Negozio aukerak Peru eta Estonian

Bizkaia

SPRI Taldeak antolatutako Intergune2015 foroaren lehenengo jardunaldian euskal enpresariek bertatik bertara ezagutu dituzte beste herrialde batzuetan inbertitzeak dakartzan abantailak. Peruk aukera handiak eskaintzen ditu internet, berrikuntza eta garapen arloetan, hain zuzen Euskadiko arlo indartsuenetako batzuetan. Estoniak zerga sistema ezin hobea du, Sozietateen gaineko Zergak ez baitu mozkinen gainean tributatzen, baizik eta banatutako dibidenduen gainean.

intergune2015-jornada-1Intergune2015 foroaren bidez enpresek posible dute jakitea beren proiektu eta ekimenek baduten aukerarik atzerrira irteteko, eta foroaren lehenengo jardunaldian euskal enpresariek zuzenean ezagutu dituzte Peru eta Estoniak eskaintzen dituzten negozio aukerak. SPRI Taldeak (Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpeko enpresen garapenerako euskal agentziak) antolatutako foro honetan, konpainiek bertatik bertara galdetu, egiaztatu eta aztertu ditzakete beren negozio proiektu eta ekimenek baduten aukerarik gure mugetatik kanpo irteteko, eta nolanahi ere badakite Eusko Jaurlaritzaren laguntza dutela nazioartekotzeko.

Bernardo Muñozek, Peruk Espainian duen enbaxadako aholkulari ekonomiko eta komertzialak, Perun inbertitzeko aukerak azaldu ditu, zeren, krisialdi globala gorabehera, Peruk %2,5eko hazkundea izan baitzuen iaz eta, aurreikuspenen arabera, %4raino haziko baita 2015ean.  “Krisi globala bizi badugu ere, Peruk hazten jarraitzen du barneko merkatuagatik. Hazten jarraitzen du, agintaritzan dagoen gobernua gorabehera. Agintzen duena sektore pribatua delako”.

Muñozek azaldu du zein negozio aukera dagoen internet, berrikuntza eta garapen arloetan (hain zuzen, Euskadiren arlo indartsuenetako batzuetan), “azkenetarikoak garelako interneterako sarbidean eta berrikuntzan”. Muñozek nabarmendu du Espainia dela lehenengo inbertsiogilea, “9.000 milioi inguruko inbertsioa egin eta 500.000 zuzeneko eta zeharkako lanpostu sortu baititu. Espainiak 2.000 milioi ordaintzen ditu zergatan”. Peruko enbaxadako ordezkariak adierazi du iazko lizitazio publikoetan 10.000 milioi dolarreko esleipenak egin zirela eta esleipendun gehienak Estatuko enpresak izan zirela, bestalde, azpiegitura arloko inbertsio aukerak ere azpimarratu ditu. “7.000 kilometroko errepideak ditugu eraikitzeko”.

Ingeniera Aplicada XXI enpresako zuzendari tekniko Pedro Crespok Perun izan duen esperientzia azaldu du. Enpresak bi kontratu izan ditu Repsolen birfindegi batentzat, bata lanak gainbegiratzeko, eta bestea, lan arriskuen prebentziorako. Crespok esan du sukurtsal baten bidez kokatu zirela Perun, eta ezarpen prozesua “ez zela izan konplikatuegia”, baina argi esan die enpresei lanaldia hemengoa baino luzeagoa dela, astean 48 orduz lan egin behar delako astelehenetik ostiralera, eta langileen ostatatze kostuak “garesti samarrak” direla.

Estoniako enbaxadako ordezkariak, Kersti Luha-k, azaldu du bere herrialdea 14. postuan dagoela negozioak egiteko erraztasunak ematen dituzten munduko herrialdeen rankinean, zor gutxien duen herrialdeetako bat dela (%10), aurten %2,5eko hazkundea espero duela eta iazko langabezia-tasa %6,3koa izan zela.

Javier Ortiz de Artiñanok, SPRIren Herrialde Baltikoetako aholkulariak, Estoniari buruz hitz egin du, zeinak 90 milioiko merkatua baitu. Abantaila handiena da Sozietateen gaineko Zergak ez duela mozkinen gainean tributatzen, baizik eta banatutako dibidenduen gainean. “Diru hori kutxa barruan geratzen bada, ez da tributatzen. Zerga-paradisuen pareko zerga-sistema du. Fiskalitate hain onuragarria eskaintzen du, ezen hara joaten denak han geratu nahi baitu. Ezein herrialdek ez du halako zerga abantailarik eskaintzen”.

Ortiz de Artiñanok esan du Errusia bezalako erraldoi batekin negozioak egin nahi duenak, hobe duela Estoniatik egitea zergak ordaintzeko sistema bikoitzagatik (herrialde batean baino ez da tributatzen). Herrialde txikia da eta balio erantsi handiko enpresetan zentratu da. “Hotmail eta Skype esaterako Estonian sortu ziren”. Estatuko enpresa oso gutxi dago, aipagarrienetako bat CAF euskal enpresa da, “eta oso ondo doakio”. Ez-ordaintzeen kasuan, Estoniak azkar baino azkarrago jokatzen du. “Ordaindu gabeko zorrak dituenak, onez onean edo txarrean ordaindu beharko ditu urtebetean eta txarrenera ere urte eta erdian”.

Partekatu

Beste berri batzuk