarien sare nagusietako bat izatea munduan, eta elkarlanean jarduten du nazioarteko elkarte nagusietako batzuekin eta tokiko agintarien erakundeekin eta IKTekin. Betebeharrei dagokienez, munduko erreferentzia-sarea da.

GAID
IKTekin lotutako gaiak garapenerako tresna gisa modu integralean landuko dituen foro global bat sortzeko premia identifikatu ostean, 2006an Aliantza Globala (GAID) sortu zen, Nazio Batuetako idazkari nagusiaren onarpenarekin. Gaur egun, Sarbuland Kahn da jarduneko koordinatzaile eragilea, nahiz eta Roberto Villarreal Gonda jauna dagoeneko izendatu duten GAIDeko koordinatzaile eragile berri. Roberto Villarreal Gonda jaunak, mexikarra, Massachussets-eko (Cambridge) Teknologia Institutuko Ekonomia Doktoretza du, baita Mexikoko Unibertsitateko (Mexiko Hiria) Ekonomiako maisutza ere, eta Monterreyko (Monterrey, Mexiko) Teknologia eta Goi-mailako Ikasketen Institutuko Industria eta Sistema Ingeniaritzan ‘summa cum laude’ lizentziaduna da.

IT4ALL Sarearen eta GAID Agentziaren arteko akordioa
IT4ALL Sareak, 2006an, lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuen GAIDekin, GAIDen tokiko agintarien ordezkaritza izateko, Informazioaren Gizartearen esparruan tokiko agintarien eta bitarteko gobernuen arteko lankidetza sustatzearren. Sinadura horren ondorioz, Eusko Jaurlaritzako kideak GAIDen gobernu-organo nagusietako kide bihurtu dira: Estrategia Kontseilua, Goi-mailako Aholkularien eta Txapeldunen Sarea. GAID agentziaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lehen lankidetza-hitzarmena 2006koa da, eta bigarren akordioa, berriz, 2008an sinatu zen.

Partekatu

Beste berri batzuk